Zahartuz eta txikituz doa

Euskal Herriko biztanleria aktiboa txikitzen ari da 2011z geroztik: 82.500dik gora aktibo gutxiago daude. Gainera, gehiago dira erretiratzen direnak lan merkatuan sartzen diren gazteak baino. Gizartearen zahartzeak, langabeen itxaropenik ezak eta emigrazioak eragin dute joera hori.

Zahartuz eta txikituz doa.
Jon Fernandez.
2014ko azaroaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gero eta gutxiago eta zaharragoak dira Euskal Herrian lan egiteko adinean dauden pertsonak (15 urtetik 64ra bitartekoak). Baita biztanleria aktiboa osatzen duten herritarrak ere, Gaindegiak lan merkatuaz ateratako azken txostenaren arabera. Joera antzekoa da EBn ere. «2011z geroztik, EBn urritzen ari da lan egiteko adinean dagoen biztanleria. Euskal Herrian ugaritu egin zen 2007tik 2010era, baina harrezkero txikituz doa», Gaindegiaren arabera. 2011tik aurtengo irailera bitartean, biztanleria aktiboak 82.750 lagun galdu ditu. Gainera, eskulana zahartzen ere ari da. Hainbat faktorek eragiten dute lan merkatuaren ezaugarrien aldaketan: demografikoak, ekonomikoak eta sozialak.

Hasteko, bi kontzeptu bereizi behar dira. Batetik, lan egiteko adinean dagoen biztanleria, hau da, 15-64 urte bitarteko biztanleria osoa, lan merkatuan daudenak eta ez daudenak kontuan hartuta. Bestetik, biztanleria aktiboa dago: lanean dagoen jendeak eta langabezian egon arren modu aktiboan lan bila dabilen jendeak osatzen du —hortik kanpo daude langabezia zerrendetan ez dauden langabeak, ikasleak, etxekoandreak—. Biak ala biak ari dira zahartzen eta txikitzen, eta baten garapenak besteari eragiten dio.

«Urtea hasi zenetik, Hegoaldeak 18.700 aktibo galdu ditu», azaldu du Iñaki Zabaleta ELAko Azterketa Bulegoko kideak. Alegia, 25.200 langabe gutxiago daude, baina denak ez dira ari lanean, 6.300 okupatu gehiago baitaude bakarrik. «Bi datu horien arteko aldea da biztanleria aktiboaren aurtengo jaitsiera. Askok kanpora alde egin dute, batzuk erretiratu egin dira, eta beste batzuk gogogabetutako langabeak dira».

Euskal Herriko langabezia tasa %14,8koa da, eta azkenaldian beherakadaren bat izan duenean sindikatuek salatu izan dute ez duela egin behera horrenbeste enplegua sortu delako, biztanleria aktiboa txikitu delako baizik. Aurten 6.300 okupatu gehiago daudela esan du Zabaletak, baina horren irakurketa osoa egin beharra azpimarratu du. «Ikusi behar da zelako enplegua sortu den. Sinatutako kontratuen %36tik gora partzialak dira. Lehen enplegu bat zegoen tokian, orain bi daude. Noski, langileria okupatua ugaritu egin da, baina ez du esan nahi enplegua sortu denik, enplegua zatitu dela baizik».

Nolanahi ere, ugariak dira lan merkatuaren eta gizartearen beraren egitura aldatzen ari diren faktoreak, eta merezi du banan-banan aztertzea:

ZAHARTZEA



Gaindegiaren arabera, Euskal Herria hasia da biztanleria galtzen: hiltzen direnak jaiotzen direnak baino gehiago dira lehenengo aldiz. 2023an, Euskal Herri osoak egun baino 176.000 biztanle gutxiago izango lituzke, gaur baino %5,6 gutxiago.

Gizartearen zahartzea erakusten du horrek. Biztanleria aktiboan ere gero eta nabarmenagoa da zahartze hori. 2013an, 55 urtetik gorakoen pisua %14,3koa zen Euskal Herrian —Araban, adibidez, %16koa da—. Gaindegiaren arabera, 2004an hasi zen behera egiten lan egiteko adinean dagoen biztanleriaren ordezkatze indizea: gehiago dira adinagatik lan merkatutik ateratzen direnak—erretiratzen direnak— sartzen diren gazteak baino. Biztanleria aktiboaren gazteenen (15-19 urte) eta zaharrenen (60-64 urte) arteko saldoa negatiboa da Euskal Herrian 2008az geroztik.

Dena den, alarmismoetan ez erortzeko eskatu du Marta Luxan EHUko soziologo eta demografian doktoreak. «Biztanleriaren zahartzeaz ikuspegi oso ezkorretik hitz egiten da. Badaude fenomeno bera izendatzeko beste elementu batzuk: bizirik irautearen demokratizazioa, adibidez. Orain gehiagok dugu zahar izateko aukera handiagoa». Haren ustez, «estrabismo produktibistan» erortzeko arriskua ere badago, uste baitu ekonomia gizarte aktiboaz harago dagoela: «Ahazten gara badaudela pertsona asko ekarpen handia egiten dutenak enplegurik izan gabe: etxekoandreak, pertsonak zaintzen dituztenak, aitona-amonak... Ez daude sisteman, baina eguneroko ekonomia sostengatzen dute».

MIGRAZIOA



Dena dela, biztanleriaren zahartzea ukaezina da, eta eragina du ekonomian ere. Sara de la Rica EHUko Ekonomia katedradunaren esanetan, zahartzearen konponbide «estrukturalak» epe luzerakoak dira, eta jaiotza tasa handitzen lagundu behar da. Baina gizartearen zahartzea orekatzeko beste konponbide «partzial» bat ere badagoela gogoratu du: «Etorkin gazteak erakartzea. Sarri, gainera, guk baino ume gehiago ekartzen dituzte».

