Zerbitzuen indarrak Laboral Kutxaren baikortasuna hauspotu du

Bankuaren ikerketa taldeak asko hobetu ditu duela sei hilabete eginiko iragarpen ekonomikoak. Interes tasen beste bi jaitsiera espero ditu aurten, eta lau 2025erako.

Joseba Madariaga, eskuinetara, Laboral Kutxaren txostenarekin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Joseba Madariaga, eskuinetara, Laboral Kutxaren txostenarekin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2024ko uztailaren 4a
13:25
Entzun

Laboral Kutxaren ikerketa departamentuak «ustekabe positiboa» hartu du Hego Euskal Herriko ekonomiak urte hasieran izan duen bilakaerarekin, eta asko hobetu ditu iazko abenduan eginiko iragarpenak. Aurreikuspen berrien arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko BPGa %2 haziko da aurten, eta Nafarroakoa, %2,1. Abenduan, %1,4ko igoera iragarri zuen bi eremuetarako.

Enpleguak ere hazten jarraituko dela uste du, eta, horrenbestez, urte amaieran langabezia tasa %7,5era jaitsiko da EAEn, eta %9,4ra Nafarroan.

Inflazioan, berriz, ez du jaitsiera handirik espero: %3,2 EAEn, eta %3,1 Nafarroan.

Eta zeintzuk dira baikortasun horren arrazoiak? Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa departamentuko zuzendariak hiru gako aletu ditu: «Zerbitzu sektorea erakusten ari den indarra, lan merkatuaren dinamismoa —enplegua sortzen jarraitzen delako— eta kontsumoa. Aurrezki poltsa bat dagoela ikusten da hor». Izan ere, bankuko ikerlariek ikusi dute pandemian pilaturiko aurrezki poltsak oraindik eragina duela ekonomian. Dena den, ohartarazi dute aurrezki horiek oso modu desorekatuan daudela banatuta, eta gizarte sektorerik aberatsenek dutela aurrezki gehien.

«Euskal industriaren bezero handiak Alemania eta Frantzia dira, eta ez daude ondo».

JOSEBA MADARIAGALaboral Kutxako ikerketa departamentuko zuzendaria

Jarduera ekonomikoa iazko azaroan hasi zen hobetzen; lehen seihilekoan eutsi egin dio, eta lehen hiruhilekoko hazkundea espero zuten baino 0,3 puntu handiagoa izan da. «Susperraldi zikliko horrek eraman gaitu aurreikuspenak hobetzera», zehaztu du Madariagak.

Zerbitzuen sektorea indartsu dago; industria, ordea, ez. Iaz, industria jarduna %0,3 hazi zen bakarrik, eta aurten hobeto hasi du urtea, baina Madariagak bezeroen egoera nabarmendu du: «Euskal industriaren bezero handiak Alemania eta Frantzia dira, eta ez daude ondo. Alemanian, esaterako, apaldu egin dituzte aurtengo BPGaren  iragarpenak, %0,4tik %0,2ra».

Arnasa mailegua dutenentzat

Azken bi urteetan ekonomia gehien baldintzatu duten aldagaietako bat inflazioa izan da, eta, Laboral Kutxaren ustez, 2025ean hartuko du lur %2an. Aurtengorako %2,4ko tasa espero du eurogunean, eta hurrengo urtean lortuko litzateke interes tasak igota espero zen helburua. Orduan, zer egingo du Europako Banku Zentralak? «Aurtengo neguan tasen beste bi jaitsiera espero ditugu, eta hurrengo urterako, lau. Baina tira, tentuz ibili behar da: abenduan esan genuen urte honetarako bost jaitsiera espero genituela, eta asko jota hiru izango dira».

Madariagaren ustez, EBZk beldur handia dio inflazioari, eta, iaz garestitzearen «zuzenketa handia» egin ondoren, ez dio berriz ere puzten utzi nahi. «Lan kostuak igo egin dira aurten, langileek inflazioaren eraginez galdutako erosahalmena berrekuratu dutelako lan hitzarmenei esker. Kostuen handitze horrek, baina, eragin txikia izan du momentuz prezioetan. EBZk unean uneko argazkiaren araberako erabakiak hartuko ditu». Dena den, gehitu du ekonomiaren egoera onak presa kendu diela interes tasen jaitsierei.

2025A, inflazio osteko garaia

Sei hilabete falta dira urtea amaitzeko, baina Laboral Kutxak 2025erako lehen iragarpenak egin ditu, hainbat banku eta enpresaren txostenak aztertuta. Hego Euskal Herriko daturik ezean, Espainiakoei erreparatu die, besteak beste datu horrek zehazten dituelako soldata eguneraketak. Bada, KPIari dagokionez, aurtengo %3,1ekoaren ondoren, %2,2koa espero du 2025erako. BPGa, berriz, gutxiago igoko da: %1,9. Eurogunean, bestalde, eta esan bezala, KPI %2raino jaitsiko dela uste du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.