Valle de Odietaren Soriako etxalde erraldoiari oztopo handia jarri diote

Dueroko Hidrografia Arroak akuiferotik ura ateratzeko baimena ukatu dio Nafarroako enpresari. Esnetarako 23.500 behi jarri nahi ditu

Greenpeaceko kideen protesta Caparrosoko etxaldean. GREENPEACE.
xabier martin
2021eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Noviercasen (Soria, Espainia) munduko esne-behi haztegirik handienetakoa jarri nahi duen Nafarroako enpresak ezingo du ingurunean dagoen akuiferoko ura baliatu negoziorako. Dueroko Hidrografia Arroak ukatu egin dio baimena, Hacendera Soriako talde ekologistak BERRIA-ri jakinarazi dionez. 23.500 behiren haztegia martxan jartzeko proiektua dauka Valle de Odieta kooperatibak. Enpresa horrek berak Caparroson (Nafarroa) dagoeneko Europako etxalderik handiena dauka: 3.500 esne behitik gora dauzka han, eta, berriki, justiziak haztegi hori orain halako bi handitzeko baimena eman dio.

Bada, albiste txarrak jaso ditu orain Valle de Odietak: 23.500 behiren balizko haztegi horretan, egunero bi milioi litro ur baino gehiago beharko lituzkete —eremu horretan dagoen akuifero handia baliatzea jaso du proiektuak— eta, gaur-gaurkoz, eskuduntza duen erakundeak, CHD Dueroko Hidrografia Arroak, ezetz esan du, milaka behi horien ur beharrak asetzeko ura ez dela aterako inguruko herriek eta bestelako ustiapenek behar duten akuiferotik.

Ikusteko dago Valle de Odietak erabaki horri helegiteren bat jartzeko aukera duen ala ez. Baliteke auzia judizializatzea, baina eskuduntza duen organismoaren ukoa garbia da, Hacendera elkarteak dioenez. Hark ere eskatua dauka akuiferotik ura ateratzeko baimena. Eskaera sinbolikoa da, elkarte gisa informazioa jasotzeko modu bat alegia, eta seguru azaldu du CHDren erabakia zein den. Gaztela eta Leongo Junta prest al legoke etxaldeak behar duen ur kantitate handi hori Duero ibaitik hornitzeko? Zaila dirudi aukera horrek, baina bide bakarra dirudi gaur egun.

Bost handienen artean

AEBetan eta Txinan badira Nafarroako enpresak Sorian jarri nahi duen haztegiaren neurrikoak, baina Europan ez. Frantzian, Mila behien haztegia esaten zioten bat bazen, baina urte hasieran itxi zuten, eta ez zen 800 burura iristen. Noviercaskoa munduko bost etxalde handienen artean legoke, betiere enpresaren plana jasoa dagoen moduan egingo balute, 23.000 behi baino gehiagorekin. Nafarroakoa, berriz, 7.000 behi burura handitu dezake Valle de Odietak, eta Nafarroako Gobernuak zaintza berezia iragarri duenpresaren jardueraren gain.

Oraingoz, Noviercasko proiektua bere bidea egiten ari da Gaztela eta Leongo administrazioan. Behin betiko ingurumen baimena falta du, baina erakundeek gaur arte erakutsi duten jarrera aldekoa da, bai Gaztela eta Leongo Juntarena, bai Soriako Diputazioarena, eta baita Noviercasko Udalarena ere. Enpresa lurrak erosten hasi zen 2018tik aurrera, baina bakarrik haien balioaren %10 ordaindu die jabeei, eta gainerakoa pagatzeko ordua iritsi zaio, hiru urteren buruan ordaintzeko konpromisoa hartu baitzuen. Noviercasko zenbait bizilagunek salatu dute ordainketa horiek ez dituela egin oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.