Vulcanizados Zuloagara azkenean barealdia iritsiko dela dirudi. Zaratamoko (Bizkaia) enpresa horrek atzera botako du iazko urrian aurkeztutako erregulazio espedientea, aurretik kaleratutako hiru langile hartuko ditu berriz, eta bermatu du ez dela kaleratzerik izango 2026. urteko otsailera arte.
Horretarako akordioa otsailaren 6an iritsi zuten enpresak eta ELA sindikatuak Preco lan gatazketarako bitartekaritza zerbitzuan, eta, horrela, enpresak saihestu egin du gaur erregulazio espedienteaz egitekoa zen epaiketa.
Vulcanizados Zuloagako gatazka 2023an areagotu zen, urte eta erditik gorako greba bat amaitzeko akordioaren ostean enpresak enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea ezarri zuenean eta epaitegiek hura atzera bota zutenean. Orduan, indibidualki zortzi langile kaleratu zituen enpresak, eta ELAk Vulcanizados Zuloaga auzitara eraman zuen berriz ere.
Gero, 2024ko irailean, zortzi langile horietako seik enpresatik ateratzeko akordioei uko egin zietelako, Vulcanizados Zuloagak enpresako 35 langileak kaleratzeko erregulazio espedientea aurkeztu zuen, zeina ELAk berriz ere auzitara eraman zuen, eta orain enpresak atzera botako duen.
Erregulazio espedientea atzera botatzeaz gain, sei langile haietatik ordainsariarekin eta borondatez enpresatik ez joatea erabaki duten hiru langileak berriz ere hartuko ditu Vulcanizados Zuloagak, eta bermeak sinatu ditu ez duela inor kaleratuko 2026ko otsailera arte.