Zerbitzu publikoa mantentzeko greban daude Ipar Euskal Herrian

Irakasle, SNCFeko langile, erizain eta lurralde egituretako langileek manifestazioa egingo dute Baionan

Erredakzioa
Baiona
2010eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Arlo ugaritako funtzionarioak greban daude gaur, Ipar Euskal Herrian. Izan irakasleak, lurralde egituretako langileak, erizainak, SNCFako langileak... denek ber helburuarekin lana utzi dute: zerbitzu publikoaren mantentzea galdatzeko. FSU, SUD, SE Unsa, CGT, Solidaires, SGEN eta CFDT sindikatuek deitu dute Baionan 10:30ean abiatuko den manifestaziora.

Erretiratzen diren bi funtzionariotik bat ez ordezkatzea dauka helburu Frantziako Gobernuak,eta, hori lortzeko, hainbat erreforma dauzka bidean.

Irakaskuntzan, irakasle postuen murrizketa sendi da azken urteetan. Lizeoari eta irakasleen prestakuntzari buruzko erreformak ber logikan daudela ikusirik, kezkaturik daude irakaskuntza arloko sindikatuak.

Osasungintzan ere, Roselyne Bachelot Frantziako Osasun eta Kirol ministroak egin nahi duen erreforma gaitzetsiko dute. Osasun arloa erabat berrantolatzea da Bachelot legea-ren helburua, sail horretan ere erizain kopurua txikituz.

Lurralde egituretako langileak berrantolaketaren erreformaz kezkaturik daude. Hau da, berrantolaketa hori egiteari buruz, erantzunik gabeko hainbat galdera daude. Horrez gain, zerga profesionalaren kentzeak diru iturri inportant bat desagerrarazten duela salatzen dute. Duela urtebete, urtarrilaren 29an, gaurko aldarrikapen berekin manifestatu zuten 15.000 lagunek Baionako karriketan.

LAB borroka zabal baten alde

«Epe luzerako mugimendu zabal eta bateratu baten» antolakuntza beharrezkoa da, LAB sindikatuaren iritziz. Hau da, hainbat arlotan gertatzen diren borrokak «ez dira koordinatuak, eta sektorialak eta sakabanatuak gelditzen dira». Alta, bakarka gertatu diren borrokek «borrokatzeko eta ihardukitzeko langileek nahikeria» islatzen dutela ikusirik, elkartzearen deia zabaltzen du sindikatuak.

Hori dela eta, elkarte, alderdi, pertsona eta sindikatu ugari biltzen dituenez gero, Oldartu kolektiboan parte hartzeko gomita egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.