Gaur egun, biztanleria aktiboaren %24,6 Euskal Herritik kanpora jaiotakoa da. Hegoaldeak etorkin ugari jaso zituen 1960ko eta 1970eko hamarkadan industria garapenaren ondorioz, baina egun handiagoa da proportzioa Iparraldean: bertako biztanleria aktiboaren %50,7 Pirinio Atlantikoen departamendutik kanpo jaiotakoak dira, Gaindegiaren arabera. Tokiko populazioaren exodo hori Iparraldeko diseinu ekonomikoak sustatu du, eta, egungo krisiarekin, joera Hegoaldera hedatzeko arriskua egon daiteke. Krisia hasi zenetik, Euskal Herritik alde egin duten gazteen kopuruak %12,2 egin du gora: 2012an, adibidez, 22.000 gaztetik gora joan ziren. De la Ricaren ustez, garrantzitsua da horiek bueltatzeko erakargarritasuna sortzea, «gure ekonomiaren geroa direlako». Hegoaldeak migrazio saldo negatiboarekin itxi zuen 2013a: «Etorri zirenak baino 16.666 pertsona gehiago joan ziren», azaldu du Zabaletak.

Luxanen ustez, ostera, joaten direnen artean gutxiengoa dira tokiko gazteak. «Batez ere, lehen etorritakoak ari dira joaten».

GOGOGABETUTAKOAK



Biztanleria aktiboa argaltzen duen beste biztanle sektore bat sisteman esperantza galdu duten langabeena da. Logikoa da, Zabaletaren iritziz: «Hegoaldeko langabeen %55ek ez dute jasotzen inongo laguntzarik. Horrek gogogabetze handia sortzen du». Gauza bera dio Oihan Ostolaza LABeko Enplegu Politiketako idazkariak: «Jendeak ez du inolako itxaropenik berriro lan merkatura sartzeko; krisi egoera luze guztietan gertatzen da hori». Areago, ohartarazpen gordina egin du Luxanek. Haren esanetan, itzalean daudenak biztanleria aktibora pasatuko balira seguruenik langabezia tasa handituko litzateke.

GAZTEAK, KUALIFIKATUAK



Gaurko piramide demografikoari begiratuz gero, argi dago gero eta gutxiago direla gazteak eta gehiago 50 urtetik gorakoak. Lan merkatuan ere gutxiago dira sartzen diren gazteak erretiratzen direnak baino: batetik, gutxiago direlako eta, bestetik, zailtasun handiak dituztelako. EBrekin alderatuta, 24 urtetik beherako gazteen aktibitate tasa oso txikia da: euskal gazteen artean %43,3 da langabezia tasa, Gaindegiaren arabera; ia EBkoa halako bi.

Baina aldi berean Euskal Herriak Europako eskulan gazte kualifikatuenetakoa duela gogorarazi du Gaindegiak. Oro har, oso kualifikatua da biztanleria aktiboa: 26 eta 64 urte arteko bi aktibotik batek goi mailako ikasketak zituen iaz (%49), EBko batez bestekoa dezente gaindituz (%32,2). De la Ricak, halere, ez du uste biztanleria aktiboa gainkualifikatuta dagoenik. «Ez dago horrenbeste merkatu kualifikazio maila horretarako, eta kualifikazio txikiagoko lanak egitera behartuta daude asko. Behargin gehiago behar dira enpresen eskariaren araberako goi mailako lanbide heziketa dutenak. Bide horretan ondo goaz EAEn, baina gehiago sakondu behar dugu».

KONPONBIDE BILA



De la Ricaren irudikoz, «kezkagarria» da biztanleria aktiboaren gutxitzea, «besteak beste pentsio sistema kolokan jar dezakeelako eta gizarte zaharkitu batek gutxiago kontsumitzen eta berritzen duelako». Hainbat proposamen egin ditu: gazteei lan merkaturako bidea erraztea ikasten ari diren bitartean lan partzialak ahalbidetuz —«arinago emantzipatuko lirateke, eta arinago hasiko lirateke kotizatzen»—, nahi duten pentsiodunek ere lan partzialak egin ahal izatea, emakumeek amatasunagatik lan merkatua ez uzteko pizgarriak jartzea eta kanpoko gazte kualifikatuak erakartzea, besteak beste.

LABeko Ostolazak eta ELAko Zabaletak ere egin dituzte konponbiderako proposamenak, eta bat egin dute errezetan: aberastasuna eta lana banatzea. «35 orduko lan astea jarri beharko litzateke, ordu estrak debekatu, erretiro adina murriztu», dio Ostolazak. Uste du pentsio sistemari kotizazioekin ez ezik bestelako funtsekin ere eutsi behar zaiola, eta esan du sarri langileek ez dutela nahi izaten 35 orduen eztabaida atera, «soldata murriztearekin lotzen dutelako». Baina, Ostolazaren iritziz, lanaldiaren banaketak ez du zerikusirik soldata jaitsierarekin.

Gaindegiaren txostenak, era berean, belaunaldi berriak lan merkatuan integratzeko beharra nabarmendu du. «Arriskua dago giza kapital horrek ihes egiteko, belaunaldiz belaunaldi Iparraldean gertatu izan den bezala. Ezin dira lan merkatu malgu baten testuinguruan erabili eta botatzeko eskulan prekario izatera kondenatu. Ez da lortuko lehiakortasun optimorik haien ezagumena alferrik galtzen bada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.