Enplegua. Sektoreen aldaketa. Juan Miguel Garcia. Soziologiako doktorea

«Zerbitzuetako langileek klasea osatzen dute, horrela sentitzen ez badute ere»

Ongizate estatua argaldu ahala, langile klase berri bat agertu da. Gaur egun, industriako proletargo klasikoa ordezkatu du zerbitzu sektoreko langile talde heterogeneo berri batek.

BERRIA.
2013ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Langile klase berri bat sortu da azken urteetan, hala dio Juan Miguel Garcia Nogueroles soziologiako doktoreak. 1977. urtean jaio zen La Vila Joiosan (Alacant). Alacanteko Unibertsitatean egin zituen soziologiako ikasketak. Tesi eta doktoretza urteak, berriz, Bartzelonako Unibertsitatean (UAB). Aurtengo maiatzaren 29an, doktoretza lortu zuen Zerbitzuetako langile klase berria: 1999. eta 2008. urteen arteko azterketa tesia aurkeztua.

Aurtengo irailetik aurrera, institutu bateko irakasle ez ezik, Bartzelonako Unibertsitateko lan erlazioen teoriako irakasle laguntzaile ere arituko da.

Zerk bultzatu zintuen tesia idaztera?

Ongizate estatua argalduz doan heinean, bizirik irauteko era bakarra kapitala lortzea dela ondorioztatu dute soziologiako hainbat lanetran. Gaur egun, zoritxarrez, lan egitea da bizirik irauteko beharrezkoa den diru hori lortzeko era bakarra. Halaber, lan guztiak ez dira berdinak, edo, behintzat, ez ditugu horrela hautematen. Kontua da erlazio zuzena dagoela lan mailaren eta bizi-mailaren artean. Harreman horri jarraikiz, lanaren kalitatea aztertzeari ekin nion.

Zergatik izenburu hori?

Lanaren kalitatea aztertu nahi nuen, era zabalean. Hala ere, handik gutxira, ezinezkoa zela konturatu nintzen, eta denbora eta geografia eremuak mugatzea erabaki nuen. Hortaz, 1999. eta 2008. urteen arteko epea hautatu nuen, ekonomiaren alorrean azken 50 urteetako arorik loriatsuena izateagatik. Bestalde, Bartzelonako hiria aukeratu nuen eremu geografiko gisa, ateratako ondorioak erraz zabaldu ahal izateko beste eremu batzuetara. Tesiaren izenburua osatzeko, azterketaren ondoriorik garrantzitsuena erabili nuen: zerbitzuen sektorean bada langile klase berri bat.

Nork osatzen du klase berri hori?

Langile talde oso heterogeneo batek osatzen du. Klasearen zati handi bat dira emakumeak, baita gazteak ere. Atzerriko pertsona ugari aurkitu daitezke, baita eraikuntzako sektoreko edo kualifikazio apaleko lana galdu berri duten gizonak ere.

Zer ezaugarri komun dituzte?

Profil askotarikoak izan arren, badituzte ezaugarri komun batzuk: horiek guztiek kualifikazio apaleko lanak egiten dituzte. Enpresa txikietan eta eskulan ugari behar duen zerbitzuen sektorean egiten dute lan gehienek, hau da, mekanizazio gutxiko lanetan; hala nola ostalaritzan, garbiketan, saltokietan eta pertsonen zainketan. Kasurik gehienetan, soldata apalak jasotzen dituzte malgutasun handiko lanorduen truke. Ikerketan lortutako emaitzen arabera, hamar langiletik hiruk betetzen dituzte baldintza horiek guztiak.

Aldera al daiteke klase berria historian izandako beste batekin?

Langileria klase berri horrek industrializazio garaiko proletargoa ordezkatzen duela esatera ausartuko nintzateke, desberdintasunak asko badira ere.

Zein dira bi klaseen arteko aldeak?

Proletargoan langile taldea homogeneoagoa zen: gehienak industria handietan lan egiten zuten gizonezkoak ziren. Gaur egun, berriz, oso pertsona desberdinek osatzen dute talde hori. Bestalde, proletargoan klase kontzientzia handiagoa zuten, eta horren erakusgarri da sindikatuek bazutela indarra eta langile mugimendua gailendu zela. Zerbitzuetako langileen kasuan, berriz, ezin ukatuzkoa da klase bat osatzen dutela, kasik langileriaren herena osatzen baitute. Hala ere, ez dute horrela sentitzen. Kale bukaeran lan egiten duen tabernariak, pareko espaloian lan egiten duen okinarekin zerikusi gutxi duela sentitzen baitu. Hori da sindikatuen indar txikiaren arrazoi nagusia.

Zein antzekotasun dituzte?

Langile klase berriak ez du bat direlako sentimendurik, oraindik. Hala ere, ez dakit horrela gertatuko den edo nik nahi dudana den, baina langile mugimenduak ez dira egun batetik bestera sortzen. Hortaz, ekintza kolektiboak aurrera eramatea izango da klase berriaren erronka nagusia; industrializazioaren garaian proletargoak izandako erronka berbera. Esango nuke, beraz, ekintza kolektibo hori dela langileen erronka eta itxaropena.

Ekintza kolektiboa da irtenbidea?

Nik argi daukat baietz. Espainian gaur egun sei milioi inguru langabe daude, eta baldintza ekonomiko eskasagoak dituzte horiek, klase berria osatzen dutenekin alderatuz. Klase horren erronka izango da, euren artean indartzeaz gainera, langabeekin biltzea. Gizartean duten pisuarekin lan aukera handiago izango lukete lan baldintza eskasak eta muga sozialak bukatzeko .

Zein da azterketaren ondorioen iturburua?

Nire tesiaren zuzendariaren aholkuz, lan kalitatea neurtzen duen inkesta (ECVT) erabili nuen. Inkesta horretan, datu objektibo zein subjektibo ugari aurkitu nituen; hala nola langile bakoitzaren lanorduak, soldatak eta lankideekin duten erlazioa. Datu horietaz gain, adituei zein langileei hainbat inkesta eta galdeketa egin nizkien; datuak datu, langileen hitzak baitira errealitatearen ispilu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.