Bilduk eta PSEk 2012an Gipuzkoan adostutako aberastasunen eta fortuna handien zergak bukatu du bere bidea. Markel Olano jeltzaleak gidatutako Gipuzkoako Foru Aldundiak hasieratik iragarri zuen zerga horren erreforma lehentasunetako bat zela, eta Diputatuen Kontseiluak herenegun onartu zuen aberastasun zergaren erreforma partziala. Erreformaren helburua, aldundiaren arabera, «jarduera ekonomikoa sustatzea, justizia fiskal horizontalaren arloan hobera egitea, eta lurralde historikoen arteko harmonizazio fiskalerantz pausoak ematen jarraitzea da». Xabier Olano EH Bilduren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak, aldiz, gogor kritikatu du erreforma: «Garbi-garbi, mesede egitera doaz Adegiko elitean dabiltzan 100-200 enpresariri».
Hemendik aurrera, erreforma proiektua Gipuzkoako Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatuko dute, eta ez du aurrera egiteko arazorik izango EAJ eta PSEren babesa daukalako. Aldaketa nagusia da enpresetan akzioak dituzten aberatsek —milioi bat eurotik gorako ondasunak dituztenek— ez dutela zergarik pagatuko akzio horiengatik. Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ogasun eta Finantza zuzendariaren arabera, «enpresa proiektuak bultzatzea da neurri horren helburua».
Aurreko zergarekin %75eko hobaria zuten, eta aurrerantzean %100ekoa izango dute. Erabateko hobari horrek diru bilketaren galera baino handiagoa den beste galera bat ekarriko duela uste du Olanok. «Informazio galera ekarriko du. Jada ez dute beharrik izango enpresen akzioetan duten aberastasunaren berri emateko. Horrek izugarri zailtzen du ogasunak zerga iruzurrari aurre egiteko egin dezakeen lana».
Bestelako harmonizazioa
Hain zuzen ere, iruzurra ez errazteko asmoz, Gipuzkoako aberastasunaren zerga eta Arabako eta Bizkaiko ondasunaren gaineko zergak beste era batera ere harmoniza zitezkeela uste du EH Bilduk. «Diru bilketa oso txikia izan arren, askoz hobea litzateke %99ko hobaria jartzea, baina behintzat mantentzea informazioa emateko beharra». Hiru lurraldeetan, baina, %100 da orain milioi bat eurotik gorako aberastasuna duten enpresariek akzioengatik duten hobaria. EAJk eta PSEk bultzatutako harmonizazioa «Araban eta Bizkaian enpresariek dituzten pribilegio berdinak Gipuzkoan ere martxan jartzea da», Olanoren iritziz.
«Orri zuri bat emango diete enpresen partaidetzan nahi duten guztia egin dezaten, eta hori oso arriskutsua da». Gainera, erabateko hobari horrek enpresarien arteko diskriminazioa sortzen duelakoan dago Olano, Gipuzkoako aurreko diputazioko Ogasuneko zuzendari izandakoa, «enpresari aberatsenek hobaria luketelako, eta, adibidez, CAFeko langile batek bere akzio sozialetan ez lukeelako izango».
Iaz, Gipuzkoan, 59 milioi euro bildu zituen fortuna handien zergak, 2013an baino bi milioi gehiago. Guztira, 8.035 zergadunek pagatu zuten zerga —aurreko urtean baino 222k gehiagok—, eta bakoitzak, batez beste, 7.322 euro ordaindu zituen. Diputazioaren proiektuak bilketa galerarik espero ez badu ere, Olanok kontrakoa uste du. Nolanahi ere, kritikatu du enpresariek akzioengatik ordainduko ez dituzten zergak konpentsatzeko bestelako ondasunak dituzten fortuna handiek zerga apur bat handiagoak pagatuko dituztela.
Prozeduran ere «akats larria» ikusi dio EH Bilduk erreformari. «Abenduaren 31 baino lehen onartu nahi dute 2015 osoan eragina izan dezan». Horrek ez du «zilegitasun demokratikorik»,haren ustez, EAJ eta PSE ekainean iritsi zirelako foru gobernura.
EAEko erakundeen finantzaketa. Fortuna handien zerga
Xabier Olano: «Mesede egitera doaz Adegiko eliteko 100 bat enpresariri»
Fortuna handien zerga aldaketak iruzurra errazten du, EH Bilduren ustez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu