Vocento taldeak errotatibako 70 langile kaleratu nahi dituela salatu dute ELAk eta CCOOk

Zamudioko Comeko Grafico Norte enpresan lan erregulazioko espedientea aurkeztu du, eta arrazoi ekonomikoak eman ditu. Langileen lepotik etekinak handitzea eta kostuak murriztea aurpegiratu diote taldeari.

Errotatiba bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Errotatiba bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
joxerra senar
2024ko urriaren 23a
13:45
Entzun

Vocento taldeak 70 langile kaleratu nahi ditu egunkariak inprimatzen dizkion Zamudioko errotatiban, Bizkaian. 129 langilek egiten dute lan Comeco Grafico Norte enpresan, eta lan erregulazioko espedienteak 70 behargini eragingo die. Taldeak ekonomia, produkzio eta antolamendu arrazoiak eman baditu ere, ELAk eta CCOOk salatu dute ez dagoela justifikatuta. 

Bi sindikatuek ohar bana argitaratu dute kaleratzeak salatzeko. ELAk gogora ekarri du hamahiru milioi eurotik gora irabazi zituela iaz Vocentok. ELAren arabera, komunikazio taldeak produkzio kostuak merkatu nahi ditu, eta produkzioa beste enpresa batzuetara aldatu nahi du. «Arrazoirik gabeko planteamendu bidegabe horren aurka egingo dugu». 

CCOOren arabera, kontuak orekatu nahi ditu enpresak, eta langileen lepotik etekin gehiago lortu nahi ditu. «Arriskuan jartzen du langileen etorkizuna, eta azken hiru hamarkadatan funtsezkoa izan den produkzio lantokiarena berarena ere». Sindikatuak uste du «traizio» egin diela eguneroko lanaren bidez enpresa garatu duten pertsona guztiei, eta konpromiso sozialik ez izatea aurpegiratu dio enpresari.

ELAk zein CCOOk dei egin diete langileei protesta egitera, kaleratze horiek geldiarazteko asmoz. Inprimategiaren jarraipena jokoan dagoela deritzote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.