Autogintza. 'Dieselgate'-a. Jose Esmoris. ACICAE clusterreko presidentea

«VWen akatsa hor dago, baina kasualitate gutxi izaten dira»

Euskal autogintza «zuhurtziaz» erreparatzen ari zaio 'dieselgate'-ari; nahiz eta gasolio motorren salmenta jaits daitekeen, sektorea ez dago kezkaturik, salduriko auto kopurua ez delako jaitsiko.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRES.
xabier martin
Zornotza
2015eko urriaren 11
00:00
Entzun
Volkswagen auziak Europako autogintzaren norabidea aldatuko duen ala ez jakitea «oso zaila» dela dio Jose Esmoris ACICAE euskal autogintzaren clusterreko presidenteak, baina iragarri du «aldaketa batzuk» badatozela, eta Wolfsburgeko etxearen iruzurrak «azkartu» ditzakeela aldaketa horiek.

Volkswagenen eskandaluak autogintza osoan eragingo duela diote askok. Esan beharrik ere ez dago sektoreak nolako pisua duen euskal ekonomian. Zer diozu zuk?

VWek Europako merkatuaren portzentaje garrantzitsua dauka, eta, horren barruan, dieselak dauka handiena. Gertatutakoak gehiago edo gutxiago eragingo du arazoari ematen dioten soluzioaren arabera. Oinarrizkoa da hori. Kontsumoa eta potentzia ukitu gabeko irteera eskaintzen badute, kontsumitzailea konforme egongo da, oro har. Hala ez bada, eta kontuan hartuta bezeroa haserre dagoela, eragin gehiago izango du.

Eta gure enpresetan?

Guk saldu ditugu jadanik miran dauden auto horietako osagaiak. Aldaketa teknikoak badatoz eta pieza berriak egin behar badira, ba hobeto guretzat. Non dago alde negatiboa? Bezeroa ez balitz gustura geratuko orbana ez litzateke garbituko, eta dieselaren salmentak jaitsiko lirateke agian. Baina kasu horretan zulo hori gasolinak beteko luke eta, beraz, aldaketa ekoitzi beharreko osagaien motan etorriko litzateke, ez ekoizten den kopuru osoan.

Diesel berriak motor garbiak omen ziren. Agian horregatik, bezeroek haren aldeko apustu argia egin dute azken hamarkadan. Kolokan al dago nagusitasun hori?

Ezin da baztertu, baina ez nuke baieztatuko. Dieselak kontsumo eta potentziaren arteko ratioari begira apustu sendoa izaten jarraitzen du. Egia da NOx isuriei begira, gasolina baino gehiago aireratzen dituela, baina hura baino CO2 gutxiago sortzen du. Europak apustu oso handia egin du diesel teknologia garatzeko. Auto bakoitzaren ihes hodia planta kimiko txiki bat da kasik. Hori guztia aldatuko dela? VW auzia gaizki ixten bada agian bai.

AEBetan lehertu da hau guztia, diesela hazten ari zen merkatu ia debekatuan...

AEBetan %1 eta %3 artean baino ez dira dieselak, baina motor hori hazten ari zen merkatuan, hori horrela da. Passat modeloa merkaturatzeko unean iritsi da auzia, eta modelo hori benetako lehia izango zen auto amerikarrentzat seguruenera, Ford etxekoentzat adibidez. Nork ukatuko du VWek akats larria egin duenik? Baina segurtasuna ez dago jokoan hemen, kutsadura kontua baizik.

Ez duzu uste eskandalua AEBetan lehertzea kasualitatea izan denik? Hori esan nahi duzu?

VWen akatsa hor dago, baina mundu honetan kasualitate gutxi izaten dira.

Hala ere, ez ote dago dieselitia merkatuan?

Erabaki politiko baten ondorioz gasolioa merkeagoa da gasolina baino, eta dieselak gasolina baino gutxiago kontsumitzen du. Ekuazio horrek bultzatu du dieselak, hasierako inbertsioari buelta ematea erraza izan delako. Orain aldeak txikitu egin dira, bai kontsumoan, bai erregaien prezioan. Zerga politikak asko dauka erabakitzeko, hala ere. CO2 gutxi isurtzea saritu da orain arte, eta dieselarentzat hauspoa izan da hori, baina NOx isuriak direla eta, dieselak gehiago zergapetuko badituzte, joera aldatuko da seguruenik.

Baina erosketak kontzesionarioetan beti izan dira arrazionalak? Ez ote da inertzia apur bat izan?

Ez nuke diesela kondenatu nahiko, baina egia da askok ez dutela erosi benetako beharrak kontuan hartuta, dieselaren inertziak bultzatuta baizik. Erosketak arrazionalagoa izan beharko luke aurrerantzean, gasolina berriek ere abantaila ugari eskaintzen baitituzte. Ibilgailua zertarako erabiliko duen, zein baldintzetan eta zenbat urte izango duen hartu beharko luke kontuan erosleak. Autobidean asko ibiltzekoa bada, distantzia handiak eginez, eta auto handia behar badu, potentzia beharko du, baina kontsumoa neurrian hartuz; bada, diesela beharko du. Baina, hiri inguruan ibiltzeko behar badu, distantzia txikiagoetan, agian gasolina beharko du, are gehiago star&stop sistema edukita.

Orduan oreka aldaketa bat espero duzu salmentetan?

Aldaketa badatorrela sumatu daiteke, baita aldaketa hori oinarrian diesel eta gasolinaren artean gertatuko dela ere, nahiz eta beste propultsio moduak ez diren baztertu behar.

Litekeena da EBn NOx isuriei dagokien araudia gogortzea. Horrek are garestiagoak egingo lituzkete diesel autoak. Beste erronka bat?

Orain arte laborategian neurtutako emisioen emaitzak aintzat hartuta ezarri dira mugak, azkena Euro 6. Orain, berriz, errepidean ere egin behar badira neurketak, baldintzak aldatuko direnez, emaitzak aldatuko dira eta, ondorioz, mugak ere bai. Zenbat gogortuko dira? Hor dago gakoa, Euro 6k NOx isurientzat finkatzen duen 0,08ko kopuruari eustea izugarri jaistea bailitzateke, neurketak errepidean eginez gero; horregatik, gerta daiteke Euro 6 C araudian kopuru hori igotzea, 2017ko irailerako agian, eta %20a igota ere, gogorragoa izango litzateke. Araudia zenbat gogortzen duten, horren arabera izango da motorren egokitzapenaren kostua, eta autoaren azken prezioan islatuko dena. Erosleari mereziko dio aldea pagatzea? Norberak ikusi beharko du, baina erabaki arrazional bat tarteko.

Lobby-en lana ere oinarrizkoa da, beraz.

Dudarik gabe. Autogintzak Europan ordezkatzen du ordezkatzen duena, eta orain arte egindako inbertsio guztiak ez dira bat-batean bazterrean utziko, hori seguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.