Volkswagenen inbertsioek aurrera jarraitzen dutela ziurtatu du Txibitek

Autogileak Alemanian gutxienez hiru fabrika ixteko asmoa izateak kezka eragin du, baina lehendakariari helarazi diotenez, murrizketa horiek ez dute eraginik izango Nafarroan.

Maria Txibite Nafarroako Parlamentuan, joan den astean. IÑIGO URIZ / FOKU
Maria Txibite Nafarroako Parlamentuan, joan den astean. IÑIGO URIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko azaroaren 19a
12:20
Entzun

Nafarroako Volkswagenek dio martxan jarraitzen dutela bere inbertsioek. Landabengo fabrikak auto elektrikoen produkziora egokitzeko instalazioak aldatzen dihardu eta aldaketa horietako batzuk aurreratuta daude. Gainera, Volkswagenentzat auto elektrikoak hornitzeko bateria fabrika eraikitzen ari da Imarkoaingo Hyundai Mobis (Elortzibar, Nafarroa); lehen harria apirilean jarri zuten. Autogileak, ordea, Alemanian gutxienez hiru fabrika ixteko asmoa duela jakinarazi du azken asteetan, eta inbertsio horien guztien gaineko kezka eragin du horrek.

Horregatik, PPk eskatuta, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak azalpenak eman ditu Foru Erregimeneko batzordean. Ziurtatu duenez, Nafarroako VWek esan dio planek aurrera jarraitzen dutela, eta horrek «lasaitu» egin du. «VWek gobernuari helarazi dionez, kaleratzeak, soldata murrizketak eta fabriken itxierak Alemanian soilik egingo dituzte». Dena den, aitortu du ez direla albiste onak eta «lasai baina erne» daudela.

«Volkswagenek Nafarroako Gobernuari helarazi dionez, kaleratzeak, soldata murrizketak eta fabriken itxierak Alemanian soilik egingo dituzte»

MARIA TXIBITENafarroako Gobernuko lehendakaria

Volkswagenen asmoa da ibilgailu elektrikoak ekoizten —VW markako bat eta Skoda bat— 2026ko bigarren erdialdean edo 2027ko hasieran hastea, eta aurreikuspen horrek berdin jarraitzen duela adierazi du Txibitek.

Xehetasun gehiago ere eman ditu: «Txapa lantegia handitzeko hamabi milioi euro inbertitu dituzte, eta lanak amaitzen ari dira. 52,5 milioi euroko inbertsioa izan du PXL prentsatzailearen muntaketak, eta oso aurreratua dute, eta hori bi auto elektrikoen piezak ekoizteko soilik erabiliko da». 2026an, bi auto elektriko berriez gain, konbustioko T-Cross eta Taigo modeloak egiten ere segituko du Nafarroako VWek. 

Aurreikuspen onak

Horrez gain, Txibitek esan du 2025erako produkzio aurreikuspenak duela urte erdi baino hobeak direla, eta 2026rako lehentasunezkotzat dutela bi auto elektrikoak ekoizten hastea. Horretarako, ibilgailuen txapa egiteko lantegia zabaltzeko lanak ia amaituta daude, eta prentsa berria muntatzeko lanak ere «oso aurreratuta» daude. 

Mobisek muntatutako ditu bateriak Imarkoainen; lehendakariaren arabera, eraikitzen ari diren lantegia martxan jartzeko epeak bizkortu nahi ditu enpresa horrek, eta aurrera begira handitzeko asmoak ere baditu. Printzipioz, proiektuak 214 milioi euroko kostua du, eta 350 lanpostu sortuko ditu.

Amaitzeko, gogorarazi du 2025eko aurrekontuetan 8,6 milioi euroko sail bat bideratu dutela Landabengo eta Arazuri-Orkoiengo poligonoak tren bidez lotuko dituen proiektura. Nafarroako VW aspalditik ari zen hori eskatzen, bere lantegien lehiakortasuna hobetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.