Zehaztu dute Araban non jarriko dituzten Ekiolaren eguzki parkeak

Agurain, Amurrio, Arraia-Maeztu, Kuartango eta Zigoitian eraikiko dira, balio txikiko lurretan. Beste parke eoliko bat eraiki nahi dute Gipuzkoan

Erakundeetako ordezkariak, atzo, Agurainen egin zuten aurkezpen ekitaldian. BERRIA.
aitor biain
Gasteiz
2022ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Ekiola energia kooperatibak bost parke fotovoltaiko sustatuko ditu Araban: Agurainen, Amurrion, Arraia-Maeztun, Kuartangon eta Zigoitian eraikiko ditu azpiegiturak, eta dagoeneko zehaztu dute zer lurretan jarriko dituzten eguzki panelak. Arduradunek azaldu dutenez, lursailek hektarea bat hartuko dute; «antropizatuak» dira, balio txikikoak, eta berreskuratu egingo dituzte beste erabilera bat emateko.

Eusko Jaurlaritzak eta Mondragon taldeko Krean ingeniaritzak sustatu dute Ekiola egitasmoa, eta helburua da ekimen publiko-pribatuaren bidez energia berriztagarria sortzeko proiektuak bultzatzea. Enargi Arabako Foru Aldundiaren sozietate publikoak eta Ekiola egitasmoak bultzatu dituzte Arabako proiektuak. Atzo egin zuten aurkezpena, Agurainen (Araba), eta bertan izan ziren erakundeetako ordezkariak.

Lautadan, Aguraingo lurretan jarriko dira plakak, eta hiru megawatteraino instalatzeko aukera emango du; Gorbeialdeakoa Zigoitian ezarriko da —proiektu aurreratuenetako bat da, eta 2,25 megawatterainokoa—. Aiaraldean eraikiko den azpiegitura, ostera, Amurrion izango da, eta 1,7 megawatteraino instalatzeko modua izango da hor; Añanako parkea Kuartangon eraikiko da, eta 1,2 megawatteraino instalatzeko aukera eskainiko du; Mendialdeko parkeak, berriz, Arraia-Maeztukoak, 1,5 megawatteraino instalatzekoa.

Datozen hilabeteetan hasiko dituzte administrazio lanak, proiektu bakoitzari dagokion lursaila lotzean. Eta, tarte horretan, herritarrei proiektuaren inguruko informazioa emateaz gain, bazkideak lortzeko kanpaina ere egingo dute.

«Lehen aldia da lurralde historiko batek, bere osotasunean, tamaina horretako prozesu eta proiektu bati heltzen diola», esan du Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak, berriz, gogorarazi du beharrezkoa dela energiaren alorrean ere beste herrialdeekiko menpekotasuna murriztea. Hori dela eta, gogorarazi du «ezetz» esan zitzaiola bertan egon zitekeen gasa ustiatu eta kudeatzeari, eta ohartarazi du berriztagarriei ere ezetz esanez gero ezinezkoa izango dela energiaren prezioan eragitea.

Haize errota gehiago

Gipuzkoan, bestalde, Madrilgo enpresa batek baimena eskatu du parke eoliko bat eraikitzeko. Green Capital Development enpresak lau haize errota jarri nahi ditu Zizurkil eta Usurbil artean, Ezkeltzu inguruan, Andatza menditik gertu. Guztira, 18 megawatteko potentzia sortzeko azpiegitura eraiki nahi du bertan, Noaua agerkariak jakinarazi duenez.

Ezkeltzukoa ez da haize errotak jarri nahi dituzten leku bakarra. Legution (Araba), esaterako, bost haize errota jarri nahi ditu Plauri Energy enpresak, eta baimena eskatu du horretarako. Eusko Jaurlaritzak tramiteak hasi ditu, EAEko aldizkari ofizialean argitaratu duenez. Guztira, 22,5 megawatteko potentzia izango luke parkeak.

Aurrez, atzera bota zituen Arkamuko eta Iturrietako proiektuak, ingurumen baldintzak betetzen ez zituztelako; aldiz, eutsi egiten die Labrazako eta Azazetako proiektuei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.