Volkswagenen ere lanera itzuliko dira erregulazioan dauden beharginak

jokin sagarzazu
2020ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun

Autogintzan ere hasi dira burua altxatzen, eta enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteetatik kanpo daude jada langile ia guztiak, Hego Euskal Herriko enpresa nagusietan behintzat. Hala gertatu zen herenegun Michelin gurpil ekoizleak Gasteizen eta Lasarte-Orian (Gipuzkoa) dituen plantetan —3.800 behargin guztira—, eta Volkswagen auto ekoizleak Iruñeko Landabenen duen lantegian hilaren 24an irtengo dira erregulazioan dauden azkenak —1.000 inguru—. Han, 4.800 langile daude, eta enpresaren asmoa da abuztuko azken astean hiru lan txandak osorik egiten hastea. Erabaki horrek eragina izango du enpresa horrentzat Nafarroan lan egiten duten hornitzaileengan: 12.000 behargin inguruk lan egiten dute lantegi horietan, eta horietako asko erregulazioan daude oraindik.

 

Behartutako itxialdiaren ostean, Landabengo produkzio plantako langileak maiatzean itzuli ziren, baina soilik goizeko txandakoak; ekainaren 3an hasi ziren bigarrenekoak. Azkenengo bost asteetan etenda egon da produkzioa, oporraldiengatik, eta herenegun itzuli ziren behargin gehienak. Sindikatuek jakinarazi dutenez, erregulazioan jarraitzen dutenak hasi dira deiak jasotzen hilaren 24an lanera bueltatu beharko dutela jakinarazteko. Alfredo Morales langileen batzordeko presidenteak azaldu duenez, lan kargari dagokionez, «garai onean» daude, eta, zuzendaritzak azaldu dienez, urte amaierako aurreikuspenak ere «ez dira txarrak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.