Zentro teknologiko guztiak bateratuz, eraginkortasuna nahi du Jaurlaritzak

Aste batzuk barru abiatuko da BRTA Basque Research and Technology Alliance partzuergoa. Mendaron izango du egoitza. Berrantolaketak IK4 desegitea eragingo du

xabier martin
2019ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapeneko Sailaren aspaldiko asmoa zen zentro teknologikoen mahaian kolpe bat eman, eta kartak beste era batera antolatzea. Gasteizek eraginkortasun handiagoa nahi du zentro teknologikoen inguruan, besteak beste, bikoizketak ekiditeko; koordinazioa hobetu, sinergia handiagoa lortu eta emaitza zehatzak lortzea da xedea. Antolaketa berri batek eta diru laguntzen banaketa desberdin batek (horien kontrola handituz) helburu horretan lagunduko duela uste du.

Bada, duela hiru urte hasitako prozesuak badu izen-abizeneko emaitza: Basque Reasearch and Technology Alliance, BRTA partzuergoa. Mendaron izango du egoitza (Gipuzkoa), Kurutz-Gain industrialdean, eta koordinatuko ditu Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan banatutako hamabi zentro teknologikoak, baita lau ikerketa-zentro kooperatiboak ere. Halaber, SPRI, hiru aldundiak eta Jaurlaritza bera partzuergoaren kide izango dira.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak azaldu zuenez, Gobernu Kontseiluak partzuergoaren estatutuak onartu zituen atzo, eta EAEko ikerketaren gehiengoa kudeatuko duen partzuergoa abian jarriko da urteko lehen hiruhilekoan. «BRTA partzuergoak Euskadiko erronka teknologiko eta industrialei erantzungo die, eta Euskadik nazioartean duen lekua hobetuko du», esan zuen. Berrikuntza maila handiko eskualdeen artean dago EAE, Europako Batasunaren barruan.

2015. urtean ekin zion Jaurlaritzak zientziaren eta teknologiaren sektoreak berrantolatzeko prozesuari. Diru publikoarekin finantzatzen dira haren programa batzuk, eta diru hori modu eraginkorrean erabiltzen dela bermatzea da Jaurlaritzaren asmoa. Partzuergoaren osaketa beste urrats bat da berrantolaketa horretan. Erakunde publikoez gain, honako hauek osatuko dute elkarte berria: Azterlan, CEIT, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Lortek, Tecnalia, Tekniker, Vicomtech, Azti, Neiker zentro teknologikoek, eta CIC Biogune, CIC Biomagune, CIC Energigune eta CIC Nanogune ikerketa kooperatiboko zentroek. 3.540 enplegu ematen dituzte denen artean, eta 283 milioi euroko fakturazioa dute.

Ohar baten bidez, Jaurlaritzak azpimarratu zuen ikerketaren alorrean egindako mugimendu estrategiko sakon horren helburua ez dela zentroen fusioa lortzea, haien arteko koordinazioa bultzatzea baizik. «BRTA arduratuko da agente teknologikoen koordinazioa sustatzeaz, haien jarduerak uztartzeaz eta bateragarri egiteaz». Zertarako? Batetik, «ezagutza sortu eta hura enpresei helarazteko baldintzak sendotzeko», eta, bestetik, «eremu teknologikoan nazioarteko proiekzioa izango duen marka propio bat bultzatzeko».

Herrialde marka sortu eta garatzeak garrantzi handia dauka Ekonomiaren Garapenerako Sailarentzat, eta 4.0 teknologian egiten ari den ahaleginarekin lerrokatzen da. Teknologiaren esparruan, finean, industriarenean, begien bistakoa baita oso mesedegarria dela Euskadi is different moduko mezu bat lantzea munduko merkatuetan. Nazioarteko proiektu handien lehian sartzeko ezinbestekoa da prestigiozko marka bat edukitzea, Alemaniak Fraunhofer elkarteak dituen moduan.

IK4 aliantzaren geroa

Bestalde, zentro teknologien berrantolaketak eragin zuzena izango du IK4 aliantzaren zazpi zentroetan. Ikerlan (Mondragon taldea), Ideko, Lortek, Tekniker, CEIT, Gaiker eta Azterlan hasi dira beren aliantza desegingo duen prozesuan, beste bi kideren irteeraren ondoren: Vicomtech eta Cidetec. Urte amaierarako, IK4 iragana izatea aurreikusi dute. Ordurako, zentro horiek guztiak BRTA partzuergoko kide izango dira.

Haren kide izatea izango baita diru laguntza publikoen iturria bermatzeko modua zentro teknologikoentzat. Ez dute zertan aldatu beren izaera juridikoa, gainera. Zentroek finantzaketaren %20 eta %25 artean jaso izan dute orain arte, Emaitek programaren bidez, batik bat.

Jaurlaritzaren 500.000 euroko ekarpenarekin hasiko da Basque Reasearch and Technology Alliance; SPRIk 100.000 euro jarriko ditu, eta agente teknologikoek, 400.000 euro. Aurrerago, aldundiek ere beren ekarpenak egitea nahi du Gasteizko gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.