VWen erregulazioak UGTren eta CCOOren babesa izango du

Multinazionalak argudiatu du osagaiak faltako zaizkiola eta Landabengo fabrika itxi beharko duela auto elektrikoaren ekoizpenera egokitzeko.

VW - AGERRALDIA
VWeko enpresa batzordearen agerraldia, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko otsailaren 15a
13:20
Entzun

Aurten ere ABEE aldi baterako enplegu erregulazioan izango dira Volkswagenek Iruñean duen fabrikako langileak.

Negoziazio labur batzuen ondoren, VWeko zuzendaritzak lortu du UGTk eta CCOOk oniritzia ematea erregulazioari. Bihar dira sinatzekoak. Bi sindikatu horiek argudiatu dutenez, enpresak onartu egin du haien eskaera nagusia, hala nola urteko bigarren erdian lanik gabe geratzen diren langileek formakuntza jasoko dutela 2026. urtetik aurrera auto elektriko bat nola muntatzen den ikasteko.

Aldi baterako erregulazioak Landabengo fabrikako langileen ordezkaritzaren gehiengoa izango du, 31 kideetatik hamahiru baititu UGTk eta beste zortzi CCOOk. Erregulazioaren aurka mintzatu dira ELA (bost), LAB (hiru) eta CGT (bi). Azaldu dutenez, erregulazioaren helburua ez da sor daitezkeen arazoei aurre egitea, baizik eta indarrean daudenak konpontzea.

VWek, berriz, argudiatu du aurtengo egun batzuetan ez duela lanik izango bere enplegatu guztientzat, honako arrazoi hauek direla medio: lantegia itxi beharko du lau egunez auto elektrikoaren ekoizpenera egokitzeko, hornitzaileekin arazoak izan ditzake urtearen bigarren erdian, eta Ekialde Hurbileko gatazken ondorioz beranduago iristen dira Iruñera Asiatik datozen osagai batzuk.

Zuzendaritzak esan du fabrika itxita dagoenean soilik bidaliko duela lantalde osoa erregulaziora —abuztuan—, eta beste hilabeteetan atalez atalekoak egingo dituela.

RED motako erregulazioa

Erregulazioan dauden bitartean, langileek langabezia saria jasoko dute, baina, aurreko erregulazioetan bezala, enpresak osatu egingo du sari hori, langileak bere ohiko soldata jaso dezan.

Gainera, enpresak onartu du RED motako ABEE bat eskatuko diola Espainiako Lan Ministerioari. Eredu horretako erregulazioetan kontratua etenda duten langileek ez dute langabezia saria kontsumitzen. Eraldaketa teknologikoan eta digitalean dauden sektoreei soilik ezarri dakieke, eta autogintza horietakoa dela argudiatu dute UGTk eta CCOOk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.