Uztailera arte luzatu dute auto elektrikoak erosteko plana Hegoaldean

EEE Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen ditu laguntzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 36 milioi euro eman ditu guztira. Nafarroako Gobernuak 17 milioi euroren laguntzak eman ditu orain arte.

autoak
Auto saltokiak Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO/FOKU
aitor biain
2023ko abenduaren 28a
12:35
Entzun

Hego Euskal Herriko administrazioek zazpi hilabetez luzatu dute auto elektrikoen erosketa laguntzeko eta bultzatzeko Moves III plana. Urtea amaitzearekin bat amaituko zen eskaerak aurkezteko epea, baina Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak erabaki dute 2024ko uztailaren 31ra luzatzea epe hori, ez baitute diru laguntzen aurrekontua agortu.

Europako Batasunaren Next Generation funtsen bidez finantzatzen da Moves plana; Espainiako Gobernuak banatzen du dirua, baina autonomia erkidegoek kudeatzen dute. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EEE Energiaren Euskal Erakundea arduratzen da horretaz, eta 10.044 eskaera jaso ditu orain arte. Horien %94,4 ebatzi dira jada, eta 36 milioi inguru euro eman ditu denera.

Nafarroan, berriz, Industria Departamentua arduratzen da planaren kudeaketaz. Eskaerak aurkezteko epea 2021eko uztailean ireki zuten han ere, eta, orduz gero, 2.603 eskaera ebatzi dira, eta 17 milioi euro eman denera.

Bereziki ibilgailu elektrikoak eta erregai-pilako autoak erostea laguntzen du Moves III planak, baina entxufa daitezkeen auto elektrikoen kargalekuak instalatzeko ere eska daitezke. Hain zuzen ere, EEEk jaso dituen eskaeren erdiak pasatxo autoak erosteko dira (5.588), eta hogei milioi euro eman ditu horretarako. Beste 4.456 eskaera autoak kargatzeko guneak jartzeko izan dira, eta hamabost milioi euro eman ditu horretarako.

Nafarroako Gobernuaren kasuan, ibilgailu elektrikoak erosteko 1.555 eskaera jaso ditu, eta zazpi milioi euro pasa eman ditu horretarako. Bateriak kargatzeko guneak jartzeko, berriz, 1.048 eskaera jaso ditu denera, eta hamar milioi euro eman ditu.

Laguntza eskatzen duen norbanako edo enpresa bakoitzak 7.000 eurorainoko laguntza jaso dezake auto zaharra txatartegira eramaten badu. Laguntza 4.500 eurorainokoa izango da ibilgailu berria hibrido entxufagarria bada.

Laguntza eskatzen duen norbanako edo enpresa bakoitzak 7.000 eurorainoko laguntza jaso dezake auto zaharra txatartegira eraman eta auto elektriko berria erosten badu. Eta 4.500 euroko laguntza jasoko dute auto hibrido entxufagarria erosten dutenek. Laguntza horiek %10 handiagoak dira 5.000 biztanletik beherako udalerrietan bizi diren herritarrentzat edo mugikortasun murriztua dutenentzat. Gehienez bederatzi hilabeteko antzinatasuna duten bigarren eskuko auto elektrikoen erosketa ere diruz laguntzen dira.

Ibilgailuak ez ezik, horiek norbere garajean kargatzeko tresnak eta instalazioaren %70-80 ere finantzatzen ditu Moves planak. Nafarroan, ogasunak %35eko zerga kenkaria egiten die auto elektrikoa erosten dutenei.

Elektrikoen kuota handitzen

Autoen matrikulazioak %12,9 egin du gora aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan Hego Euskal Herrian. Baina are gehiago handitu da auto elektriko berrien salmenta, %66,6, eta, horrek bultzaturik, haien kuota bi puntu handitu da, %6,8raino. Dieselena, ordea, lau puntu jaitsi da, %10,8raino. Dena den, gasolina motorra dutenak (%40,5) eta hibridoak (%32,1) saldu dira gehien aurten ere.

IPARRALDEAN ERE LAGUNTZAK

Frantziako Gobernuak ere laguntzen du auto elektrikoen erosketa, baina zenbait aldaketa egingo dizkio bere programari. Lehenik eta behin, 5.000 eurotik 4.000 eurora murriztu du ematen duen laguntza, nahiz eta diru sarrera apalak dituztenek 7.000 euro artekoa ere eskuratu ahal izango duten.

Baina aldaketa nagusia laguntza eskura dezaketen autoetan datza. Auto elektrikoen merkatua Txinako marken esku osorik ez uzteko —haienak dira autorik merkeenak—, Parisek autoa ekoizteko eragindako CO2 emisioak eta Frantziarako garraioa eragindakoak ere kontuan hartuko ditu. Ondorioa da Txinan ekoitzitako autorik ez dagoela onartutako 53 autoen zerrendan. Teslak eta Asiako marka batzuek Europan ekoitzitakoak, ordea, bai.

2024. urtean auto elektriko hutsek eta hidrogenoa darabiltenek soilik jasotako laguntzak —hibridoek, ez—, eta beste bi baldintza bete beharko dituzte: 47.000 euro baino merkeagoak izatea eta 2.400 kilo baino gutxiago pisatzea.

Auto elektrikoak sustatzeko beste neurri bat indarrean jarriko da urte berriarekin: hilean ehun euroren truke, auto elektriko bat erabiltzeko aukera izango dute diru sarrera apaleko herritarrek. Leasing motatako kontratuak izango dira, hau da, alokairuan eskainiko dira erosteko aukerarekin. Eta laguntza eskuratzeko gutxieneko baldintza batzuk bete beharko dira: urtean gehienez 15.400 euroren diru sarrerak izatea (39.600 euro, bikoteen kasuan), lanera joateko autoz gutxienez hamabost kilometro egin behar izatea, eta gehienez 8.000 kilometro egitea laneko joan-etorrietan. Europan egindako autoak soilik eskainiko dituzte alokairuan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.