Zerga ihesaren itzalak Juncker harrapatu du

EBk agindu du gutxiago ordaintzea errazteko Luxenburgok mundu osoko 340 enpresarekin itxi zituen tratuak ikertuko dituela

Ivan Santamaria.
2014ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Iraganaren itzalak ziztu bizian harrapatu du Jean Claude Juncker. Ez da oraindik astebete igaro Europako Batzordeko presidente kargua hartu zuenetik, eta lehenbiziko eskandaluari aurre egin beharko dio. Hain zuzen ere, Luxenburgok multinazionalei zerga ihesa errazteko egin zituen tratu sekretuei buruzko informazioa argitaratu da. Akordioen garaian Juncker zen dukerriko lehen ministro, eta, urte askoan, baita Finantza ministro ere.

Pepsi, Ikea, FedEx, AIG, Deutsche Bank eta mundu osoko 340 enpresa multinazionalek baino gehiagok itun propioak negoziatu zituzten Luxenburgoko zerga agintariekin. Horiei esker, ordaindu beharreko zerga faktura nabarmen murriztea lortu dute. Beste herrialde batzuetan egindako salmentak edo lortutako irabaziak dukerrian kokatutako filialetara bideratu izan dituzte. Luxenburgon sozietate zergaren tasa %29 da, baina beherapen oparoak onartu zaizkie konpainiei, eta, ondorioz, askorentzat ordaindu beharreko tasa %1 edo txikiagoa izan da.

Infomarzioa zabaldu zuen erakundea ICIJ da, Nazioarteko Ikerketa Kazetarien Partzuergoa. Price Waterhouse Cooper (PWC) aholkularitza enpresan izandako filtrazio baten bidez lortu du partzuergoak informazioa. Azaleratu diren dokumentuen arabera, gisa horretako 538 zerga tratu negoziatu eta itxi zituen PWCk Luxenburgoko agintariekin, enpresen mesederako.

550.000 biztanle baino ez ditu Luxenburgok, eta Europako Batasunaren fundatzaileetako bat da. Hala ere, nazioarteko inbertsio zentrorik handiena da,AEBen atzetik. Milaka enpresak filialak kokatu dituzte dukerrian, nahiz eta han salmenta edo negozio oso urriak izan. Aspaldikoa da araudiek praktikan zerga paradisu bihurtzen duten susmoa eta salaketa. Herrialdeak beti ukatu ditu akusazioak.

Juncker, «lasai»

Argitaratu eta berehala, Luxleaks izena hartu du eskandaluak. Informazioaren berri izan ondoren, Margaritis Schinas EBko bozeramaile buruak ziurtatu du Jean Claude Juncker «lasai» dagoela. Hala, Bruselako Lehia agintariek argitaratutakoa ikertuko dutela ere aurreratu du. Junckerrek ez duela ikerketa horietan parte hartuko ere gaineratu du.

Luxenburgoren zerga araudiari begira zeuden Bruselako agintariak. Hain zuzen ere, Amazon eta Fiat multinazionalei ezarritako zerga araudiei buruzko ikerketa dago martxan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.