Venezuelako urre beltzaren negozioa, belztuta

AEBetako Gobernuak nazioarteko merkatuetan gasa eta petrolioa saltzeko baimena kendu dio Venezuelari. 1990eko hamarkadatik hona %75 jaitsi da petrolio ekoizpena.

Petroliontzi bat, Maracaibo lakuko petrolio putzu artean.
Petroliontzi bat, Maracaibo lakuko petrolio putzu artean, artxiboko irudi batean. HENRY CHIRINOS / EFE
joxerra senar
2024ko maiatzaren 3a
05:00
Entzun

Urrian, nazioarteko petrolio eta gas merkatuetan salerosi ahal izateko 44 Baimen Orokorra ezarri zion AEBetako Gobernuak Venezuelari, baina sei hilabete geroago baimen hori kentzea erabaki du. Azken hamarkadan, urre beltzaren negozioa erabat belzturik dago Venezuelan, nabarmen behera egin baitu petrolio ekoizpenak. Ikusi beharko da AEBen neurriak zenbateraino egiten dion min.

Ez da lehen aldia AEBek zigorraren bidea aukeratzen dutela: Barack Obamak eta batik bat Donald Trumpek zigor ekonomikoak ezarri zizkioten, eta Joe Bidenek ere jarrera horri eutsi zion hasieran. Ukrainako gerrak nazioarteko gas eta petrolio merkatuetan eragindako kolpearen ondorioz, komenentziaz, AEBetako Gobernua Venezuelarengana gerturatu da azken bi urteetan. 

Azenarioa eta makila

Azenarioaren eta makilaren taktika erabili du ordutik. 2022an, sari gisa, lehen baimen bat jaulki zuen Nicolas Maduroren gobernuak oposizioarekin negoziazio prozesu bati ekin ziolako Mexikon. Iaz, Dohan (Qatar), Venezuelako Gobernuak eta oposizioak bide orri bat hitzartu zuten, eta horren ondorioz ezarri zuen 44 Baimen Orokorra. Sei hilabeteotan, ahalbidetu egin dio PDVSA Venezuelako petrolio konpainiari pandemia aurreko neurrian esportatzea.

Alabaina, urtarrilean Venezuelako Auzitegi Gorenak Maria Corina Machado oposizioko buruaren inhabilitazioa berretsi zuen. Berriki oposizioko alderdiak hautagai bat izendatu badu ere, AEBen makilakada ekonomikoa etorri da oraingoan. Bidenen administrazioak Nicolas Maduro zigortu nahi izan du, eta baimena ez du berritu.

Madurok «hitza ez betetzea» egotzi dio Bideni, eta garrantzia kendu nahi izan dio. «Nazioarteko Diru Funtsak ez gaitu maite, ezta guk haiek ere. Dena den, urte honetarako Venezuelako ekonomia %4ko haztea espero du». Petrolio ekoizpenari dagokionez, adituek espero dute aurten eguneko 900.000 upel ekoiztea, eta datorren urtean milioi bat inguru; azken hamarkadako batezbestekoaren goitik ibiliko litzateke, hortaz.

Luzarora, baina, ikusteko dago zer ondorio izango dituen inbertsioetan. Izan ere, azken bi urteetako neurrien arintzeek nazioarteko hainbat konpainia erakarri dituzte: Chevron, Eni edo Repsol. AEBen lema kolpeak inbertitzaile horien jarrera kaltetu dezakeenez, Pedro Tellechea Venezuelako Petrolio ministroak eta PDVSAko buruak sendotasun irudia eman nahi izan zuen Repsoleko agintariekin batera egindako agerraldian: «Ez dut uste zigorrak eraginik izango duela. Gurekin lan egiteko interesa duten enpresek banaka negoziatu ahalko dute», ziurtatu zuen. 

