Zer da itun ekonomikoa?
Nafarroaren eta Espainiako Erresumaren arteko finantza harremana arautzen duen akordioa da. 1841. urtean sinatutako Lege Itunduan du jatorria: lehen karlistada amaituta, Nafarroako jatorrizko erregimena desegin zuen Madrilek, eta lurraldea Espainiaren administrazioan sartu zuen. Baina finantza autonomia onartu zion, bere zergak kudeatzeko eta biltzeko ahalmena. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak erregimen hori lortu zuten bigarren karlistadaren ondoren. Espainiako 1978ko Konstituzioak euskal lurraldeen eskubide historikoak aitortu ondoren, itun ekonomikoa Nafarroako Foru Hobekuntzaren parte da.
Eta zer da ekarpena?
Itun ekonomikoaren ondorioz urtero Nafarroak estatuari ordaindu behar dion zatia da. Madrilen eskumenak ordaintzeko da diru hori: kanpo harremanak, azpiegitura batzuk —aireportuak, trenbideak—, armada, koroa, espetxeak... Gainera, Nafarroak bere gain hartzen du Espainiaren zorpetzearen zati bat, eta lurraldeen arteko konpentsazio funtsa elikatzen du.
Beti berdina da?
Ez. Legeak dio bost urtean behin berritu behar dela, eta berritu den urteko kopuruaren gainean egin behar direla azken kalkuluak. Baina atzerapenak ohikoak dira: EAEren kupoa bost urte berandu berritu dute aurten, eta Nafarroaren ekarpena, berriz, 2015ean zen berritzekoa.
Orduan, nola kalkulatzen da?
Kalkuluaren oinarrian Espainiako aurrekontuak daude. Nafarroaren eskumenen zenbatekoa kentzen zaie, eta gainontzekoari —Madrilen eskumenei—, egozpen indizea ezarri. Nafarroarena %1,6 da 1990az geroztik, hura delako Espainiaren ekonomian duen pisua —biztanleen arabera egingo balitz, %1,34 izango litzateke—. Geratzen den kopuruari itundu gabeko sarreretan Nafarroaren zati proportzionala kendu behar zaio —aduanak, defizita, finantza eragiketak eta transferentziak—. Azken emaitza da ekarpen likidoa, eta horren gainean egiten dira azken kalkuluak, zerga batzuen dirua nola banatu erabakitzeko.
Zer dira itun ekonomikoa eta ekarpena?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu