Athleticek Espainiako Kopako finala irabazten badu gabarrak apirilaren 11n itsasadarrean egingo duen ibilbideak oso lanpetua du Rikardo Barkala (Bilbo, 1955). Bilboko Portuko Agintaritzak ardura handia du haren antolakuntzan; halere, presidenteak argi esan du gustura hartuko lukeen buruhauste bat dela. 2018az geroztik da Euskal Herriko logistika eta garraio gune handienaren buru, eta jarraitzeko gogoz dago. Hark, gainera, ondo ezagutzen du itsasoa, 11 urtez izan baitzen kargaontzi kapitain. Gaztelaniaz erantzun ditu galderak.
Nola hasi da urtea? Duela gutxi esan zenuen iazko sasoia ez zela txarra izan.
Iaz ia parra egin genuen, eta gure tamainako beste portuak baino hobeto ibili ginen. Ingurukoek %3,5eko beherakada izan zuten, eta guk, %0,11ko igoera, nahiz eta abenduan, ekaitz handiengatik, ontzi batzuk sartu gabe gelditu ziren. Horiek sartu izan balira, %2ko igoera izango genuen. Egoera ikusita, nahiko baikorrak izateko modukoa da igoerarekin amaitu izana. Eta aurtengo iragarpenak onak dira. Bezero handiekin hitz egin dugu, eta urte ona izango da: espero dugu 34 milioi tona mugitzea eta %3ko hazkundea izatea.
Baikorra zara.
Zama likidoek gora egingo dute: gasa, petrolioa... Iaz ere ondo ibili ziren. Zama lehorra asko handitzen ari da, izugarri: iaz %4,6 handitu zen, eta aurten ere asko handituko da. Pentsa, milioi bat tona iristen zaizkigu Santullango harrobitik bakarrik [Kantabria, Espainia]. Karga lehorra hartzeko toki eskaera handia dugu; esaterako, zerealentzat. Klima aldaketaren eraginez, Espainiako uztak okerragoak dira, eta inbertitzaileek ikusten dute zereal gehiago inportatu beharko dela. Oso ondo doan beste jardun bat ferryak eta ro-ro-ak dira — kamioien atoien garraioa, alegia—. Britanny Ferrysek ontzien tamaina bikoiztu du eta beteta datoz Ingalaterratik eta Irlandatik. Gurutzaontziei dagokienez, iaz inoizko markarik onena egin genuen, eta aurten hobetu egingo dugu.
«Karga lehorrak asko handitu dira. Klima aldaketaren eraginez, uztak okerragoak dira, eta inbertitzaileek ikusten dute zereal gehiago inportatu beharko dela»
Horiek datu onak dira, baina edukiontziak asko jaitsi dira: %3,15 iaz eta %8 azken bi urteetan. Joera bat al da?
Jaitsiera orokorra da gure inguruan. Guk munduko egoera sozioekonomikoa nozitzen dugu, baina gure jaitsieraren arrazoi nagusia da gu harrera eta irteera postu bat garela; alegia, gu ez gara tarteko portu bat zamentzat. Hona zamak badatoz, inguruan behar direlako datoz, eta irteten direnak gure inguruko industriaren esportazioak dira. Nik uste dut aurten 500.000 edukiontzien langa pasatuko dugula berriz, eta garraio konpainia berriak gu ezagutzera datoz. Hazteko toki asko dugu; gustatuko litzaidake milioi bat edukiontzietara gerturatzea.
Errusiako gas asko iristen da oraindik. Iaz, esaterako, Ukrainako gerra hasi aurretik baino gehiago.
Ez dago debekatuta eta asko kontratu zaharrak dira. Petroliorik ez da iristen aldiz.
Petronor da portuaren bezerorik handiena. Nolakoa da harekin negoziatzea?
Harremana oso ona da. Bizkaiko Ogasunak jasotzen dituen hiru euro bakoitzeko bat portuko industrialdetik iristen da; alegia, portuaren arlo hori oso garrantzitsua da. Orain erregai sintetikoaren plantarekin dabiltza, eta, joan den astean esan zidatenez, berehala hasiko dira serio lanean.
«Petronorrek esan digu berehala hasiko direla serio lanean erregai sintetikoaren plantaren eraikuntzarekin»
Zer sartzen den eta zer irteten den kontrolatzerik ba al dago? Bere garaian eztabaida handia egon zen Saudi Arabiara zihoazen arma ontziekin, eta protesta ugari izan ziren portuan.
