«Bidea markatuta dago, eta orain hari jarraitu behar diogu», Xabier Sagredo BBK-ko presidenteak horrela azaldu du etorkizunerako zer asmo duen, banku fundazioaren 10 urteko bidea laburbiltzeko egin duten dokumentalaren aurkezpenean. Nabarmendu duenez, duela hamar urte, BBK fundazio bilakatu zenean, bazirudien haren jarduna gizarte ekintzara mugatuko zela, baina, haren hitzetan, urteek erakutsi dute ez dela horrela izan, eta egun «erreferentziazko agente sozial, finantzario eta ekonomikoa» dira Euskal Herrian.
2015ean utzi zion BBK-k aurrezki kutxa izateari, eta banku fundazio bilakatu zen. Sagredoren ustez, ordea, erakundea ez da hainbeste aldatu: «Betikoak gara; jantzia aldatu besterik ez dugu egin». Kutxabank sortu zenean, BBK Fundazioak haren akzioen %57 bereganatu zituen, eta oraindik ere haien jabe izatearen garrantzia goratu du: «Errotzeaz mintzo garen honetan, Euskadiko zerbitzu enpresa handiena hemen dago oraindik ere».
inbertsioen berri, apirilean
BBK-k apirileko lehen astean emango du gaur egun sektore pribatuan dituen inbertsioen berri, espresuki antolatuko duen ekitaldi batean. Banku fundazioa indar handiz sartu da merkatuan azken hilabeteetan. Esaterako, 45 milioi euro jarri berri ditu Sidenorrek Talgoren akzioen %29,9 erosteko egin zuen 155 milioi euroko operazioan. Iaz, berriz, hainbat egin zituen. Besteak beste, CAFen %3 erosi zuen, eta orain Kutxabank eta haren akziodunak tren konpainiaren %13ren jabe dira. Iberdrolan duen pisua ere %45 handitu zuen, 18,5 milioiraino, eta Red Electrican duena, %56 (14,2 milioi). Vidralaren eta Artecheren akziodun ere bada BBK, eta oraintsu jakin da Gestampen %3 ere bereganatu duela.
Sagredo ez da inbertsioez mintzatu zuzenean, baina BBKren gaur egungo eredua goratu du: «Egonkortasun funts bat sortzea erabaki genuen. Batetik, lurraldean eragin handiko inbertsioak garatu eta haiek dibertsifikatzeko, arautzaileak eskatzen zigun bezala; eta, bestetik, inbertsio zorro sendo bat sortzeko. Gure gizarte ekintza etorkizunera begira blindatuko zuen zorro bat».

Are gehiago, enpresa izendatu ez badu ere, Talgorena bezalako operazio gehiagotan parte hartzeko prest agertu da: «Enpresak gure lurraldean errotzeko akzioak sendotasunez gidatzearen aldeko apustua egin genuen, eta asmatu egin genuen». Hain justu, iragan astelehenean aurkeztutako finantza aliantzako bederatzi kideetako bat da BBK.
Kontzertu handi bat itsasadarrean
Gizarte ekintzaz mintzatuta, zehaztu du hamar urte hauetan BBK-k ia 8.000 milioi euro jarri dituela arlo horretan, eta hura dela fundazioaren «bihotza». Urteurrena ospatzeko, fundazioak hamar ekitaldi handi antolatu ditu aurten, arlo ezberdinetakoak. Haien artean nabarmentzekoa da BBK Brain Lab nerbio sistemako gaixotasunak ikertzeko zentroa inauguratu izana. Gurutzerako ospitalean dago, eta alboko esklerosi amiotrofikoa ikertzeko lerro berezi bat due.
Horiez gain, hainbat kultur ekitaldi antolatuko ditu BBK-k. Ekainean, esaterako, Bilboko itsasadarraren inguruan kontzertu «handi bat» antolatuko du, formatu berezian. Era berean, nazioarteko «bi arte proiektu saritu ezagun» Bizkaira ekartzeko asmoa duela aurreratu du BBK-k.