Jose Manuel Villarejo komisarioaren itzala Iberdrola dorrearena baino handiagoa da. Espainiako enpresa boteretsu gehienetara iristen dira komisario ustelaren atzaparrak, eta Francisco Gonzalez BBVAko presidente ohiari, Isidro Faine Caixabankekoari eta Antonio Brufau Repsoleko buruari Iberdrolako Ignacio Sanchez Galan gehitu dakieke orain.
Ustelkeriaren aurkako fiskaltzak hura inputatzeko eskatu dio Manuel Garcia-Castello Auzitegi Nazionaleko epaileari. Ikertzaileen arabera, «zantzu ugari» daude erakutsiko luketenak Sanchez Galan komisario ohiaren sare ustelarekin tratuan aritu zela hamahiru urtez, eta, Iberdrolak Villarejori eskatutako espioitza lanen berri izateaz gain, lanok baimendu ere egin zituela. Lan horien helburua litzateke Iberdrolaren zenbait negoziotan laguntzea lehiakideen aurka eta gobernuarekiko harremanetan, edota Sanchez Galanen beraren boterea sendotzea, legez kanpoko espioitza metodoak, mehatxuak eta gisakoak erabilita.
Garai hartan komisario ohiari agindutako lanen artean ezagunena da Arcos de la Fronteran (Andaluzia, Espainia) ziklo konbinatuko planta bati buruzkoa; helburua udalaren eta ekologisten oposizioa ezabatzea omen zen, haien bizitza pribatuan arakatuz edota auzian zerikusia izan zezaketen epaileekin harremanetan jarriz. Beste lan bat Florentino Perez ACS eraikuntza enpresako eta Real Madrilgo presidenteari lotutakoa izango litzateke. Iberdrolako buru izateko urratsa egin zuen Perezek 2009an, akzioen %20 erosita, eta hori eragozteko kontratatu omen zuten Villarejo Sanchez Galanek edo haren gertukoek.
PERTSONAIA. Ignacio Sanchez Galan
Villarejo eta haren fakturak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu