Urte erdia igaro da dagoeneko, eta zerga bilketa esperotako bidetik doa. Ekainera arte %6 handitu baita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek bildutakoa, aurreko urteko epe berarekin alderatuta. Guztira, 6.819 milioi euro dira hiru foru ogasunek bildutakoa, Finantzen Euskal Kontseiluan ezarritako bilketa helburua baino zertxobait gehiago —%5,6 handituko dela kalkulatu zuten—. Bizkaiak bildu du gehien: 4.093 milioi euro; Gipuzkoak 1.798 milioi metatu ditu, eta Arabak 928,9 milioi. Dena den, Araban hazi da gehien bilketa urte arteko tasan: %14,7; Gipuzkoan %6,2 igo da; eta Bizkaian, %4,2.
Inflazioaren eragina zerga bilketan ere islatzen ari da azken hilabeteetan, eta kontsumoari lotutako zeharkako zergetan izandako bilakaera ona da horren adibide. BEZ zergak igoera nabarmena izan du Araban eta Gipuzkoan, %35,4 eta %14,8 handitu baita, hurrenez hurren; Bizkaian, ordea,%9,2 gutxiago bildu da zerga horren bitartez.
Inflazioa bezainbat izan ez bada ere, soldatak ere handituegin dira, eta hori guztia errenta zergan ere islatu da: %11,4 handitu da Bizkaian, %5 Araban, eta %2,6 Gipuzkoan. Sozietate zergaren bidez, enpresen irabaziak zergapetzen dituen zergaren bitartez alegia, %27,6 gehiago bildu du Bizkaiko ogasunak, %26,4 gehiago Arabakoak, eta %7 gutxiago Gipuzkoakoak.