VWek 1.024 milioi inbertituko ditu Iruñean auto elektrikora egokitzeko

Bateriak biltzeko eta muntatzeko pabiloi berri bat eraikiko du, eta urtean gehienez 400.000 ibilgailu ekoizteko ahalmenari eutsiko dio. Txibitek goraipatu du «inoizko inbertsiorik handiena» izango dela

Volkswagenen fabrika, Iruñean. VOLKSWAGEN NAVARRA.
joxerra senar
Iruñea
2023ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Hilabete askotako itxaronaldiaren ostean, azkenean Volkswagenek baieztatu du 1.024 milioi euro inbertituko dituela Iruñean 2027ra arte, fabrikako instalazioak egokitzeko eta auto elektrikoa ekoizteko. Atzo, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria Wolfsburgen (Alemania) izan zen, eta VW taldearen egoitza nagusian azpimarratu zuen «Nafarroan inoiz izandako inbertsiorik handiena» izango dela. Gaur gobernu kontseiluan foru intereseko inbertsio deklaratuko da proiektua, eta izendapen horrek administrazio prozedurak azkartuko dizkio VWi. Gobernuak espero du 5.000 enplegu ingururi eutsi ahalko diola enpresak.

Inbertsio hori, besteak beste, Landabenen pabiloi bat egiteko baliatuko da. VWek Sagunton (Valentzia, Herrialde Katalanak) bateria fabrika bat eraikiko du, eta hango bateriak bildu eta muntatuko dira pabiloi horretan. 10.800 metro koadro izango ditu, eta gainerako produkzio katearekin lotuko duen 187 metroko konexio gune bat izango du. Azken hilabeteotan, garrantzitsutzat jo dute baterien muntatzea Iruñeak hartzea, bai fabrikaren lanpostuei begira, bai eta hornidura parkeari begira ere.

Eraikin berri horrez gain, egun logistikarako erabiltzen den pabiloia txapa eta produkzio gunea handitzeko baliatuko da. Autoak margotzeko tailerra ere handitu egingo da, eta bi produkzio lerroei eutsiko zaie, bertan txertatuko baita elektrikorako lerroa. Autoak garraiatzeko trenbidea egokitu egin beharko da, eta 40 milioi euroko inbertsio hori bere gain hartuko du Nafarroako Gobernuak.

Enpresak dioenez, fabrikak urtean gehienez 400.000 auto ekoizteko ahalmenari eutsiko dio, eta asmoa da batez beste 300.000 auto egitea, betiere merkatuaren erantzunaren arabera. Iruñeko inbertsioa Martorellgo (Bartzelona, Herrialde Katalanak) eta Saguntoko proiektuei loturik dago. Bartzelonako Seaten fabrikan auto elektrikora egokitzeko 3.000 milioi euro inguru inbertituko ditu, eta Sagunton bateria fabrika egiteko, beste 3.000 milioi euro—beste hainbat bazkiderekin elkarlanean—.

Bihar hauteskundeak

Langileen batzordeko ordezkari batzuk «ustekabean» harrapatu ditu, komunikabideen bidez izan baitute horren berri, eta ez zuzendaritzaren ahotik. ELAko Igor Peñalverren ustez, «albiste ona da», baina ikusteko dago orain zuzendaritzaren proposamena baldintzatua den edo ez. Peñalverren arabera, auto produkzioaren zenbatekoa da gakoa, enpleguari eutsi ahalko zaion jakiteko.

LABeko Raul Portilloren arabera, «logikoa eta ona» da Iruñeak bere gain hartzea baterien muntatzea, Saguntoko fabrikaren atzean autogile gehiago daudelako —adibidez, Ford—, eta VWek etorkizunean erabakitzeko autonomiari eutsi nahi izan diolako. Portillo kexu da orain arte zuzendaritzak informaziorik ez duelako eman, eta ez du uste halabeharra denik albistea hauteskunde sindikalen bezperan etortzea.

Izan ere, bihar 5.000 langile inguruk langileen batzordeko 31 ordezkari hautatuko dituzte. Aspaldidanik UGT da nagusi Landabenen; egun hamabi ordezkari ditu. CCOOk zortzi kide ditu; ELAk eta LABek, hiruna; CGTk, bi, eta Confederacion de Cuadrosek, bat.

Langileen batzordea aukeratuta, auto elektrikoari lotutako industria proiektuaren nondik norakoak eta horrek lan baldintzetan izango dituen ondorioak negoziatzen hasi beharko du zuzendaritzak sindikatuetako ordezkariekin. Mahai gainean egongo den kontuetako bat izango da zer modelo elektriko ekoitziko dituen eta zenbat. Orain arte zabaldu denez, VW markako bat eta Skodako beste bat ekoitzi ditzake Iruñeko fabrikak, baina ez da baztertzen Skodako beste modelo bat ere egitea.

CCOOko Carlos Zalduendoren arabera, garrantzitsua izango da produkzio bolumena: «Guk nahi dugu autonomia izatea: Iruñea gai izatea zenbat auto elektriko ekoitziko diren zehazteko eta produkzio horri eusteko. Zenbat eta produkzio bolumen handiagoa, orduan eta enplegu sendoagoa, hemen fabrikan eta haren inguruko hornitzaileen parkean».

Mehatxuetako bat Martorellgo Seaten fabrika da. Iaz, lan itunaren negoziazioan zuzendaritzak adierazi zuen hango fabrikan 1.500 lanpostu sobera zeudela, konbustioko autoak ekoiztea baino ordubete bat gutxiago beharko lukeelako auto elektrikoak. Iruñean, aldiz, produkzio denbora antzekoa litzateke, eta teorian ez luke hainbeste eragin behar. Portillok uste du atzean beste interes batzuk egon daitezkeela. «Beldur gara fabrikaren inguruan den ehun produktiboa deslokalizatuko ote duten. Politikoki interesatzen zaie Martorell berpiztea».

Aldagai asko zehazteko

Produkzio kopuruaz gain, beste aldagai gehiago daude jokoan: noiz hasiko den auto elektrikoa ekoizten, zenbat denbora iraungo duen trantsizioak eta noiz arte uztartuko diren elektrikoaren eta konbustioko autoen ekoizpenak; epe horretan zenbat murriztuko den ohiko produkzioa, nolakoa izango den formakuntza eta langileen egokitzapena...

Mahai gainean egongo den beste gaietako bat langileriaren gaztetzea da. Aurten amaituko da Espainiako Gobernuak autogintzarentzat ezarritako errelebo kontratua. Fabrikan, egun, batez besteko adina 50 urtekoa da. Sindikatuek uste dute errelebo kontratua positiboa dela, eta Madrilek hori luzatuko ote duen jakin gabe, erretiroa aurreratzeko eta enpresa uzteko formulak negoziatu beharko direla uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.