Zedarriak-ek «aukera bikaina» ikusten du defentsa industrian, eta sektore hori berreskuratzera deitu du

Ikerketa foroaren ustez, armagintzaren inguruko eztabaidari ekin behar zaio, baita zentral nuklear txikien ingurukoari ere, «inbertsio asko» erakarriko baitituzte. EAEk urtero 5.000 milioi euroko inbertsio publiko-pribatua behar duela nabarmendu du.

Pedro Luis Uriarte Zedarriak-eko zuzendaritzako kidea, aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Pedro Luis Uriarte Zedarriak-eko zuzendaritzako kidea, aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko urtarrilaren 15a
13:30
Entzun

Mario Draghik Europaren lehiakortasuna berpizteko eginiko txosten ospetsua oinarri hartuta, Zedarriak taldeak kopuru bat jarri dio EAEk lehiakor izateko beharrezkoa duen inbertsioari: 5.000 milioi euro urtean. Horietatik %20 diru publikoa izango litzateke, eta %80 pribatua. Zedarriak-en arabera, horren parte bat armagintza industria garatzera bideratu beharko litzateke.

Zedarriak ikerketa foroak Draghiren txostena eta Enrico Letta Italiako gobernuburu ohiak EBren barne merkatuari buruz eginikoa aztertu ditu bere azken ikerlanean. Haren aurkezpena egin dute gaur Bilbon, eta hau Guillermo Dorronsoro Zedarriak-eko zuzendariak aipatu du bi politikari italiarrek «amets europar bat» irudikatu dutela, eta «Euskadi amets horretara gehitu» behar dela. Eta jakin behar dela horretarako diru hori non inbertitu.

Dorronsorok nabarmendu du «aukera bikaina» egongo dela «segurtasun eta defentsa industrian», diru asko inbertituko delako sektore horretan. «Europako defentsa industria berreskuratu behar dugu, Euskadin ia osorik desagertu dena», zehaztu du. NATOren exijentziak direla eta, Europako herrialde askok bere aurrekontu militarra handitu beharko dute, eta horretan oinarritzen da sektore hori suspertzeko aukera.

«Europako defentsa industria berreskuratu behar dugu, Euskadin osorik desagertu dena»

GUILLERMO DORRONSOROZedarriak-eko zuzendaria

Hitza hartu du Dorronsorok, eta ur handitan sartzeko prest agertu da: gehitu du industria nuklearrari berriz ekiteko «apustu garbi» bat dagoela Europan, eta hala egiteko asmoa dutela zentral nuklear txikien bitartez. «Zer egin behar du euskal industriak apustu horien berri izanik?» galdetu du, eta honako hau erantzun: «Eztabaida bat egin behar dugu, eta erabaki behar dugu zeren aldeko apustua egiten dugun».

Deustuko Unibertsitateak Bilbon duen liburutegiko areto nagusian izan da aurkezpena, eta entzuleen artean zen Mikel Jauregi Jaurlaritzako industria sailburua. Hark positibotzat jo du txostena, eta esan du bat egiten duela Zedarriak-ek EAEren eta Europaren inguruan eginiko diagnostikoarekin eta sortu nahi duen eztabaidarekin.

Jaurlaritzak bat egiten du diagnostikoarekin

Defentsa industriaren inguruko eztabaidari dagokionez, Jauregik esan du Zedarriak-ek «aukera eremuak» zehaztu dituela, industria haietara batu dadin. «Gure industriatik gure ekarpena egin diezaiokegu egitasmo europar horri. Gai ezberdinak aterako dira, eta gizarte zibilari helarazi diote eztabaida hori, ez gobernuari».

Argiago hitz egin du Jauregik energia nuklearraren aukeraren inguruan. Nabarmendu du mix energetikoa eta iturri berriztagarriak direla gobernuaren apustua, baina txostenak aurrera begiratzeko premia plazaratzen duela. «Horren barruan etorkizunera begiratu behar dugu, batez ere industria digitalari; izan ere, energia asko behar du, eta pentsatu behar dugu nola sortuko dugun energia hori, isuri gutxirekin». Dena den, zehaztu du oraindik oso goiz dela, eta Zedarriak-ek «eztabaida izpiritua» hartu behar dela.

Zedarriak-en txostenean, egoeraren diagnostikoa egiteaz gain, aholku batzuk ematen dituzte. Esaterako, 2025-2029rako industria plan eraginkor bat eskatu du, eta horretarako zenbait sektore nabarmendu: autogintza, energia berriztagarriak, bioteknologia eta teknologia aurreratuak. Plan hori gidatuko duen industria batzorde baten sorrera ere aipatu du, eta hura finantzatzeko bidean erakundeek aktibo izan behar dutela. «Europan dirua erakartzeko ahalmena indartu behar dugu. Europa zorpetu egingo da, eta haren bila joan behar dugu», azaldu du Dorronsorok.

ORDU ETA ERDIKO SAIOA, MINUTU BAKARRA EUSKARAZ

Zedarriak-en ekitaldiak 300 bat lagun elkartu ditu Deustuko Unibertsitateko liburutegian. Politikari, politikari ohi, enpresari, ordezkari sindikal... asko elkartu ditu. Tartean ziren, besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi izandakoa, eta egungo Jaurlaritzako hainbat sailburu. Ekitaldiak ordu erdiko iraupena izan du, eta aurkezpenak tarteko, bost hizlari egon dira. Gonbidatu berezia Eneko Landaburu izan da, Jacques Delors institutuko aholkularia —Enrico Letta da haren zuzendaria—. Guztira ordu eta erdiko ekitaldia izan da, baina horretatik minutu bakarra izan da euskaraz. Maite de Aranzabal mediku eta zuzendaritzako kideak egin du, eta euskarazko parte hartzean eskerrak baino ez ditu eman.

Horrez gain, beste txostenetan aipatu izan dituzten hainbat ideia ageri dira. Esaterako, oinarri industrial eta teknologikoa indartzea, eta Euskal Herrian sorturiko talentuari eusteko eta erakartzeko baldintzak: «Langile trebatuak joaten ari dira. Ez dira lan baldintzak bakarrik, baita bizi baldintzak ere».

Halaber, Zedarriak foroak uste du Europara eta Europako erabakiguneetara gerturatu behar dela, eta gazteek ez dakitela zer den Europa. «Erabaki estrategikoak hartzen diren gune horietan egon behar dugu». Azkenik, gizarte konpromisoa aipatu du, eta hezkuntza hobetu beharra dagoela.

Txostenaz harago, Pedro Luis Uriarte ekonomialari eta BBV bankuko presidenteorde izandakoak Zedarriak-en zuzendaritza utziko du, eta aurrerantzean kontsulta batzorde berrira igaroko da. Haren tokia Pilar Kaltzada kazetariak hartuko du. Gaur egun Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak Espainian duen ordezkaritzako presidentea da Kaltzada, besteak beste. Horrez gain, Zedarriak-ek bere webgunean gune bat ireki du gizartearen iritziak biltzeko.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (3)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.