Jose Antonio Gorbea. UAGAko lehendakaria

«Zerbait egin behar dugu landan belaunaldi txandaketa egon dadin»

Arabako Nekazarien Elkarteko lehendakari berriak aurreko zuzendaritzaren ildoekin egingo du aurrera, eta laguntza eskatu die administrazioei herrialdeko hiltegia martxan jartzeko.

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Jose Antonio Gorbea UAGAko lehendakari izendatu zuen atzo sindikatuko batzar orokorrak. Erretes Lantenoko abeltzainak Yolanda Urarte ordezkatu du, lau urteren buruan. 48 urte ditu, eta haragitarako behiak ditu. Gorbearekin batera, beste zazpi lagunek osatuko dute zuzendaritza. Idoia Arrazola izango da lehendakariordea datozen lau urteetan.

UAGA gidatzeko ardura hartu berri duzu. Zerk bultzatu zintuen horretara?

Norbaitek zer edo zer egin behar zuen. Talde bat elkartu ginen, egoeraz hitz egin, eta hortik sortu zen hautagaitza. Espero genuen beste hautagaitzaren bat ere aterako zela, baina ez da horrela izan, zoritxarrez.

Zaila da jendea sindikatuko lanean sartzea?

Geroz eta ustiategi gutxiago gara, eta jendea, geroz eta helduagoa. Jarduerari buruzko ikuspegia nahiko ezkorra da. Jendeak ez du nahi. Gainera, egunero zeure ustiategian duzun lanetik aparte, sindikatua aurrera ateratzeak ere lana eskatzen du.

Sindikatua zuzendu duen aurreko zuzendaritzaren lana zer iruditzen zaizu?

Ondo egin dute, gauza asko mugitu dituzte. Esaterako, genero kontuei garrantzi handia eman diete. Ekimen txiki interesgarriak abiatu dituzte. Produktuak zuzenean saltzeko denda, minda putzuak eta hiltegia. Proiektu hasiberriak dira, eta eraman nahi dugun lan ildoarekin bat datoz, nekazarien eta abeltzainen arteko sinergiak handitzeko.

Datozen urteei begira, zein izan behar du zuzendaritza berriaren lehentasuna?

Landan belaunaldi txandaketa egon dadin zerbait egin behar dugu. Geroz eta gutxiago geratzen da. Erakunde publikoek esaten dute urtean 20-30 gazte sartzen direla nekazaritzan, baina ustiategi kopuruarekin alderatzen baduzu, oso gutxi dira. Sektorean sartzea bokaziozko ekintza da. Enpresa batean errazagoa da langile bat ordezkatzea, baina ofizio honek lan eta denbora asko eskatzen du.

Krisiak gizarte osoa jo du. Sektoreak aldez aurretik zituen arazoei beste batzuk gehitu dizkio?

Etengabeko krisian dagoen sektorea gara. Azkenean, kanpoan gertatzen denak ere eragin handia du. Landako lehengaiekin espekulazio handia dago, bitartekari handien esku hartzeak. Orain ere gasolioa %30 garestitu da, eta geuk ezin ditugu geure produktuen prezioak igo, esku hartutako merkatuak direlako. Eta esku hartutako merkatuak ez direnetan, banaketa enpresa handiek baldintzatzen gaituzte, kikiltzen gaituzte, nolabait.

Bistan da nekazaritzan aritzen direnen kopuruaren jaitsiera. Zer-nolako tresnak behar dira egoera horri buelta emateko?

Ez dakit posible den egoerari buelta ematea. Behintzat, geratzen direnek alde egin ez dezaten saiatu behar dugu. Ustiategi bat ixten denean ondorio sakonak ditu, beste bat hutsetik abiatzea oso garestia eta zaila delako. Nik neuk ustiategia gurasoen eskutik jaso nuen, eta haiek nire aitona-amonengandik. Bakoitzak bere lana egin du, handitu du, hobetu du zegoena. Gaur egun, posible da ustiategi batean eremu handiagoak lantzea, baina geratzeko pizgarri ekonomiko eta sozialak beharrezkoak dira.

Zuen lana ez dela behar bezala ezagutzen uste duzu?

Geure lanak ekarpen soziala ere baduela onartzea gustatuko litzaidake. Herriak dinamizatzen ditugu, gu gabe ez lirateke existituko, eta kalitatezko produktuak ekoizten ditugu.

Abeltzaina zara, eta UAGAk Araban hiltegi bat izateko bultzatu duen ekimenean interes berezia izango duzu, ezta?

Haragi Artean elkarteko bazkidea naiz, bai. Harakinak, ekoizleak eta sektore guztia ados jarri gara Araban hiltegi bat egiteko, herrialdearentzat ezinbestekoa delako. Nik, esaterako, behiak Donostiara eraman behar izateak kosteak biderkatzen ditu. Egokiena zirkuitu laburrak dira: Araban hiltzen diren abereak hemen kontsumitu ahal izatea.

Zer falta da, orduan?

Interes politikoa. Ireki ahal izateko laguntza eskatzen dugu, baina gero hiltegi bideragarri eta errentagarri bat izan nahi dugulako. Administrazioek ez lituzkete horren galerak euren gain hartuko.

EHNEn jarraituko du UAGAk?

EHNEk lanean jarraitu behar du, geure oinarria da, geure ordezkaria herrialde osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.