Villadelpratek krisiari eta PSEk finantzaketa eteteari egotzi die Epsilonen porrota

Gasteizko epaitegi batek auto enpresako administratzailea epaitu du, itxieraren errudun delakoan

Iker Aranburu.
2013ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Krisiari ez ezik, Epsilonen porrotaren errua PSEri ere egotzi dio JoanVilladelprat enpresako administratzaile bakarra izandakoak. EAJren menpeko Eusko Jaurlaritzak laguntza handiak eman ondoren, sozialistak Ajuria Enera iritsi zirenean finantzaketaren iturria arrazoi politikoengatik itxi zitzaiela ziurtatu du. Krisiaren eta diru publikoaren arteko amaieraren artean, «ekaitz perfektuak» Epsilon harrapatu zutela adierazi du Villaldepratek.

Atzo hasi zen Gasteizko merkataritza ataleko lehen epaitegian Villadelpraten aurkako epaiketa. Epsilonen porrota «erruduna» ote den argitu nahi dute, hau da, Villaldepratek kudeaketa okerraren errua ote den. Tesi hori defendatu dute Epsilonen hartzekodunen konkurtsoaren administratzaileek, Estatuko Abokatuaketa Fiskaltzak, baina baita Patxi Lopezen Jaurlaritzak ere. Azken horri egotzi dio porrotaren ardura Villadelpratek, diru laguntzak emateari utzi ziolako, jeltzaleek aurretik egindako guztia «hondamena» zela uste zutelako, eta ez zutelako uste Epsilon «herrigintzako proiektu bat» zela.

Euskal Herrian punta-puntako auto lasterketa talde bat sortzea zen Epsilon Euskadiren helburua, eta Juan Jose Ibarretxeren gobernuaren laguntza handia jaso zuen. 50 milioi euroren finantzaketa lortzen lagundu zion, horretatik zati handi bat diru publikoa. Espainiako Gobernuak ere jarri zuen zati bat, EAJk aurrekontu proiektuak sustatzearen truke.

Apustuak, baina, porrot egin zuen: taldeak ez zuen 1 Formulanaritzeko baimenik lortu, eta 2011ko otsailean konkurtso legearen aurrekora jo zuen. Ia ez zuen diru sarrerarik, eta ezin zien bere hornitzaileei ordaindu; are gutxiago, Kutxari eta Vital Kutxari eskatutako maileguak itzuli.

Konkurtsoa urte horretako uztailean iritsi zen. Aurretik, apirilean, Villadelpratek enpresaren lasterketa autoaren adarra (Epic Racing) saldu zuen, fiskaltzaren arabera, «benetako balioa baino askoz prezio merkeagoan». Adar horrek zekartzan enpresaren diru sarreren %80, babesleen bidez. Operazio horrek Epsilonen egoera are gehiago okertu zuela argudiatu zuen fiskalak. Salmenta hori beste epaitegi bat ari da aztertzen, eta hemendik hilabetera deklaratzera deitu ditu Villaldeprat eta Mark Payne Epic Racingeko arduraduna. Salmenta horren ardura osoa Villadelpraten gain utzi zuen atzo Manuel Nogales Miñaoko Teknologia Parkeko zuzendari izandakoak.

Salbatzeko ahaleginak

Salmenta hori defendatu zuen Villadelpratek, langileentzat «bidezkoena» zelako. Edonola ere, adar horri eutsita ere ezin izango zietela zorrei aurre egin gaineratu zuen. Aurretik, ordea, enpresa salbatzeko ahaleginetan aritu zela gogorarazi zuen. 2010ean inbertitzaileak bilatu zituzten Txinan edota Arabiar Emirerri Batuetan, baina saioek porrot egin zuten. AEBetako inbertitzaile batek ere azken unean egin zuen atzera, «arrazoi pertsonalengatik».

Epsilonek jasotako laguntzei buruz, Villaldepratek zalantzan jarri zuen 50 milioi eskuratu izana, nahiz eta hori den bili-bolo dabilen kopurua. Argudiatu zuenez, Espainiako Gobernuari urte batean eskatutako 25 milioietatik lau milioi iritsi ziren, eta azken urtean eskatutako 15 milioien ordez 15.000 euro jaso zituzten.

Epsilonen aferak hainbat milioiren galera eragin dio Eusko Jaurlaritzari. Zuzenean emandako laguntzak ez ditu berreskuratuko, eta baliteke gehiago ere galtzea. Izan ere, Jaurlaritza da, SPRI industria sustatzeko agentziaren bidez, Miñaoko Teknologia Parkearen akziodun nagusia (%64 du, %33 Arabako Aldundiak eta %2 Gasteizko Udalak). Parkea bermatzailea izan zen Kutxak eta Vital Kutxak Epsiloni egoitza egiteko eman zion 22,5 milioi euroren maileguan. Zor hori negoziatu zuten alde guztiek iaz, eta 16,3milioi eurora jaistea hitzartu zuten. Zorra Parkearen esku dago orain, eta harena da, beraz, Epsilonen egoitza hustua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.