Zerbitzuak sendo eta industria ahul, BPG %1,6 haztea espero du Laboral Kutxak

Hego Euskal Herriko ekonomiaren aurtengo aurreikuspena hiru hamarren hobetu du, abendutik hona. Zerbitzuen sektorea indartsu indartsu badago ere, «agortzen ari den zantzuak» ditu, finantza erakundearen arabera a

Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa bulegoko arduraduna. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2023ko ekainaren 29a
19:14
Entzun

Sei hilabeteren buruan, aurtengo aurreikuspen ekonomikoak zertxobait hobetu ditu Laboral Kutxak. Abenduan, Hego Euskal Herriko ekonomiaren 2023ko koadro makroekonomikoa prestatzerakoan, azaroaren hasiera arteko aldagaiak zituen eskuartean. Haatik, ordutik energiaren kostuek behera egin izanak edo Txinak COVID-19ari aurre egiteko kontrol neurriak kentzeak koadroa hobetu dute.

Hala, Hego Euskal Herriko ekonomia %1,6 haztea espero du Laboral Kutxak, abenduan egindako aurreikuspena baino hiru hamarren gorago. «Bereizi egin behar industria eta zerbitzu sektoreak. Industria ahulezia nabaritzen da; zerbitzuetan, aldiz, jarduera maila nabarmena da», azpimarratu du Ibon Urgoiti Laboral Kutxako Negozio Garapeneko arduradunak.

Bilbon zein Iruñean, EAEko eta Nafarroako ekonomiaren iazko txostenak aurkeztu dituzte Urgoitiak eta Joseba Madariaga ikerketa bulegoko arduradunak. Ez diote soilik iazkoari erreparatu eta aurrera ere begiratu dute. Sei hilabeteetan zifrek hobera egin arren, «dena ez da argia», Madariagaren hitzetan. «Industrian zalantzazko egoera dago. Mundu mailan datuek ahulezia erakusten dute, Europan are gehiago. Eta zintzo izateko, ez dakigu zeintzuk diren arrazoiak».

Madariagaren arabera, datuak onak dira. Batetik, lehengai energetikoek behera egin dute —gas naturalak %80 eta petrolioak %40 inguru—. Bestetik, enpresen artean egindako galdeketek erakusten dute hornidura kateko arazoak jada ez direla hain nabarmenak, «banaketa epeak murrizten ari direlako». Hala eta guztiz ere, zalantza da nagusi industrian.

Zerbitzuen sektorean, egoera guztiz bestelakoa da. Lan merkatua sendo izateak eta kontsumitzaileen goranzko joerak mesede egiten diote sektoreari. Dena den, jokabide on hori agortzen ari den zantzuak ikusten ditu, batik bat diru politikaren ondorioz.

Azpiko inflazioa, arazo
Madariagak argi du Europako Banku Zentralak ez duela politikaren ildoa aldatuko inflazioa handia den bitartean. Berez, iazko uztailetik Hego Euskal Herriko KPIk nabarmen egin du behera, %11 ingurutik %3,5era, baina EBZ kezka nagusia azpiko inflazioa da, %6 inguruan baitago. «Erakutsi du uste baino iraunkorragoa dela, eta presio egiten ari zaie banku zentralei».

EBZk gaurdaino %4raino igo ditu interes tasak, baina goranzko bidea ez du agortu: «Ekainaren 15eko bilkurak argi utzi du igoera gehiago etorriko direla». Hala, uztailean interes tasak berriro igoko direlakoan dago , eta «oso litekeena da» irailean ere egitea. «Zerbitzu sektorea sendo eta euroaren eremuko langabezia tasa %6 inguruan izanda, aukera handiak daude soldatak igotzeko eta hori ez da bateragarria EBZk nahi duen [%2ko] inflazio tasarekin». Horregatik, Madariagaren ustez, «inflazioaren aurkako borroka ez da amaitu, zoritxarrez».

Apurka ekonomian eragiten ari da. Apirileko datuen arabera, Finantza erakundeek enpresei eta familiei banatutako maileguen hazkunde erritmoa moteltzen ari da. «EBZren maileguei buruzko azken inkestaren arabera, hala eskaintzaren nola eskariaren ondorioa da, eta espero liteke joera hori areagotzea aurreikusitako interes tasen ondorioz. Horregatik, zentzuzkoa da pentsatzea hirugarren hiruhilekotik aurrera diru politikak BPGn eragitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.