Valentzian (Herrialde Katalanak) izandako uholdeak kalte handia eragin du Nafarroako VW etxearen hornikuntza katean, eta, ondorioz, zuzendaritzak bertan behera utzi ditu asteleheneko lan txandetako bi. Zehazki, hiru hornitzaileri eragin die, eta Landabengo zuzendaritzak, denbora irabazi nahian, astelehenera aurreratu du gaur zortzirako iragarria zuen egun bateko etena. Eten hori aldi baterako erregulazio espedientean onarturikoa zen.
Bi hornitzaile logistiko, Schneider eta SRG —Taigo modeloaren spoiler-a egiten du—, eta Peltzer intsonorizatzaileen ekoizlea dira hornitzaile kaltetuak. Azken horren kasuan lantegi osoa ur azpian dago oraindik, eta ezin izan dira barrura sartu. Buruhauste larria da Landabenen, eta Nafarroako VWko sindikatuek oraindik ezin dute ziurtatu asteartean normal lan egin ahal izango den plantan.
Hiru enpresa horiek hainbat autogintza enpresa handiren hornitzaileak dira; hala ere, Gasteizko Mercedesek, Euskal Herriko beste auto ekoizle handiak, ez du jakinarazi inolako arazorik izan duenik uholdeen eraginez. Dena den, Gasteizko planta aste honetan geldirik dago diesel ibilgailuentzat ekoizten dituen Txekiako hornitzaile batekin izandako arazoengatik.