Produkzioaren gainbehera

Nahiz eta Venezuelak egiaztatutako munduko petrolio erreserbarik handienak dituen, urteen poderioz galdu egin du petrolioa ustiatzeko ahalmena. 1990eko hamarkadan, batez beste egunero hiru milioi upel ekoizten zituen; aldiz, azken hamarkadako batezbestekoa erdira murriztu da, eta azken bost urteetan are gehiago (-%75). Zergatik?

Duela 35 urte inguru, petrolio industriaren politika errotik aldatu zuen orduko gobernuak, eta Petrolio irekiera deitutako aroa hasi zen. Hamarkada hartan petrolio upelaren prezioa merkea izaki, arriskua saihesteko eta inbertsioak errentagarri egiteko abantailazko baldintzak ezarri zizkien PDVSAk atzerriko multinazionalei. Hiru kontratu mota bultzatu zituen, eta, haien baldintzak aldatuz gero, konpentsatzeko klausulak ezarri ziren. Politika hark petroliogintzako talderik handienak erakarri zituen: BP, CNPC Txinako Petrolio Korporazio publikoa, Chevron, Repsol, Conoco, ENI, Exxon, Petrobras, Shell, Statoil, Total...  

Proiektu horiei guztiei esker, hamabost urteren buruan produkzioa ahalmena handitu, eta eguneko 1,1 milioi upel gehiago ekoitzi ahal izan zituen herrialdeak. Hugo Chavez boterera heltzeak ez zuen egoera aldatu, eta sinatutako kontratuak errespetatzeko konpromisoa hartu zuen.

Apurka gauzak aldatu ziren, baina. Batetik, 2001ean, hidrokarburoen legea aldatu eta atzerriko enpresei petrolio hobi bat ustiatzeagatik kobratutako royaltya %16tik %30era igo zien. Bestetik, PDVSA konpainiaren kontrola bereganatu nahi izan zuen Chavezek, eta bertako agintaritzak pultsua bota nahi izan zion gobernuari grebara deituta. Lanuztea zela eta, enpresako buruak eta 17.000 langile kaleratu zituen Chavezek. Gatazka hark bi urte iraun zuen.

Mugarria, 2004 amaiera

Ezegonkortasun eta ezagutzaren galera hark ez zuen produkzioan eragin. Mugarria 2004 amaieran kokatzen da. Hamarkada bat lehenago sinatutako kontratuetan aldaketak iragarri zituen gobernuak. Baldintzak berriak onartu ez zituzten konpainiak, berriz, nazionalizatu egin zituen —hala nola Exxon edo Conoco—. BPk, berriz, bere partaidetza saldu zuen 2010ean. Chevron, Total, Eni, Shell eta Repsol geratu egin ziren, eta nazioarteko bazkide berriak bilatu zituen Venezuelak: Txina, Errusia eta India.

Apurka, proiektuak ustiatzeko atzerriko inbertsioa jaitsiz joan zen. Chavezen gobernuak 2012rako egunean 5,8 milioi upel ekoizteko helburua jarri zuen, baina oso urrun geratu zen. Bederen ekoizpen ahalmenari eutsi zion. Aitzitik, Nicolas Maduroren agintepean, egoerak okerrera egin du. 

Zergak zein royaltyak igo zituzten, eta PDVSAk proiektuen gaineko kontrola eta erabaki ahalmena exijitu zuen. Urte luzez nazioarteko petrolio merkatuetako prezioren garestitzeak balio izan zuen ondorio ekonomikoak estaltzeko, baina 2016tik aurrera nabaritu zen gainbehera: egunean 2,6 milioi upel ekoiztetik 2018an 1,6 milioi upel ekoizten hasi zen, eta 2020an 640.000 upel. Petrolio taldeek herrialdeen baliabideak ustiatzen dituzte, eta dirua erruz irabazi ohi dute; baina gobernua ez zen behar beste jabetu haien inbertsioak behar zituela produkzioari eusteko.

303.800

Petrolio erreserbak. Venezuelak 303.000 milioi upelen erreserbak ditu lur azpian —batik bat Orinoko ibaiaren ibarrean—, Saudi Arabiak baino gehiago. Munduko erreserbarik handienak ditu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.