Aduanaren lana da hori. Beti egongo da droga-edo sartzen saiatu daitekeenik, baina aduana dago horretarako. Iritzi publikoa askotan herrialde jakin batzuen kontra jartzen da, egun Israelekin gertatzen den bezala, Gazan jende asko hiltzen ari delako. Hona Israelgo ontzi bat badator, protesta antolatuko da, eta ontzi hori ez da legez kanpokoa. Bere garaian polizoien auziarekin ere manifestazio asko egin ziren. Gizarte kolektiboak dira, eta haien eskubidea dute, baina esango nuke portuan hirietan baino protesta askoz gutxiago egiten direla. Eta badakit zeri buruz ari naizen, zenbait urtez izan nintzen zinegotzi Bilboko Udalean.
Zeintzuk dira zure ardura nagusiak egun?
Tren loturek asko arduratzen naute, eta bereziki hegoaldeko saihesbideak. Ikerketa guztiak eginak dituzte, eta Jaurlaritzakoek esan didate lehen zatiaren lizitazioa berehala iritsiko dela. Guretzat funtsezkoa da. Zama mugimenduen %29 trenez egiten dugu, baina guk trenbidea aldiriekin tartekatzen dugu, eta, normala denez, garraio publikoak lehentasuna du. Trenbidea erabiltzeko tarte gutxi dugu, eta, gauez-eta mugitzen bagara, zarata oso handia da. Pentsa, tren oso luzeak dira, astunak... herri erditik. Zama trenez mugitzea da portuaren etorkizuna, eta, hura handitu nahi badugu, lotura bat behar dugu Iberiar penintsulako goi lautadarekin, eta beharrezko lehenengo pausoa hegoaldeko tren saihesbidea da.
Seranteseko tunelaren kontua ulertezina da.
Saihesbidearen zati bat da, eta orain geldirik dago. Saihesbidearen diseinua eginda dago, Barakaldon duten arazotxo bat izan ezik. Niri Jaurlaritzak esan dit aurten lizitatuko dela obraren lehen zatia: hemendik Olabeagaraino.
Portua txiki gelditu al da?
Egun lurraren %95 dugu betea. AZ-0 kaiko 50.000 metro koadroak martxan jarriko ditugu lehenbizi, eta, gero, erdiko kai muturra handituko dugu. 300.000 metro koadro sortuko dira. Lehen faseko lurzorua betea dago, bigarrena betetzea falta zait. Lur eskaintza hori dugu, baina eskaria askoz handiagoa da. Eta horiek betetzean tokia agortuko da.
Posible al da Serantes mendia jatea?
Ez dut inolako asmorik, ezta txikiena ere, eta ez dago nire planoetan ezta nire proiektuetan ere Serantes mendian sartzea. Baztertuta dago. Bere garaian terraza pare bat egitea okurritu zitzaigun. Gustatzen zait erabaki bat hartu aurretik aukera guztiak aztertzea, batzuk baztertuko ditudala jakin arren. Erdiko kai muturra egiteko material pila bat behar dugu: lurra, harriak... itsasoari jaten diogun tokia betetzeko. Eta okurritu zitzaidan terrazak egin eta menditik jandako materiala han bota zitekeela, bertatik bertara. Baina baztertuta dago. Erdiko kai mutur hori obra publiko handietatik ateratako materialarekin beteko dugu, batez ere itsasadarreko tunel berritik.
Zer egongo da kai mutur berrian?
Nik badakit industria inguru batean bizi garela, alderdi politiko guztiek diotela hura babestu behar dela, eta badakit industriari mesede egin behar diodala. Kai mutur berrian jartzeko jaso ditudan eskaeretako asko industria ingurukoak dira, eta beste batzuk logistikoak. Industriakoek energiarekin dute zerikusia. Orain aukeratu egin behar dugu, eta horretarako kontuan izan behar dugu zer den onena gizartearentzat.
Logistika diozu, auto garraioa akaso? Gutxi mugitzen dituzue.
Ari gara batzuekin, kamioiz datozenak. Trenarekin dugun beste arazo bat da zaila dela Nafarroatik iristea. Galibo eta luzera arazoak ditugu. Autoak ekartzea errentagarri izateko trenbide sendoa behar dugu. Baina gauza bat esango dizut: autogileen bisitak jasotzen ari gara ea Bilbotik atera daitezkeen aztertzeko.
