Borondatezko gizarte aurreikuspenerako erakundeak dira. Hau da, pentsio publikoaz gain herritarrei pentsio osagarri bat ematen dieten erakundeak. Pentsio plan arruntekiko aldea da Eusko Legebiltzarrak araututako tresna bat direla, eta kudeaketa bazkideek egiten dutela. Esaterako, Gipuzkoako metalgintzatik sortutako Geroa BGAEko gobernu batzordean, hamahiruna kide dituzte Adegik eta sindikatuek.
Nork jartzen du dirua?
Bi BGAE mota nagusi daude. Batetik, norbanakoenak, bankuek bultzatutakoak; horietan diru guztia bazkideak jartzen du. Enplegukoetan, ordea, hilero langileak soldataren zati bat baztertzen du BGAErako eta enplegatzaileak beste zati bat jartzen du.
Noiz jasotzen da dirua?
Enplegukoetan, erretiroa hartzean jasotzen da, dena batera. Norbanakoetan, lehen ekarpena egin eta hamar urtera jaso daiteke.
Zenbat langilek dute?
502.194 langilek dute enplegu BGAE bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta beste 645.801ek norbanakoa. Erakunde horiek guztira 29.081 milioi euro kudeatzen dituzte. Batez besteko errentagarritasuna %4,9koa izan zen iaz.
ZER DIRA BGAE-AK?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu