Zerga politika errotik aldatzeko eskatu du ELAk Iruñean, «UPNren legeak indarrean segitzen baitu»

Salatu du EH Bilduk eta Zurekin Nafarroak ez dutela marra gorririk ezartzen. Sozietate zergan %25eko gutxieneko tasa eta lau urtean behin enpresak ikuskatzea proposatu du. 2025ean, gutxieneko soldatari buruzko herri ekinaldi legegileak bultzatuko ditu.

(ID_14513412) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2024-11-13, Iruñea. ELAren manifestazioa fiskalitate politikak salatzeko
ELAren manifestazioa Sarasate pasealekuan. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2024ko abenduaren 13a
14:54
Entzun

«Kezkatuta gaude. Yolanda Barcinak [UPNren azken lehendakariak] duela hamar urte utzi zuen Nafarroako Gobernua, baina haren legeek indarrean diraute; adibidez, zerga arloan». ELAk manifestazioa egin du zerga sistema bidezkoago bat eskatzeko, eta, amaieran, Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak adierazi du zerga eredua «errotik» aldatu behar dela. «Kalera atera gara erabateko aldaketa fiskala eskatzeko. Gutxi biltzen da, modu bidegabean egiten da eta iruzur fiskala baimentzen da».

Manifestazio aurretik, Nafarroako Antzerki Eskolan batzartu dira sindikatuko ehunka ordezkari. Bertan, hizpide izan dute aurrekontuei eta zerga neurriei buruzko ELAren analisia, eta, bide batez, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko proposamena entzun dute.

Ordu eta laurdeneko ekitaldiaren ostean, Sarasate pasealekurantz joan dira manifestazioan, Aldaketak hamar urte... eta fiskalitatean noizko? lelopean. Elizondoko Benito Menni zahar etxeko eta Antsoaingo Afede jolas dendako langileek kartelak eraman dituzte, Iruñeko kaleetan haien gatazka ikusarazteko. Bihar, 11:30ean, Bilboko Jesusen Bihotzetik manifestazioa egingo dute, Fiskalitatean ere... Madril eredu? lelopean.

ELAren kritika

Ekitaldian, Lakuntzak logikotzat jo du eskuineko indar politikoek zergak jaistearen alde egitea, baina kezkagarria deritzo ezkerreko alderdiek, batik bat EH Bilduk eta Zurekin Nafarroak, eredu hori «ontzat jotzeari». Haren ustez, «ulertezina» da egungo adostasun zabala. «Hemen inportanteena ez da zer adosten den, baizik eta ados jartzea. Ez da marra gorririk jartzen, eta, ezkerrak estutzen ez badu, ez dira herritarren behar sozialak jasotzen»,  

Izan ere, 2025eko zerga neurrien lege proiektua eztabaidagai dago orain parlamentuan. Goizean eztabaidatu dira gobernuak aurkeztutako proiektua osatzeko zuzenketak, eta, akordio orokorrik ez badago ere, lege hori aurrekontuenari lotuta dago. Lakuntzaren ustez, «txanpon beraren bi aldeak» dira, eta abenduaren 19an onartuko den legeak «enpresen pribilegioak handituko ditu, eta erraztasun gehiago emango dizkie».

«Hemen inportanteena ez da zer adosten den, baizik eta ados jartzea. Ez da marra gorririk jartzen»

MITXEL LAKUNTZA ELAko idazkari nagusia

Horren aurrean, Hego Euskal Herriko bi legebiltzarretan oinarrizko proposamena egin du: sozietate zergan gutxieneko tasa %25era igotzea, eta «etekinetan bildutako lau eurotik bat ogasun publikoari ematea»; errenta eta ondare handiei zergak igotzea; eta zerga ikuskaritza bermatzea, lau urtean behin enpresa guztien kontuak ikuskatuz. «Ez da beste munduko gauza; ez da eskaera iraultzaile bat. Gehiago bilduko litzateke, eta modu bidezkoago batean. Justizia fiskalik gabe, ez dago justizia sozialik». Ohartarazi du pobrezia arriskua nola handitu den Nafarroan urtebetean: lehen, 95.000 nafar zeuden arrisku horretan, eta, orain, 114.000 nafar daude.

UPNk eta CEN patronalak, aldiz, presio egiten diote gobernuari esanez Nafarroa «zerga infernua» dela, eta ogasunak kolokan jartzen duela konpainien lehiakortasuna. Hala, enpresaburuek iragan astean antolatutako ekitaldi batean, Txibitek esan zuen enpresa gehienek mugakide dituzten lurraldeetan baino zerga gutxiago ordaintzen dituztela, eta seitik bostek Espainiako erregimenekoek baino fiskalitate apalagoa dutela.

Hori entzunda, ELAk oharra hartu du: «Zer esan nahi digu Txibitek? Funtsean, diru gutxiago dagoela, eta enpresek jartzen ez dutena langileek ordaintzen dugula». Lakuntzak gogora ekarri du azken bi urteetan Nafarroako konpainiek inoizko irabazirik handienak izan dituztela. 

«Zer esan nahi digu Txibitek? Funtsean, diru gutxiago dagoela, eta enpresek jartzen ez dutena langileek ordaintzen dugula»

MITXEL LAKUNTZA ELAko idazkari nagusia

Zerga politika bidezkoaren aldarriarekin batera, ELAk berretsi du datorren urtean herri ekinaldi legegilea bultzatuko duela Nafarroako Parlamentuan eta Eusko Legebiltzarrean, Hego Euskal Herrian 1.795 euroko gutxieneko soldata ezar dadin. «Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak eskumena exijitu dezatela, hemen erabaki dezagun gutxieneko soldata», aipatu du Lakuntzak. Kanpaina egingo dute, eta, haien ustez, ez da aski izango adierazpenak egitea. «Gaur egun Madrilen ezartzen den gutxieneko soldata ez da erreferentzia Euskal Herriko ezein langilerentzat». 

Mitxel Lakuntza, manifestazioa amaitu ondoren adierazpenak egiten. IÑAKI PORTO / EFE
Mitxel Lakuntza, manifestazioa amaitu ondoren adierazpenak egiten. IÑAKI PORTO / EFE

Ekitaldian etxebizitzaren gaia ere izan dute hizpide. Lehenik, Madrilen eta Bartzelonan 2017an sortutako maizterren sindikatuko kide Alberto Martinezek euren borrokaren nondik norakoak azaldu dizkie ELAko afiliatuei.

Gero, ELAko AItor Mungiak gogora ekarri du Nafarroan etxebizitzaren prezioak batez beste %26 handitu direla, eta alokairuenak, %46. Hala, uste du 2022an Espainian onartutako etxebizitzaren legea ez dela nahikoa. Dena den, lege hori Nafarroan aplikatzeko orduan, proposatu du lurralde osoa tentsio handiko eremu izendatzea eta alokairuko etxejabe guztiei neurriak ezartzea. Halaber, gaineratu du kanon bat ezarri beharko litzaiekeela etxe hutsei.   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.