GASTEIZ. Behin baino gehiagotan atzeratu da Joan Villadelprat ingeniari eta Epsilon auto lasterketa taldeko buruzagi ohiaren deklarazioa Hiriko auzian. Autogintzari lotutako bi proiektu handien —Epsilon eta Hiriko— porrotak lotzen ditu, eta, epaileak haren deklarazioaren beharra zalantzan jarri bazuen ere, fiskaltzak ez dio uko egin. Atzo deklaratu zuen.
Hirikoren sustatzaileek auto lasterketetako bolido bat erosi zioten Epsiloni, 525.000 euroren truke (600.000, BEZa aintzat hartuta). Eragiketa horrekin Hirikoren porrota okertu zela uste dute administratzaile konkurtsalak, fiskaltzak eta estatuko abokatuak. Ordu laurden eskas iraun zuen Villadelpraten deklarazioak atzo. 525.000 euro prezio merkea dela ziurtatu zuen. Haatik, prototipoak Hirikori egin ahal zion ekarpenean baino gehiago, ibilgailuaren balio historikoan justifikatu zuen prezio hori. «Aberatsa banintz, edozer ordainduko nuke. Le Mansen aritu den lehen auto nazionala izango da beti. Euskadin egindako bi auto dira, hemengo jendeak egindakoak, eta horrek balio historikoa du».
Hirikoren egoitzan, autoak denbora gehiena erakusleiho batean igaro zuen. Azkenaldian igo zuten tailerrera, tasazio bat egiteko. Porrotaren administratzaile konkurtsalak 60.000 euroren truke jarri nahi izan du salgai, baina ez du eroslerik aurkitu. Benetan baliagarria zen auto hori Hirikoren proiektuarentzat? «Ez zuen zerikusirik», onartu zuen Villadelpratek, baina argudiatu zuen erabilgarri izan zitekeela probak egiteko, puntako teknologiarekin egina zegoelako. Hirikoren sustatzaileen proiektu batekin —Circuito del Norte— harremanak eta kreditu gurutzatuak izan zituen Epsilonek. Atzo, ordea, ez zen galderarik izan horri buruz.
Villadelprati merke iruditu zaio milioi erdi pagatzea Epsilonen autoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu