Eusko Jaurlaritzaren babesean sortutako Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak hurrengo hilabeteetarako bere eginbeharren programa osatu du. Horien artean ez da izango lau eguneko lan astearen bideragarritasuna eta egokitasuna aztertzea, gai horrek Confebasken betoa jaso duelako. «Ez dugu ikusten», justifikatu du Isabel Busto patronaleko presidenteak. Gaineratu duenez, enpresaburuen elkartea ez dago lau eguneko lanaldiarekin «azterketa bat edo esperimentu bat» egitearen aurka, baina uste du mahaian «gai garrantzitsuagoak eta premiazkoagoak» jorratu behar direla.
Etxeko lanen artean izango da zaintzaren aldeko itun baten osaketan parte hartzea. Itun horren oinarriak lantzen aritu dira azken hilabeteetan, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Sailaren gidaritzapean. Itun horren oinarriak dagoeneko finkatu dituzte gizarte eragileek, eta horregatik oso pozik azaldu da Nerea Melgosa sailburua. «Berebiziko garrantzia dauka», haren esanetan, gizarteak «zaintzak erdigunean» jarri dituelako eta horren inguruan «zaintzen eredu propio bat» eduki ahal izango dutelako.
«Geure herritarrak zahartzen ari dira, eta zaintzen beharra handitzen ari da. Zaintzen eredu mediterraneoa batetik gatoz, zaintzen ardura familiengan jartzen duena, eta, ondorioz, emakumeengan; hori ez da bidezkoa, ezta sozialki jasangarria ere», ziurtatu du Melgosak.
Hiru helburu
Elkarrizketa Sozialaren Mahaian erabaki dutenez, hiru helburu nagusi izango ditu zaintzen aldeko itunak: zaintza behar duten herritarrek zerbitzu hobea jasotzea, sektoreak jasaten duen genero arrakala desagerraraztea, eta sektore horretan kalitatezko enplegua sortzea.
Ituna «transbertsala» izango da, erakunde publiko asko ez ezik, erakunde pribatu asko ere ari direlako zaintza zerbitzuetan. Administrazioen ardura da «beren bizitzaren une batean zaintza behar dutenen pertsonen ongizatea bermatzea», eta haien eginbeharra da hori posible egiteko politikak zehaztea eta eragile guztien arteko koordinazioa ziurtatzea.
Zaintzaren zatirik handiena emakumeen bizkar izateak enpleguan duen eragina onartu dute itunaren oinarriek. Izan ere, horrek eragiten du «askotan» emakumeak ordaindutako lanetan ez aritzea edo biak uztartu behar izatea. «Horrek trabatu egiten du emakume askoren ibilbide profesionala, eta eragiten du haien kopuru nabarmen batek ezin garatzea bere ibilbide profesionala ardura handiagoko lanetara, edo lan bizitzan ezin parte hartu ahal izatea».
Horregatik, Zaintzaren aldeko Itunaren xedeetako bat izan behar du zaintzen lana gizonen eta emakumeen artean orekatzea. Horretarako bide bat da ordaindu gabeko zaintza lanak «ahal den bezainbat murriztea» eta «esku hartze profesionala» handitzea.
Sektoreko langile profesionalen baldintzak hobetzeko bidea negoziazio kolektiboa izan behar duela uste du Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak, «administrazio publikoen ardura alde batera utzi gabe».
Beste lanak
Hurrengo hilabeteotan enpleguari lotutako beste gai batzuk ere landuko dituzte Elkarrizketa Sozialerako Mahaiko kideek. Enplegu taldearen barruan, gazteen enpleguaren kalitatearen aldeko itun baterako oinarri komunak aztertuko dituzte. Gainera, 45 edo 50 urtetik langileen okupazio tasak handitzeko programa bat diseinatuko dute.
Lantalde berri bat ere sortuko dute, erronka demografikoak lan merkatuan duen eragina aztertzeko. Azken horri garrantzi handia eman dio Confebaskek. «Aspaldi ohartarazten ari gara Euskadiko enpresek zailtasun larriak eta gero eta handiagoak dituztela beharrezko profil profesionala duten behar besteko pertsonak aurkitzeko. Herrialdeko estrategia bat behar dugu, denok, erakundeek, enpresek, unibertsitateek eta, oro har, hezkuntza sistemak diseinatua, arazoaren ikuspegi bateratuarekin eta zeharkakoarekin, aurrean dugun erronka izugarriari aurre egin ahal izateko», esplikatu du Bustok.
Elkarrizketa sozialean parte hartzen dute Jaurlaritzak, Confebaskek eta CCOO eta UGT sindikatuek. Ez, ordea, hiru lurraldeetan ordezkaritzarik zabalena duten bi sindikatuek, ELAk (%41, 2022 amaieran) eta LABek (%19,5).