Zegonak Euskaltelen gidaritza hartu berritan, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du aurki izango dela prest enpresa esanguratsuen kontrolak ihes egitea eragozteko funtsa. Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri du uztailerako erabilgarri izango direla 200 eta 250 milioi euro artean. Funts publikoa eta pribatua izango da, Gasteizko gobernuak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek ez ezik, pentsio osagarriak kudeatzen dituzten BGAE erakundeek eta enpresa batzuek ere jarriko dutelako dirua; haien artean, Mondragon taldeak.
2017ko urtarrilean jakinarazi zuen Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak funts bat sortu nahi zutela enpresen errotzea bermatzeko. Gamesa, Guascor eta ITPren kasuak zeuden orduan denen ahotan, banan-banan atzerriko enpresa boteretsuen esku geratu baitziren —Siemensen esku lehen biak, eta Rolls Royceren esku azkena—. Orain, ordea, Euskaltel da mintzagai nagusia, Zegona funts britainiarraren eskutik buruzagitza eta estrategia berria iritsi direlako Derioko enpresara, eta, etorkizun hurbil batean, konpainia sektoreko eragile handi baten menpe geratzeko arriskua. Izan ere, Zegonaren asmoa bere parte hartzea saltzea baita, akzioak igotzen direnean.
Eusko Legebiltzarrak joan den astean eskatu zion Jaurlaritzari «dituen baliabide guztiak erabil ditzala Euskaltelek sustraitze ahalik handiena izan dezan Euskadin». Urkulluk ez zuen argitu funtsa erabiliko ote duten telekomunikazio enpresaren akzioak erosteko. Euskaltelek gaur egun burtsan 1.400 milioi euro inguru balio duenez, 210 milioi beharko lituzke enpresaren %15 erosteko, baina ez dirudi hori denik Gasteizko gobernuaren asmoa, dozena erdi inbertsio aztertzen ari dela onartu baitio Europa Press agentziari.
Euskaltelen partaidetzak erosteko aukera aipatu zuen Tapiak BERRIAri otsailean eskainitako elkarrizketan, baina azken asteetan gogo hori apaldu zaio, eta gustura azaldu da Zegonaren asmoekin, funtseko arduradunek agindu baitiote ez dutela egoitza aldatzeko inolako asmorik.
Tapiak berak esan zuen 2017 amaierarako egongo zela prest funtsa, baina beste urte eta erdi igaro behar izango du orduko asmoa egia bilakatu dadin. Bada tarte horretan aldatu ez den asmo bat: dirua ez dute inbertituko larri dauden enpresetan. —esaterako, Navalen—, baizik eta enpresa osasuntsuen «errentagarritasuna hobetzeko, errotzea bermatzeko eta tokian tokiko ekoizpen sarearekiko lotura handitzeko», Urkulluk zehaztu zuenez.
Jaurlaritzaren aspaldiko beste asmo bat izan da zentro teknologikoen gaineko kontrola handitzea, bikoizketak gutxitzeko eta ematen dizkien laguntza publikoei etekin handiagoa ateratzeko. Horretarako tresna BRTA izango da, Basque Research & Technology Alliance partzuergoa. Urtarrilean iragarri eta atzo aurkeztu zuen Gasteizko gobernuak. Ekitaldi hori baliatu zuen Urkulluk inbertsiorako funtsari data bat jartzeko.
Ricardo Bueno Zabalo izango da BRTAko zuzendaria, eta egoitza Gipuzkoan izango du, Mendaroko Kurutz-Gain industrialdean. Partzuergoko lehendakaria, berriz, Tapia bera izango da.
Sailburuak azaldu zuenez, 2013an hasi ziren sare teknologikoa «hobeto antolatzeko» saioekin, eta 2015ean sektorea arautzeko dekretua egin zuten. Tapiak onartu zuen eztabaida asko izan dituztela sektoreko eragileekin, «batzuk oso biziak, egia esateko». Autonomiaren galera izan da kezka nagusia.
Hamasei zentro
Honako hauek izango dira partzuergoko kideak: Jaurlaritza eta haren menpeko SPRI industria agentzia, hiru foru aldundiak, lau ikerketa zentro —CIC Biogune, CIC Nanogune, CIC Biomagune eta CIC Energigune eta hamabi zentro teknologiko —Azterlan, Azti, Ceit, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Lortek, Neiker, Tecnalia, Tekniker, eta Vicomtech—.
Tapiak adierazi zuen koordinazioa dagoeneko «emaitza askoz hobeak» ekartzen ari dela. «Baina ezin gara lokartu. Hobetzen jarraitu behar dugu, ezagutu egin behar gaituzte». Izan ere, sailburuak onartu du aliantzaren helburuetako bat dela hiru lurraldeetako sare teknologikoa munduan aurkeztea, eta ikerketako korporazio handiekin lehiatzea.
Beste helburu bat da zentro teknologikoen artean sinergiak bilatzea, eraginkorrago izateko, eta «euskal industriaren erronkei elkarrekin erantzuteko».
Uztailerako izango da prest enpresen akzioak erosteko funts publiko-pribatua
Jaurlaritzak, aldundiek, BGAEk eta enpresek gehienez 250 milioi euro jarriko dituzte. Abian da BRTA, zentro teknologikoak koordinatzeko partzuergoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu