'Villarejo auzian' deklaratzera deitu dute Sanchez Galan

Iberdrolako presidentea ikertu gisa joango da; eroskeria leporatzen diote, eta agiriak faltsutzea

Irune Lasa.
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Hilabeteak pasatu dira, baina, itxura guztien arabera, azkenean Villarejo auziko epailearen aurrean deklaratu beharko du Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak. Urtarrilaren 18an izango da, eta ikertu gisa deklaratuko du, hala izendatu zutelako ekainean, eroskeria, intimitatearen kontrako delituak eta merkataritza agirien faltsutzea leporatuta.

Iberdrolako buruari egozten diote enkarguak egin izana Jose Villarejo Espainiako Poliziako komisario ohiarekin lotura zuen Cenyt enpresari; hain zuzen, politikariak eta enpresariak zelatatzeko helburuarekin sortu zuen Villarejok enpresa hori.

Iberdrolako presidentearen aurretik, energia konpainiako beste bi kargudunek deklaratuko dute, urtarrilaren 17an: Francisco Martinez Corcolesek, negozioetarako zuzendari nagusiak, eta Rafael Orbegozok, presidentearen kabinete buru ohiak; haiek biek ere ikertu gisa. Haiez gain, Galanek deklaratzen duen egun berean agertuko da epailearen aurrera Fernando Becker Espainiako Iberdrolako presidente ohia. Urtarrilaren 20an, berriz, Iberdrola Renovables Energia filialaren txanda izango da.

Ikerketaren arabera, «zantzu ugari» daude erakutsiko luketenak Sanchez Galan Villarejoren sare ustelarekin tratuan aritu zela, gutxienez hamahiru urtez. Lan horien helburua litzateke Iberdrolaren zenbait negoziotan laguntzea lehiakideen aurka eta gobernuarekiko harremanetan, eta Sanchez Galanen beraren boterea sendotzea Iberdrolaren barruan, legez kanpoko espioitza metodoak, mehatxuak eta gisakoak erabilita.

Villarejoren itzala handia da Espainiako ekonomian eta politikagintzan. Guztira, 30 auzibide ditu zabalik: besteak beste, PPren legez kanpoko finantzaketa ezkutatzeko alderdi barruko espioitzarekin lotutako bat, Espainiako errege ohi Juan Carlos Borboikoaren negozioen inguruko beste bat eta BBVA bankuarekin loturiko bat. Sanchez Galanen aurretik beste enpresaburu batzuek ere deklaratu dute epaileen aurrean. Adibidez, Repsoleko presidente Antoni Brufauk, Caixabankeko presidente ohi Isidro Fainek eta Francisco Gonzalezek, BBVAko presidente ohiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.