Xingola marroia gutxiago hedatu da pinuetan, lehorragoa izan delako negua

Baskegurrek esan du eraginkorra bide dela intsinis pinuen gaitza oxido kuprosoarekin tratatzea. Gaineratu du egurraren sektorea dibertsifikatu egin behar dela

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Oraindik ezin dute emaitzarik jakinarazi, baina Baskegur elkartean gustura daude, xingola marroia oxido kruposoarekin tratatzea eraginkorra gertatzen ari dela iritzita. Joan den urtean Euskal Herriko intsinis pinuetan hedatutako gaitzaren aurkako tratamendua hasi zuten joan den astean Bizkaiko 1.240 hektareatan, eta, oraindik emaitzarik jaso ez badute ere, Oskar Azkarate Baskegurreko zuzendariak atzo esan zuen eragin positiboa izaten ari dela. «Oraindik ezin dugu zehatz hitz egin, baina badirudi fruitu ona ematen ari dela». Iazko datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako intsinis pinuen %36 gaixo zeuden, baina aurten xingola marroiaren gaixotasunak ez du joan den urtean bezalako kalterik eragin. «Hezetasun gutxiago egon da, eta, eguraldiaren eraginez, gaixotasuna ez da horrenbeste zabaldu».

Iaz pinudien herenei kalte egin zien gaitzak, eta horrek zuzenean jo zuen sektorea. Izan ere, hiru lurraldeetako egur ekoizpenaren %81 zuhaitz espezie horri dagokio.

Gehien ustiatzen den espezieari zuzenean eragiten dion gaixotasuna ikusita, baso jabe askok mozteko baimenak eskatu dituzte. Azkarateren esanetan, ordea, baimen horiek eskatu eta basoak moztu arte denbora asko behar izaten da, eta, iaztik gaur egundaino baimen eskaerak gora egin badu ere, oraindik ez daukate mozketen datu zehatzik.

Dena den, aitortu du begi bistakoa dela gehiago mozten ari dela. Horrek egurraren prezioan izan zezakeen baino eragin txikiagoa izan du, sektorean «ahalegin berezia» egin delako prezioak ez jaisteko. «Erosleek izan zezaketen tentazio hori, baina haien kalterako izango litzateke luzera begira, eta, prezioak apur bat jaitsi badira ere, eutsi egin diote oro har».

Lantzeko ildo berriak

Egurraren sektoreari zuzenean eragin dio xingola marroiaren gaitzak, baina, Baskegurreko zuzendariaren arabera, klima aldaketarekin gaitz gehiago azalduko dira Euskal Herriko basoetan. Alegia, azaldu du argi eduki behar dela egoera hori etorriko dela. Alde horretatik, gaineratu du basogintzak gaur egun egiten duen baino askoz gehiago egin dezakeela klima aldaketaren aurka borrokatzeko: «Hemen, zuhaitz espezieei buruzko eztabaidak nagusitzen dira, zein espezie den egokiagoa eremu batean eta zein ez. baina apenas hitz egiten den plastikoa ordezkatu dezakeen eta egurrarekin ekoizten den biozelulosari buruz». Edo egurrezko eraikuntzari buruz, edo biomasari buruz. «Berrerabilgarria den produktu bat da, eta petroliotik eratorritako produktuak ordezkatu daitezke».

Datozen urteetan euskal basogintza eta egurgintzak ildo horretan lan egin dezakeela zehaztu du Azkaratek, eta gogora ekarri ezen, Europa erdialdeko herrialdeetako baso dentsitatea edukita ere, ez dela egiten eremu horretan egiten den egur erabilerarik. Horregatik, esplikatu du aurrerantzean egurraren sektorea dibertsifikatzeko egingo dutela lan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.