Zamaketarien neurriko zapata

Espainiako Gobernuak Bilboko portuko lan gatazka bideratu dezakeen lege aldaketa bat diseinatu du: zamaketariak enpresen agindupeko mutualista bilakatzea.

Bilboko portuko zamaketarien elkarretaratze bat, lankide baten istripu bat salatzeko. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Azken urtea oso nahasia izan da Bilboko portuan. Hainbat gertakariren ekaitz perfektu batek erabat urrundu du normaltasuna: pandemia, brexit-a, Suezeko kanaleko pilaketa, zamaketarien lan gatazka... Baliteke, baina, azken auzi hori konpontzeko bidean egotea, edo bai behintzat fase berri batean sartzeko zorian. Portuaren kudeatzaileak, Espainiako Gobernuak, finko dauden zamaketarien jarduna bermatzeko formula irudimentsu bat diseinatu du: mutualista bilakatzea. Horrek zamaketa enpresen langile bilakatuko lituzke de facto. Enpresariei, baina, ez die grazia handirik egin.

Bilboko portuko zamaketariek 57 eguneko greba egin zuten iaz, urriaren 9tik abenduaren 9ra arte. Portuko agintaritzaren arabera, kalte handiak eragin zituen, lan ikuskaritzak ebatzi arren zamaketarien greba eskubidea urratu zela. Espainiako Gobernuaren esku hartzea erabakigarria izan zen grebaren amaieran, eta modua egin zuen zamaketarien ordezkarien eta Bilboko portuan diharduten lau enpresen —Toro y Betolaza, Berge, S.L.P. eta Cosco txinatarra— arteko bilerak egiteko.

Lan Ministerioak egin zuen artekaritza, eta urtarrilean amaitu ziren bilerak, borondate onerako asmoarekin. Borondate ona, baina, paper gainean islatu beharra zegoen, eta, denborak aurrera egiten zuela ikusita, Espainiako Gobernua izan zen bi aldeen beharrak bateratuko lituzkeen lan harremanaren diseinua hasi zuena. Hasi eta bukatu, PSOEk martxoaren 23an aurkeztu baitzuen legez besteko proposamena kongresuko garraio batzordean. Alderdi guztiek onartu zuten, Voxek izan ezik.

Eta zer dio proposamenak? Oinarrian, aldi baterako lan enpresen legediaren aldaketa bat da. 315 zamaketari finkoen lana —jardunak publiko izateari utzi zionetik jarraitzen dutenak— Bilbo Estiba CPEk arautzen du. Lau zamaketa enpresen artean sorturiko portuko enplegu zentroa da hura. Zamaketarien lan karga oso aldakorra denez, aldi baterako lan enpresa gisa dihardu, eta haren legedia bete behar du. PSOEren proposamenarekin, baina, portuko enpresak CPEaren arduradun izatera igaroko dira. Lotura, akziodun ekonomiko huts batek duena baino estuagoa doa. Beraz, enpresek CPEa desegingo balute —negoziazioetan mehatxu gisa erabili izan dute—, zamaketariak beren agindupeko langile izatera igaroko lirateke. Enpresa bakoitzak langile kopuru jakin bat hartu beharko luke.

Oraingoz, legez besteko proposamena da, baina Espainiako Gobernuak dekretu bidez onartu nahi du uda aurretik, Gorteek berretsita. Haren eragina Bilbotik harago zabalduko litzateke, Espainiaren menpeko portu guztietara. Idazketa, baina, luzatzen ari da: Espainiako Gobernuak Europako Batasunari informazioa bidali dio, eta zamaketarien sindikatuen susmoa da presio handia jasaten ari dela. Izan ere, Asoportek, zenbait zamaketa enpresa biltzen dituen elkarteak, dagoeneko jakinarazi du helegitea jarriko duela. Espainian, sektorearen %15 inguru baino ez dute kontrolatzen Asoporten dauden enpresek —besteak Anescon daude—, baina Bilboko lauretatik bi haren kide dira: SLP eta Toro y Betolaza. Hark argudiatu du formula horrek urratu egiten duela zamaketaren jarduna liberalizatu zuen Europako agindua. Madrilek, berriz, ez du halakorik uste.

Auzitegien eragina

Zamaketarien eta enpresen arteko lan harremana azaltzea ez da erraza. Bi mugarri historiko daude oinarrian. Aurrenekoa, 2003koa: jardunak publiko izateari utzi zion, baina langileek eskubide asko mantendu zituzten. Bigarrena, 2017koa: EBk ebatzi zuen jarduna liberalizatu behar zela, eta Espainiak hiru urteko epea ezarri zion bere buruari liberalizazio hori burutzeko. Iazko maiatzaren 14an amaitu zen epea, baina enpresak kexu dira zamaketariekiko loturak berean dirauelako eta ez dutelako kontrataziorako askatasun osoa. Dena den, hori ere ez da egia, maiz jotzen dutelako Adecco bezalako aldi baterako lan enpresetara itsasontziekin harreman zuzena ez duten lanetarako.

Horrez gain, hainbat dira zamaketarien baldintzak arautzen dituzten hitzarmenak: Espainiako marko lan akordioa —egun bosgarrena onartzeko bileretan daude, zamaketa barneko sektore bakoitzeko lan hitzarmena (kargatzaileena, lurreko langileena...), eta enpresa hitzarmenak. Korapilo horrek makina bat salaketa eta epaibide eragin ditu azken hamarkadetan, eta, egun, garrantzitsuenetako bat ebazten ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean. Otsailaren 23an zamaketarien zerbitzua subrogatu daitekeen ala ez epaitu zuten, eta, bi hilabete geroago, oraindik ez dago ebazpenik. Sindikatuen ustez, ebazpen hori da dekretua atzeratzen ari den aldagaietako bat.

Dekretua onartuko balitz, enpresei dagokie mugitzea. CPEekin zer egin ikusi behar dute. Egun, sindikatuak Bilbon diharduten lauretako batekin hitz egiten ari dira. Hurrengo pausoa aldi baterako kontratua duten zamaketarien lan karga bermatzea izango da. Zamaketariek, oraingoz, elkarrizketa hauspotu nahi dute, eta urrun ikusten dute beste greba bat deitzeko aukera, baina, auzia luzatzen bada, ez dute baztertzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.