Europako autogintzaren krisiari ondo eusten ari zaio Volkswagen. Autoen eskaria apala da oraindik ere Europan, eta gatazka komertzialek zuzenean eragingo diote taldeari, baina hala ere aurreikusi du irabaziak %5 handituko dituela aurten.
Autogileak gaur aurkeztu ditu iazko emaitzak: 12.394 milioi euro irabazi zituen, 2023an baino %30,6 gutxiago. Jaitsiera nabarmena da, bai, baina irabazi handiak dira oraindik ere, eta Oliver Blume kontseilari ordezkariak iradoki du garairik okerrena pasatu dela eurentzat: «2024a erabaki garrantzitsuak hartzeko urtea izan da. Gure indar posizioa estrategikoki sendotzea erabaki genuen, eta urtea emaitza onekin amaitu genuen egoera zaila zen arren».
«Azeleragailua zapalduko dugu 2025ean. Agerian geratuko da Volkswagen taldearen indar berria»
OLIVER BLUMEVW taldeko kontseilari ordezkaria
Eman ditu datu gehiago: taldeak 324.656 milioi euro fakturatu zituen iaz, 2023an baino %0,7 gehiago, eta bederatzi milioi ibilgailu baino gehiago entregatu zituen munduan (-%2,3). 30 modelo berri merkaturatu zituen, eta aurten beste 30 ateratzeko asmoa du. «Azeleragailua zapalduko dugu 2025ean. Agerian geratuko da Volkswagen taldearen indar berria», ziurtatu du Blumek.
Azaldu du irabazien beherakada, nagusiki, kostu finkoen igoeraren ondorio izan dela, 2.600 milioi euroren ezohiko gastuak izan baitituzte, nagusiki berregituraketaren ondoriozkoak.
Lehiakortasunari nola eutsi
Volkswagenek Alemanian hiru lantegi itxiko zituela iragarri zuen urrian, baina langileek grebak hasi zituzten, eta Eguberrien atarian akordio bat egin zuten zuzendaritzak eta IG Metallek: lantegirik ez da itxiko, baina 2030 bitartean 35.000 enplegu galduko ditu kaleratzerik gabe, eta soldatak izoztuta egongo dira gutxienez bi urtez. Horren inguruan, Arno Antzlitz finantza zuzendariak esan du taldearen erronka nagusietako bat dela «35.000 lagun gutxiagorekin lehiakortasunari eta lantegien produktibitateari eustea»: «Auto gehiago egin behar ditugu langile gutxiagorekin».

Auto salmenten beherakadak ere eragin du, noski. Hego Amerikan gora egin zuen iaz, baina ez da nahiko izan Txinako galerak konpentsatzeko. Asiako erraldoiko autogileek geroz eta merkatu kuota handiagoa dute herrialdean, batez ere BYDk, eta VWek uste du 2026ra arte ezingo duela pastelaren bere zatia berreskuratu. Orduan merkaturatuko dituzte Xpeng Txinako ekoizlearekin garatzen ari diren auto elektriko berriak.
Europan, berriz, salmentak eskasak dira oraindik ere. Bezeroen eskarira egokitzeko, Volkswagenek iragarria du 20.000 eurotik beherako auto elektriko bat egingo duela, baina litekeena da modelo hori 2027ra arte eskuragai ez egotea.
Ikusi gehiago
Mezu baikorren artean, aitortu dute aurtengo urtea konplikatua izango dela, AEBek Kanadari eta Mexikori ezarritako muga zergek zuzenean eragingo baitiote VWi —lantegiak ditu herrialde horietan—, eta Europako autoei jarritako zergak ere arriskutsuak baitira, esaterako, Porsche adarrarentzat.
Albiste onak ere jaso ditu azkenaldian taldeak: CO2 emisioen helburuak betetzen ez dituzten enpresei beste hiru urte emateko araua malgutu nahi du EB Europako Batasunak, eta horrek gasolina autoak saltzen jarraitzea ahalbidetuko dio Alemaniako autogileari. Oraingoz, horiek dira merkaturatzen dituen autorik errentagarrienak.