«Autogileen bisitak jasotzen ari gara Bilboko portutik autoak atera ditzaketen aztertzeko. Horretarako, baina, trenbide sendoagoak behar ditugu»
Zamaketariak albiste izan dira duela gutxi. Nonbait aurki lantaldea motz geldituko da, eta lanbide heziketan modulu bat sortzea aztertzen ari zarete.
Ezer baino lehen, zamaketariekin egun dugun harremana ezin hobea da. Bakea eta sei urterako lan hitzarmena sinatu genuen, bi aldeen ahalegin handi batekin. Zamaketariek soldata jaitsi zuten hiru urterako. Pozik gaude; bake soziala garrantzitsua da, bere garaian galdu genuen zamaren zati bat gatazka hura dela-eta galdu baitzen. Zein da arazoa? Zamaketarien batez besteko adina gora doala, eta lau urtean jende berria beharko da. Formula ezberdinak daude; esaterako, bere garaian behin-behinean jardun eta salaketa jarri ez zutenak deitzea. Gutxi batzuk dira.
80 ziren urte luzez behin-behinean aritu izandakoak. Horiei postu finko bat eskainiz gero, zamaketarien baldintzekin, ia guztiak etorriko lirateke.
Batzuek salaketa jarri zuten, eta kalte ordaina jaso zuten. Hori zamaketa enpresen ardura da. Arazoa da 300 direla, eta lau urtean askok erretiroa hartuko dutela. Aukerak? Asturiasen [Espainia] badago formakuntza zentroren bat. Kontua da zuk ikasketa zentro bat sor dezakezula lan hobi erreal bat baldin bada, eta eutsiko diona bada. Baina honela ezin da izan: orain berrogei behar ditut, lanbide heziketa zentro bat sortu... eta, gero, zer? Enpresa aukera ezberdinak aztertzen ari da, baina arduratsuak izan behar dugu, eta datorrenari aurrea hartu.
Navaleko dike lehorrak zuenak dira. Badago interesik?
Dikeak eta atrakaleku ertzak dira gureak. Industriako hiru edo lau egitasmok han kokatzeko interesa dute, eta, noski, ibaiertza beharko lukete. Zein da gure rola? Guk eskuduntza dugu, eta, Jaurlaritzak begi onez ikusten duen egitasmo bat badago, baietza emango diogu. Eta dike lehorrekin, antzera; enpresaren batek badu interesa, baina orubearen jabeekin ere akordioa lortu behar du.
«Jaurlaritzak esan dit aurten lizitatuko dituztela hegoaldeko tren saihesbideko lehen zatiko lanak: portutik Olabeagara doazenak. Funtsezkoa da guretzat»
69 urte beteko dituzu hurrengo astean. Zurea izendapen libreko kargu bat da, eta aurki hauteskundeak izango dira. Jarraituko al duzu karguan?
Jaurlaritzak nire izendapena edo nire kontratu etetea proposatu du, eta Espainiako administrazioak berretsi behar du. Lehendakari berri bat egongo da, eta hark erabakiko du, baina adinkeriaren aurkakoa naiz, ezin dira kolektibo jakin batzuk estigmatizatu. Gaur goizean irakurri dut Vladimir Putinek 71 urte dituela, eta berriz aurkeztu dela presidente izateko. Ni buruz ondo nago, fisikoki ere bai; egunero 07:00etan gimnasiora joaten nazi. Datorrenak nirekin jarraitu nahi badu, ni prest; eta beste hobeago bat dagoela uste badute, errespetatuko dut.
Aspalditik ari zara portuaren kudeaketaren eskuduntza eskatzen. Bi galdera: posible al da? Eta nahikoa al da kudeaketarekin?
Lehenbizi, Gernikako Estatutuak, lege organikoa denak, dioena dio: portuen eta aireportuen kudeaketaren transferentzia. Kudeaketa dena da, eta hori da garrantzitsuena. Zaila da eta arau asko aldatu behar dira, hori badakit. Borondate politikoa ere behar da. Autonomia handiagoarekin hobeto kudeatuko genuke portua. Orain menpekotasun handia dut Espainiako portuekiko: kontrolak, baimenak... Tasak eta prezioak finkatzeko askatasun handiagoa izango nuke, edo, egitasmo bat gustuko banu, ez nuke ibili beharko inor konbentzitzen Madrilen.