Volkswagenek auto trukatu guztiak deituko ditu konpontzera Europan

Alemaniak borondatezko konponbide plana atzera bota ondoren, konpainiak erabaki du 8,5 milioi autoak aztertzea 2016tik aurrera

Alemaniako tailer batean, autoaren gas isuriak neurtzen. PATRICK PLEUL / EFE.
Arnaitz Lasarte.
2015eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Volkswagenen auziak eragindako auto guztiek pasatu beharko dute tailerretik Europan. Besteak beste, Euskal Herriko milaka autok ere bai. Hasieran, konpainiak bezeroen esku utzi nahi zuen gas isuria ezkutatzeko auto trukatuak konpondu edo ez. Baina erakundeen presioaren ondorioz, VWek auto guztiak deituko ditu konpontzera. Azken datuen arabera, Europan 8,5 milioi auto izandaitezke egoera horretan daudenak. Datorren urtean hasiko dira auto horiek konpontzen, etakonpainia bera jarriko da harremanetan bezeroekin, informazioa zuzenean emateko.

Alemaniako KBA Motordun Ibilgailuen Bulego Federalak hankaz gora jarri ditu VWen hasierako planak. Auto konpainiak borondatezko konponbide plana proposatu zion erakunde horri, baina hark ez dio oniritzia eman. Alemanian gas isuriak trukatzeko softwarea daramaten auto guztiak konpontzeko eskatu dio VWi. Alexandre Dobrindt Alemaniako Garraio ministroak baieztatu zuen berria atzo: «Trukatutako autoen %100 konpondu beharko dira. KBAk bidali dio oharra VWi, eta nik babestu egiten du erabakia politikoki».

Atzetik etorri zen Austriako Gobernuaren eskaera ere. Hark ere auto trukatu guztiak aztertzeko eskatu zion VWi, erabakia bezeroen esku utzi gabe. Eskaerak bata bestearen atzetik zetozela ikusita, Alemaniako auto konpainiak lehen planak atzera bota, eta eskandaluak Europan zipriztindutako auto guztiak aztertzea erabaki du azkenean.

VWen asmoa zen bezeroen esku uztea autoak konpondu edo ez. Konpainiako kontseilari ordezkari Matthias Muellerrek joan den astean adierazi zuen beren asmoa zela 2016an hastea autoak ikuskatzen eta konpontzen: urtarrilean hasi, eta urtearen amaierarako bukatzea. Konpondu beharreko auto kopurua igo ondoren, ordea, litekeena da konpainiak epe horiek luzatu behar izatea.

Miaketak, Italian

Autoen konponketaren ingurukoinformazioa ematen ari diren bitartean, iruzurrari buruzko ikerketak martxan daude hainbat herrialdetan. Joan den astean VWen Alemaniako hainbat egoitza miatu zituen Poliziak. Atzo, berriz, konpainiak Italian duen egoitza nagusia, Veronan, edo Lamborghinirena, Bolonian —VWen filiala da—. Codacons ingurumenaren aldeko elkarteak jarritako salaketaren harira abiarazi du ikerketa Veronako Fiskaltzak. 12.000 bezerok baino gehiagok egin dute bat salaketarekin, gas isuriak ezkutatzea leporatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.