Zerga erreforma ez dute aurten onartuko, proposamenak urte amaieran aurkeztuko badituzte ere

Zerga bilketak beste marka bat hautsi badu ere, iragarri baino 700 milioi gutxiago bilduko dira aurten, mutualistei egin beharreko itzulpenak direla eta. Datorren urtean, berriz, %7,7 handituko da. Zerga erreformaren eragina 2026ko bilketan nabarituko da.

Hiru foru aldundietako, Eusko Jaurlaritzako eta Eudeleko ordezkariak, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Hiru foru aldundietako, Eusko Jaurlaritzako eta Eudeleko ordezkariak, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
2024ko urriaren 15a
20:10
Entzun

Aurten ez da zerga erreformarik izango azkenean. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek iragarri dute fiskalitateari lotutako aldaketak ez direla urte amaierarako helduko, proposamenak aurkezteko konpromisoari eusten badiote ere. 2020. urtetik dago zintzilik erreforma, baina COVID-19aren pandemiak, inflazio handiak eta hauteskunde zikloak bost urtez luzatu dute prozesua. Edonola ere, erreforma baino gehiago, zerga sistemaren «moldaketa» bat izango dela iradoki dute erakundeek, oraingo sistemak oro har funtzionatzen duela argudiatu baitute. Horren seinale, 2025ean aurten baino 1.400 milioi gehiago lortzea espero dutela.

Hasteko, datuak. Zerga bilketa uste baino apalagoa izango dela onartu dute Eusko Jaurlaritzak eta diputazioek. Gaur bildu den Finantzen Euskal Kontseiluan, kalkulatu dute 18.301 milioi euro bilduko dituztela ogasunek urte amaieran, aurreikusi baino ia 700 milioi gutxiago (-%3,7). Ia zortzi urtez Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek aise gainditu dituzte bilketaren iragarpen zuhurrak —2020an salbu, COVID-19a dela eta—, baina 2016az geroztik lehen aldiz, iragarritakoaren azpitik geratuko da bilketa.

1967. urtea baino lehen mutualitate batean kotizatu zutenei dirua itzuli beharrak egin du ustekabeko zuloa ogasunen kutxan: ia 800 milioi eurokoa izan baita denera. Handiegi utzi du horrek iazko urrian egindako 19.000 milioi euroko bilketaren iragarpena. Edonola ere, agintariek adierazi dute horrek ez duela murrizketarik ekarriko, azken urteetan pilatutako soberakinekin eta datorren urtean zergen bidez jasoko den diru gehigarriarekin zuloa estaltzeko gai izango direlako.

Esaterako, Arabako Aldundiak azpimarratu du udalek ez dutela dirua itzuli beharko. Gipuzkoak eta Bizkaiak, berriz, ez dute argitu nola konpentsatuko duten bilketaren jaitsiera, baina nabarmendu dute erakundeen finantzaketa «arrisku partekatuan» oinarritzen dela, eta, beraz, erakunde guztiei eragingo diela iragarpena bete ez izanak. Bat egin du mezu horrekin Esther Apraiz Eudeleko presidenteak ere, baina ohartarazi du udalek «erronka handiak» dituztela, eta horiei aurre egiteko baliabideak bermatzeko eskatu du.

«Foru aldundiek kaudimena erakutsi dute, gai izan baitira beren kontuak eguneratzeko pentsiodun horiei dirua itzuli behar izan badiete ere», nabarmendu du Noel D’Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak bere estreinako agerraldian. Mehatxuak mehatxu, ogasunen oparotasun aroa ez baita amaitu. Izan ere, mutualistei dirua itzulita ere zerga bilketak beste marka bat ezarriko du beste urte batez.

Ondo bidean, aurten iaz baino 100 milioi euro gehiago bilduko direla aurreratu dute (+%0,5), enpleguak txukun eutsi diolako ekonomiaren motelaldiari eta enpresek 2022an izan zituzten emaitzak hobetu egin zituztelako iaz. Horrela, errenta zerga %2,4 jaitsiko dela kalkulatu dute, eta sozietate zerga, berriz, %7,6 handituko dela. BEZaren bidez bildutakoa ia parekoa izango da (-%0,2), eta zerga berezien bidez jasotakoa, ostera, %7,6 handiagoa.

Diru gehiago

Mutualisten ordainketen pisua gainetik kenduta, zerga bilketa are gehiago handitzea espero dute datorren urtean ere. Zehazki, BGP barne produktu gordinaren %4,3ko hazkundeari lotuta igoko da bilketa ere. Modu homogeneoan, gainera: %7,7 handituko baita Araban eta Bizkaian, eta %7,9 Gipuzkoan. Dirutan, 19.717,6 milioi euro dira guztira, aurten baino 1.417 milioi euro gehiago. Inoiz baino diru gehiago da hori.

Bilketaren suspertzea errenta zergaren bitartez izango da, hain justu ere, aurten baino 731 milioi gehiago biltzea espero baita. Kontsumoak ere gora egitea aurreikusten da, eta BEZ zergaren bitartez 547 milioi euro gehiago bilduko direla kalkulatu dute. Jaurlaritzarentzat izango dira bildutako hamar eurotik zazpi: 13.200 milioi euro. Bizkaiak jarriko du erdia baino zertxobait gehiago: 6.649 milioi (%50,37); Gipuzkoak, 4.434 milioi (%33,59), eta Arabak, 2.117 milioi (%16,04). Kutxa partekatu horretan jarri beharreko kopurua baino gutxiago bilduko dutenez, Egokitzapeneko Funtsetik ehun milioi jasoko ditu Arabak, eta 77 milioi Gipuzkoak.

Horiek horrela, erakunde guztiek baliabide nahikoa izango dute 2025eko aurrekontuak ontzeko. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak aurreko astean iragarri zuen inoizko aurrekonturik handienak izango direla. Gobernuak hilaren 29ko gobernu bileran onartuko du bere proposamena, Eusko Legebiltzarrean gehiengo jeltzaleen eta sozialisten gehiengo osoarekin onartu aurretik.

Zailtasunak

Legebiltzarrean bezala, Bizkaiko Batzar Nagusietan ere gehiengoa dute EAJk eta PSEk; ez, ordea, Araban eta Gipuzkoan. Hirugarren baten babesa behar dute aurrekontuak onartzeko, eta, beraz, baita zerga erreforma onartzeko ere. Araban datorren astean hasiko dituzte aurrekontuen inguruko negoziazioak, eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak ez du baztertu biak batera egitea.

Mendozak adierazi du bere gobernuak akordioetarako borondatea baduela, eta proposamen guztiak entzuteko prest dagoela. Ez du zailtasuna ezkutatu, halere. Negoziazioak «modu diskretuan» egingo dituztela adierazi du, beste gai batzuk ere mahai gainean dituztelako. 

Hiru aldundiek nabarmendu dute, dena den, zerga erreformaren proposamenak urte amaieran aurkeztuko badituzte ere haien eragina 2026ko bilketan nabarituko dela, testuek datorren urtearen hasieran jasoko baitute batzar nagusien onespena.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (3)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.