Basogintza

Xingola marroia euskal pinuak hartzen ari da berriro ere

Oskar Azkarate Baskegurreko zuzendari nagusiak adierazi du «2023a oso urte txarra izan dela» xingola marroiaren gaixotasunari dagokionez. Gabonetan izango dituzte pinudien egoerari buruzko datu ofizialak.

Oskar Azkarate Baskegurreko zuzendari nagusia, gaur, Bilbon emandako prentsaurrekoan. ARITZ LOIOLA/FOKU
Markos Tedin-Uriburu Castro
2023ko urriaren 23a
13:53
Entzun

Xingola marroia deituriko gaixotasuna berriro ere agertu da euskal insignis pinuetan, indarrez. Nahiz eta datu ofizialik ez egon, Oskar Azkarate Baskegurreko zuzendari nagusiak zera adierazi du: «Pinudiak oso kalteturik daudelakoan gaude basozainak eta mendian lan egiten dugunok». Datuak Gabonetan izango dituztela ziurtatu du. Azkarateren ustez, «2023a oso urte txarra izan da».

Azken lau urteetan xingola marroiari dagokionez «aurreratze positiboa» ikusi dutela esan du Azkaratek, batez ere 2018tik aurrera euri gutxi egin duelako. Hala ere, 2023an egoera erabat aldatu da: bero handia izan denez eta euria sarri bota duenez, hezetasun handia izan da Euskal Herrian, eta horrek hazteko egokiera eman die onddoei.

Halere, alde on bat azpimarratu du Baskegurreko zuzendari nagusiak egoera kezkagarri honetan: xingola marroiak ez dio eragiten egurrari. Hau da, gaixotasuna duten pinuak ohi baino lehenago moztu behar dira, baina horien egurra erabil daiteke, ez baitago kutsaturik. Azkaratek azaldu duenez, xingola marroiak hostoei bakarrik eragiten die. Onddoa dela eta, hostoak erori egiten dira, zuhaitzak ezin du fotosintesia egin, eta hazteari uzten dio. Arbola horiek moztu egin behar dira, baina egurra aprobetxa daiteke.

«Aurten denetarik izan dugu», esan du Azkaratek. Klima aldaketaren ondorioz, txingorra, hainbat gaixotasun, lehorteak, uholdeak, suteak eta bestelako gaitz batzuk izan dira euskal basoetan. Pinudien kolore marroia ez da xingola marroiaren ondorio bakarrik, Baskegurreko zuzendari nagusiak gaineratu duenez. Txingorrak eta diplodiak ere —beste onddo mota bat— eragin dezakete zuhaitzek kolore hori hartzea.

Basogintzaren sektorea

2022an, basogintzaren sektoreak 1.010 miloi euroko balio erantsia eta 18.000 lanpostu sortu zituen, hau da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGaren %1,53. Azkarateren arabera, sektorea asko hasi zen pandemiaren ondoren. Hala ere, azken urtean desazkunde arin bat igarri dute basogintzan. 2024an egoera horri buelta bat ematea espero dute.

Egurraren IX. Astea

Gaur jarri da abian Euskadiko Egurraren IX. Astea. Urte honetan, basogintza sektorea iraunkorra eta ekonomikoki aktiboa dela erakustea izango da ekitaldiaren helburua. Bioekonomia, zurezko arkitektura eta klima aldaketari aurre egiteko ekintzak izango dira astearen gai nagusiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.