Zedarriak: «Gaur egungo kontratuekin ezin da lasai bizi»

Enpresa munduko lobbyak enpleguaren kalitatea bermatzeko «kontratu sozial» berri baten premia nabarmendu du bere azken txostenean, eta uste du hezkuntza dela hura lortzeko bidea.

Lanbide heziketa
Lanbide heziketako ikasleak. Zedarriak-ek hezkuntza dualaren garrantzia goratu du. AITOR KARASATORRE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2024ko urtarrilaren 9a
13:45
Entzun

Zedarriak iritzi taldearen ustez, Euskal Herrian beharrezkoa da enpleguaren kalitatea bermatzeko «kontratu sozial berri bat». Teknologia esponentzialak —inteligentzia artifiziala, teknologia kuantikoa...— zabaltzen ari diren honetan, «enplegu onak» bermatuko dituen oinarri batzuk ezarri behar dira. «Gazteengan itxaropen falta handia ikusi dugu, eta ulertzen dugu: egungo kontratuekin ezin da lasai bizi», onartu du Guillermo Dorronsoro Zedarriak-eko zuzendariak. Tesi hori garatu du bere azken txostenean, eta baita konponbiderako oinarri batzuk ezarri ere: «Langileak trebatu behar dira; formakuntza politiken eta pertsonak birziklatzearen alde egin behar dugu apustu».

Zedarriak plataformak bere aurpegirik sozialena erakutsi du bere laugarren txostenean. Euskalduna jauregian aurkeztu du dokumentua, politikaren eta enpresen arloko jende ezagun askoren aurrean. Enpresa munduko iritzi lobbyak hautsak harrotu zituen bere lehen txostenarekin, baina hartaz geroztik tonua leundu du. Azken honetan, kontratu sozial berri baten premia garatu du, «enpresa onen» eta pertsonen artean adosturikoa, haren premia ikusten dutelako. Dorronsoro: «Egungo enpleguarekin ezin duzu izan nahiko zenukeen bizitza. Aurreko egoera hartara itzuli nahi dugu, enpleguak egonkortasun geografikoa eta zorpetzea ahalbidetzen zizuten diru sarrera batzuk bermatzen zizkizun egoera hartara».

«Egungo enpleguarekin ezin duzu izan nahiko zenukeen bizitza. Aurreko egoera hartara itzuli nahi dugu, enpleguak egonkortasun geografikoa eta zorpetzeko ahalmena bermatzen zituenekora».

GUILLERMO DORRONSOROZedarriak-eko presidentea

Teknologia esponentzialek lan merkatuan izango duten inpaktuan lur hartzean jarri du arreta Zedarriak-ek, eta iritzi dio alde horretatik ondo kokatuak daudela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, baina egokitu beharra daukatela. Txostenaren aurkezpenean, Anton Costas Espainiako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko presidenteak hartu du hitza, eta zerbitzuen sektorerako «industria politika» baten premia nabarmendu du: «Ezingo dugu berreskuratu manufaktura industria; hortaz, enplegu onak sortuko dituen zerbitzuen sektore bat behar dugu. Esaterako, zaintza sektoreko lanak hobetzen lagunduko duena».

Teknologia, langileei laguntzeko

Baina zergatik hori guztia? Zedarriak-ek itxaropen falta handia ikusi duelako gazteen artean iraultza teknologikoa dela eta. «Bere garaian, desindustrializazioari aurre egin genion, eta, orain, honi egin behar diogu aurre. Hori bai, egun orduan baino hobeto prestatuagoak gaude gizarte bezala». Zedarriak-en ustez, alboratu egin behar da inteligentzia artifizialak, teknologia kuantikoak eta halako berritasunek sortzen duten beldurra, eta aukera bezala ikusi: «Teknologia langileen produktibitatea hobetzeko erabili behar da, eta ez haiek algoritmoekin eta robotekin ordezkatzeko», laburbildu du Costasek.

«Ezingo dugu berreskuratu manufaktura industria; hortaz, enplegu onak sortuko dituen zerbitzuen sektore bat behar dugu».

ANTON COSTASEspainiako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko presidentea

Hezkuntza da bidea, Zedarriak-en hitzetan. Azaldu du Europako eskualdeei erreparatuz gero Euskal Autonomia Erkidegoa 70. postuan dagoela berritasunari dagokionez, eta hori hobetzeko herri akordioa behar dela. Horretarako, hezkuntzan hainbat aldaketa egitea iradoki du, eta haren digitalizazioaren eztabaida ireki behar dela erantsi. Era berean, uste du ateak ireki behar zaizkiola atzerriko ikasleak erakartzeko aukerari ere, eta hezkuntza duala sustatu behar dela. Dena den, gazteengandik harago joan behar dela ere zehaztu du. «Langileak trebatu behar dira, eta pertsonak birziklatzeko politiken alde apustu egin».

EH Bildu eta confebask, elkarren alboan eserita.

Zedarriakek bere txostena publikoki aurkeztu zuen lehen aldia izan da. Aurrekoetan ohar bidez egin izan du publiko. Politika eta enpresa munduko jende ugari bildu da Euskalduna Jauregian. Mahai berean egon dira, besteak beste, Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidentea, Eneko Andueza PSE-EEko presidentea, Iker Casanova EH Bilduko Bizkaiko batzarkidea eta Tamara Yague Confebaskeko presidentea.

Azken bi horiek elkarren alboan eseri dira, eta irudi bitxia utzi dute, jakina delako enpresari elkartearen eta koalizio subiranistaren arteko harremana ez dagoela bere onenean. Urrunago joan gabe, EH Bilduk martxoan bere industria proposamena aurkeztu zuenean, Euskalduna Jauregianan hura ere, Confebaskek ez zuen ordezkaririk bidali. 

.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.