Zerga bilketa %4,2 handitu da ekainera arte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Kanpaina iazkoa baino hobea izan arren, lortutako irabazi gehigarria ezerezean gera daiteke, ogasunek mutualistei itzuli beharko dieten dirua dela eta.

Gipuzkoako Ogasunaren bulego bat. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Gipuzkoako Ogasunaren bulego bat. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko uztailaren 15a
13:00
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunen bilketa %4,2 hazi da urteko lehen erdian: guztira 7.108,6 milioi euro bildu dituzte. Urte hasiera okerragoa izan da Bizkaiarentzat beste bi lurraldeentzat baino. 4.142,2 milioi bildu ditu, aurreko urteko aldi berean baino %1,2 gehiago. Igoerarik handiena Gipuzkoan izan da: 1.933 milioi (%9,3 gehiago). Arabako ogasunak 1.000,4 milioi bildu ditu (%7,7 gehiago).

Bizkaian, zuzeneko zergen bilketa %7,7 handitu da (1.987,4 milioi guztira). Baina zeharkako zergen bidez %4,8 gutxiago bildu dute, 1.938 milioi. Gipuzkoan %9,3 gehiago bildu duten zuzeneko zergetan (1.015 milioi), eta %1,8 gehiago zeharkakoetan (815 milioi). Araban, zuzenekoak %5 handitu dira (454,3 milioi), eta zeharkakoak, %10,6 (483,6 milioi).

Mutualisten zuloa

Datuak iazkoak baino apur bat hobeak badira ere, hiru ogasunek «zuhurtzia» eskatu dute. Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, zerga bilketak 19.000 milioi euro ingurukoa izan behar zuen urte amaieran, baina aurreikuspen hori egin zuenean ez zuen kontuan hartu mutualisten erreklamazioekin lotuta ogasunek itzuli beharko duten dirua.

Izan ere, 1967 baino lehen mutualitate batean kotizatu zutenek eskubidea baitute egindako ekarpen horiek itzultzeko. Bizkaiak eta Gipuzkoak jakinarazi dute 2023ko aitorpenetan auzi horrengatik zenbat itzuli duten: 107 milioi euro Bizkaiak, eta 38 milioi Gipuzkoak. Araban ez dute kopuru zehatza eman, baina hogei milioi eurotik gorakoa izango dela kalkulatu dute.

Orain, beste lau urteko itzulketak gehitu beharko dituzte ogasunek, 2019tik 2022rakoak. Horiek dira preskribatu ez duten urteak, Espainiako Auzitegi Gorenaren ebatzi zuenez. Kasu horietan, ogasunek ez dute ofizioz jardungo, 2023ko errenta aitorpenetan egin duten bezala. Erreklamazioa aurkeztuko duten herritarrei bakarrik itzuliko diete dirua.

Berrikuspen horiek abian dira jada, eta urtea amaitu baino lehen prozesu hori amaitzea aurreikusi dute ogasunek. Lehen kalkuluen arabera, uste da itzulketa horiek guztira 700 eta 800 milioi euro arteko zuloa eragingo dutela hiru ogasunetan: 400 milioi inguru Bizkaian, 200 Gipuzkoan eta 100ndik gora Araban.

Horiek hala, diru hori guztia aurten itzuliko balute, ordainketa horrek praktikoki jan egingo luke aurtengorako espero zen diru bilketa gehigarria. Izan ere, Finantzen Euskal Kontseiluak kalkulatu du aurten 19.000 milioi euro bilduko dituztela ogasunek, iaz bildutakoa baino 788 milioi gehiago.

%0,1

Defizit muga. Espainiako Gobernuak autonomiei jakinarazi die datorren urtean eta 2027ra arte BPGaren %0,1eko defizita izan dezaketela gehienez. Nafarroako Gobernuarentzat 25 milioi euro inguru dira, eta Jaurlaritzarentzat, berriz, 86 milioi. 2020tik 2023ra etenda egon ziren kontu publikoak orekatzeko derrigortasuna, pandemiaren ondorioei aurre egiteko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.