Volkswagenen bateria lantegiak 214 milioi euroko kostua izango du, eta 350 lanpostu sortuko ditu

Nafarroako Gobernuak foru intereseko inbertsio izendatu du, eta pauso horrekin tramiteak arinduko ditu.

Volkswagenen lantegia, Iruñeko Landaben industrialdean. JESUS DIGES / EFE
Volkswagenen lantegia, Iruñeko Landaben industrialdean. JESUS DIGES / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko martxoaren 6a
17:00
Entzun

Iazko udan zabaldutako informazioa ofizial egin du Nafarroako Gobernuak. Volkswagenen auto elektrikoetarako bateriak muntatzeko lantegia ez da Landabenen izango, Imarkoainen baizik (Elortzibar, Nafarroa). Proiektu handia da, 214 milioi euroko kostua izango baitu fabrika eraikitzeak, eta 350 lanpostu sortuko baititu. Nafarroako Gobernuak foru intereseko inbertsiotzat jo du proiektua. Erabaki horrek legezko tramiteak (baimenak, bermeak...) arintzen lagunduko du. Egitasmoa Hyundairen Mobis filialak garatuko du, VGP logistika enpresarekin batera.

Mikel Irujo Nafarroako Industria kontseilariak eman ditu proiektuaren argibideak. Azaldu du bi urte baino gehiago daramatela lanean trantsizio hori behar bezala egiteko, eta VWen eta Mobisen arteko akordioa albiste ona dela Nafarroa guztiarentzat. Era berean, iragarri du inpaktu ekonomiko oso handia izango duela: «Egitasmo honen integrazioarekin puzzle osoa egin dugu, zeinak modua egingo duen auto elektriko baten ezinbesteko ia pieza guztiak Nafarroan ekoitzi ahal izateko».

«Egitasmo honekin, auto elektriko baten ezinbesteko ia pieza guztiak Nafarroan ekoitzi ahal izango dira».

MIKEL IRUJONafarroako Industria kontseilaria

Irujok zehaztu du 214 milioi euroko inbertsioa Nafarroan autogintzaren sektorean inoiz egin diren handienetan bigarrena dela, VWek Landabengo planta berritzeko iragarritako 1.024 milioien ondoren. Lantegia Imarkoaingo Garraioaren Hirian egongo da, eta 100.000 metro koadroko orube bat erabiliko du. Epeen berri ez du eman Irujok, baina jakina da VWen nahia dela aurten hastea Landabenen auto elektrikoen ekoizpenera egokitzeko lanak egiten. Ibilgailuak ekoizten —VW markako bat eta Skoda bat— 2026ko bigarren erdian edo 2027ko hasieran hastea da asmoa.

Saguntetik Iruñera

Bateriak muntatzeko VWen apustua Mobis Hego Koreako enpresa da. Zuzendaritzak Landabeneko langileen ordezkariei baieztatu zien ez zegoela dirurik inbertsio osoa bere gain hartzeko, eta horregatik lehenetsi zuela azpikontratazioa. Mobis Hyundaren filial bat da, eta marka horren eta Kiaren osagarrien eta ordezko piezen hornitzailea da Europan. Erregai autoen bateriak egiten eskarmentu handia du, eta azken hamarkadan jauzi handia egin du elektrifikaziorantz.

Baterien zelulak Valentzian egingo ditu VWek, Sagunt hirian irekiko duen gigafaktorian. Handik Nafarroara eramango dituzte, Imarkoainen Mobisek muntatuko ditu, eta gero eramango dituzte Landabenera. Hamar kilometro eskas daude lantegi batetik bestera, eta piezak kamioietan garraiatu beharko dituzte. VWek aztertu zuen beste aukera zen Martorellen (Herrialde Katalanak) biltzea muntatze osoa, baina horrek esan nahi du osatutako bateriek 400 kilometro egin beharko lituzketela handik Iruñera.

Zenbait kalkuluren arabera, VWek 300 euro inguru ordaindu beharko dizkio Mobisi bateria muntatzen dion auto bakoitzeko. 2027tik aurrera urtean 150.000 auto ekoiztea espero da; beraz, fakturazioa 45 milioi euro ingurukoa izango da 2027tik aurrera. Egitasmoaren finantzaketari dagokienez, jakina da Espainiako Industria Ministerioak 12,7 milioi euroko diru laguntza bat emango diola Mobisi: hasieran iragarritakoa baino 2,2 milioi gehiago. Auto elektrikoekin zerikusia duten proiektuetarako ESEPE ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoen bigarren deialdiaren bidez lortuko dute diru laguntza hori.

VGP: Navaleko orubetik, bateria lantegiraino

VGP izango da Mobisi orubearekin eta lantegiaren muntaketarekin lagunduko dion bazkidea. Txekiako Errepublikako enpresa bat da, eta logistika eta erabilera industrial arineko eraikinak kudeatzen eta eraldatzen ditu. Hark egokituko du lantokia, eta epe luzeko alokairua eskainiko dio Mobisi. Imarkoaingoa, dena den, ez da VGPk Euskal Herrian garatuko duen lehen egitasmo handia, hura baita Naval Sestaoko (Bizkaia) ontziolaren historikoaren orubearen jabea. 2021eko azaroan 36 milioi euroko eskaintza bat egin zuen, eta hari saldu zion ontziolaren likidazioaren ardura hartu zuen kudeatzaileak. Hartaz geroztik, orubea egokitzen ari da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.