Zerga erreforma aurten onartu nahi dute diputazioek, oraindik egutegi zehatzik ez duten arren

Aldundiek hausnartzeko «behar den denbora» eskatu dute: «Presak ez dira onak». Hirugarren urtez jarraian, zerga bilketak markak hautsi ditu: 18.212 milioi euro bildu dira.

(ID_13287437) (Endika Portillo/@FOKU) 24-10-2023, Gasteiz. Datorren urterako aurrekontu proiektua aurkeztu du Pedro Azpiazu Ogasun ...
Pedro Azpiazu, Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburua, artxiboko argazki batean. ENDIKA PORTILLO / EFE
aitor biain
2024ko otsailaren 12a
21:10
Entzun

Zerga bilketa uste baino hobeto joan zen iaz, eta aurreikuspen guztiak gainditu zituen beste urte batez. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunek 18.212 milioi euro bildu zituzten 2023an, aurreko urtean baino 1.080 milioi euro gehiago (+%6,3). Inoizko kopururik handiena da hori. Bada, datu horiek eskuetan, hiru ahaldun nagusiek adierazi zuten zerga erreformarako presarik ez dutela, indarrean dagoenak balio duelako egungo nahiz etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Aldaketez hausnartzeko «behar den denbora» eskatu dute, baina aitortu duten urte amaierarako zerbait etor litekeela.

Finantzen Euskal Kontseiluak bilera egin zuen atzo, Gasteizen, joan den urteko zerga bilketaren likidazioa adosteko. Hizpide izan zituzten gaien artean ez zegoen zerga sistema aldatzearena, baina kazetarien galderei erantzunez, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak aitortu zuen erreforma «aurten» onartzeko konpromisoa dutela hiru foru ogasunek. Azpimarratu zuen, hala ere, aldaketa ezein dela ere, hiru herrialdeek elkarrekin onartu beharko dutela, eta, beraz, Gipuzkoako Batzar Nagusietan martxan den lantaldeak bere lanak amaitu arte itxarongo dutela.

Zerga bilketa
 

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak gogorarazi zuen, hain zuzen ere, sei hilabeteko beharko dituztela horretarako, eta «denbora» beharko dutela gero ondorioak jaso eta lege forma emateko. «Presak ez dira onak», ohartarazi zuen Mendozak, aldaketarako aukera hoztuz. «Zerga erreforma konplexua da, eta etorkizuna jokatzen ari gara».

Izan ere, Mendozaren hitzetan, «fiskalitatea ez da dirua biltzeko tresna soilik, aberastasuna sorteko herraminta ere bada». Hala uste du Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak ere: «Fiskalitatea aldundiok daukagun tresnarik garrantzitsuena da herritarren arazoak konpontzeko». Eta adierazi zuen ogasuneko teknikariak jada aztertzen ari direla zein aldaketa egin behar diren.Ez dezala inork «iraultzarik» espero, dena den; egitekotan, moldaketa txikiak egingo dira. 

Agintarien esanetan, garrantzitsuena etorkizuneko erronkei erantzuteko gai izango den sistema bat izatea baita. Demografia, etxebizitza, berdintasuna edo trantsizio ekologikoa dira, besteak beste, erronka horiek. Aldundiak aztertzen ari dira, halaber, lanbide arteko gutxieneko soldata jaso eta errenta aitorpena egitetik salbuetsita daudenen egoera. Izan ere, Madrilek 1.134 eurora igo duenez, aitorpena aurkeztu beharko lukete aurrerantzean horiek ere, gutxieneko kopurua gainditzen dutelako. 

Bi zerga berri

Ekonomiaren bolada ona dago zerga bilketaren datu ikusgarrien atzean, Eusko Jaurlaritzaren ustez, BPG barne produktu gordinaren %1,8ko hazkundeari lotuta handitu baita bildutakoa. Zuzeneko zergetan nabaritu da hazkundea, batez ere. Iaz, gainera, bi zerga berri ere bildu ziren: plastikozko ontziei jarritakoa (25,4 milioi euro) eta zabortegietako hondakinena (10,7 milioi).

Bildutako hamar eurotik zazpi Jaurlaritzarentzat izango dira: 12.074 milioi euro. Egokitzapen funtsetik Arabak 58 milioi jasoko ditu, eta Gipuzkoak, 76. 

Datorren urteari begira baikor da Pedro Azpiazu Ogasun sailburua,  zergen bitartez 19.000 milioi euro biltzea espero baitu; beste marka bat ezarriko luke horrek. Hain zuzen ere, zortzi urteren ostean, atzokoa izan zen Azpiazuren azken finantzen kontseilua, ez baita berriro sailburu izango. Agurreko mezuan, eskerrak eman zizkien mahaiaren bueltan izan dituen ordezkariei: «Ika-mika batzuk ere izan ditugu, baina beti lortu dugu ados jartzea. Hori da garrantzitsuena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.