Zerga sistema

Zerga bilketak iragarpenak hautsi ditu, eta 16.000 milioi euroren atarian geratu da

Urrian esandakoa baino 384 milioi gehiago bildu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek. Errenta zergak gainditu egin du 2019ko maila, eta BEZa hurbil dago.

Finantzen Euskal Kontseiluaren azken bilera, urrian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko urtarrilaren 26a
12:20
Entzun

Inbertsioetan aurten jauzi handia egiteko eta %50 handitzeko haizea alde izango zela aldarrikatu zuen Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak, 2022rako aurrekontuak aurkeztu zituenean. Diru itxura du haize horrek, ez soilik Europatik etorriko denak edo maileguen bitartez merke lor dezakeenak, baizik eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerga sistemetatik lor dezakeenak. Alde horretatik, kexurik ez du izango, bilketa historikoa izan delako 2021ekoa, eta hori hobetuko dela espero baita 2022an.

Gipuzkoako Ogasunak gaur eman du 2021ean bildutakoaren berri, eta Arabak eta Bizkaiak aurreratutakoa baieztatu zuen: zerga bilketa uste baino hobea izan da. Finantzen Euskal Kontseiluaren azken bileran, urrian, iaz 15.578 milioi euro bilduko zirela aurreikusi zuten hiru aldundietako ogasunek eta Azpiazuren sailak, baina abenduaren 31rako 15.962,2 milioi sartu dira kutxetan, hau da, 384,3 milioi gehiago. 2020an baino 2.013 milioi gehiago dira (+%14,4).

Bilketa horrek agerian utzi du Finantzen Euskal Kontseiluak oso zuhur jokatu zuela 2020ko urrian, 2021erako lehen aurreikuspena egin zuenean: 14.250 milioi jasoko zirela iragarri zuen, azkenean jaso dena baino 1.712 milioi gutxiago.
Aurtengorako aurreikuspenak ere zuhurregia dirudi orain. Urrian iragarri zuten aurten 16.290 milioi euro sartuko zirela aldundien kutxetan, hau da, 2021erako kalkulatutakoa baino 712 milioi gehiago (+%4,5).

Baina 2021eko azken hiruhilekoan bilketak izandako bilakaerarekin, orain 300 milioi euro eskas beharko lirateke prebisio hori betetzeko, hots, %1,8 gehiago. Igoera apalegia dirudi, batez ere kontuan hartuta jarduera ekonomikoak jauzi handi bat egitea espero dela. Eusko Jaurlaritzaren beraren aurreikuspen berrituek diote aurten hiru lurraldeetako BPG barne produktu gordina %6,7 handituko dela.

Ezohiko sarrera bat

Gipuzkoak 5.340,1 milioi euro jaso zituen iaz zergetan, 2020an baino %15,2 gehiago. Bizkaiak 8.136,1 milioi bildu zituen (+%14,2) eta Arabak 2.486,1 (+%13,9). Hiruetan gainditu dituzte 2019ko datuak ere.

Enpleguak izan duen bilakaera onak errenta zergaren bilketa sendoa ekarri du, eta BEZak berreskuratu egin du 2020an galdutakoaren zati handi bat, kontsumoaren suspertzearengatik.

Edonola ere, izan da beste faktore koiuntural bat ere: Espainiako Estatuak 421 milioi eman dizkie foru ogasunei, hidrokarburoen BEZaren itzulketarekin zuten aspaldiko eztabaida batean galtzaile atera delako.
Zerga nagusiei dagokienez, PFEZ errenta zergaren bitartez 6.114,3 milioi bildu dituzte hiru ogasunek, aurreko urtean baino %8,2 gehiago. Igoera handia da, batez ere kontuan hartuta errenta zerga izan zela 2020an gutxien sufritu zuena (-%1,1), neurri handi batean aldi baterako enplegu erregulazioek eragotzi zutelako hamarnaka mila langile langabezian geratzea aldi luze baterako.

Kontsumoak jauzi handia egin zuen 2021an 2020arekin alderatuta, itxialdiarik ez zelako izan, ostalaritzak muga txikiagoak izan zituelako, eta aurreko urtean pilatutako aurrezkiaren zati bat kontsumora bideratu delako. Horren ondorioz, aldundien kudeaketa zuzeneko BEZaren bidez 4.116 milioi jaso dituzte foru ogasunek, aurreko urtean baino 581 milioi gehiago (+%16,4). Horrenbestez, zerga horrek praktikoki berreskuratu egin du pandemian galdutakoa —4.129 milioi bildu zituen 2019an—.

Sozietate zerga, herren

Sozietate zergak, berriz, 2019ko kopuruetatik oso urrun jarraitzen du, orduan baino 159 milioi gutxiago bildu baitzituen iaz (-%12,1). Edonola ere, izan da hobekuntza bat 2020arekin alderatuta —103 milioi euro, +%9,9—, atzeratutako ordainketa batzuk gauzatu direlako. Bilketa uste baino handiagoa izan da, aldundiek %1,1eko hazkundea bakarrik espero zutelako.

Sozietate zergaren pisuak nahiko apala izaten jarraitzen du, bilketa osoaren %7,2ra ez baita heltzen. Ehuneko hamarretik gorakoa izan zen hainbat urtez, eta %8,6 izan zen 2019. urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.