Alemaniako Volkswageneko langileek lanuzteak hasi dituzte, aurreikusitako milaka kaleratzeen aurka protesta egiteko. Astelehen honetan bi orduz gelditu dira eta, sindikatuek adierazi dutenez, ez dute baztertzen datozen egunetan greba orduak luzatzea edo greba mugagabera deitzea. «Beharrezkoa bada, Volkswagenek sekula ikusi duen negoziazio borrokarik gogorrena izango da hau», ohartarazi du Thorsten Groeegerrek, IG Metalleko ordezkariak.
Urri amaieran Alemaniako Volkswagenen zuzendaritzak langileei jakinarazi zien herrialde horretan dituen hiru lantegi ixteko asmoa duela. Autogintzaren sektoreak bizi duen aldaketa garaia gogor jotzen ari da Alemaniako auto ekoizlea. Adituen arabera, besteak beste, hura ere nabaritzen ari da ibilgailu berrien merkatuaren geldotzea, Txinako ibilgailuen eta, bereziki, auto elektrikoen lehia, eta baterien segmentuan posizionatzeko zailtasunak. Horri gehitu behar zaio bere lan kostuak aurkarienak baino handiagoak direla.
Ikusi gehiago
Volkswagenek adierazi du enpresaren eta langileen arteko gatazkari irtenbide bat emateko «elkarrizketa eraikitzaileetan» sinesten duela oraindik ere. Enpresak langileen greba eskubidea errespetatzen duela adierazi du, eta gehitu neurriak hartu dituela lanuzteak bezeroei ahalik eta gutxien eragin diezaien.
Hiru bilera egin dituzte jada langileen ordezkariek eta VWko zuzendaritzak, baina, bien arteko aldea handia dela dio IG Metall sindikatuak. Abenduaren 9an berriro bilduko dira berriz.