Ekaineko hazkundearen ostean uztailean prezioek nabarmen egin dute behera Hego Euskal Herrian. Uztaileko beherakada ohikoa izaten da, merkealdiak eragindakoa izaten delako. Aurten, baina, azken urteotan baino zertxobait gehiago egin du behera, %0,8, INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera. Izan ere, aurtengo egoera erabat desberdina da, krisiak baldintzatuta dagoelako.
Arropa eta oinetakoen sektoreak bultzatu du Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) jaitsiera, eta edari alkoholdunetan eta tabakoan izan den igoerak ere ez du balantza orekatzea lortu. Hala, arropa eta oinetakoen sektorean ekainetik uztailera jaitsiera nabarmenak izan dira: %13,3 Araban, %12,3 Bizkaian, %9,5 Gipuzkoan eta %11 Nafarroan.
Hilabete batetik bestera soilik ez, iazko uztailarekin alderatuta ere jaitsi egin dira prezioak sektore horretan: Gipuzkoan gehien, %2. Gainontzeko lurraldetanbeherakada antzekoa izan da: %1,7koa Nafarroan, %1,6koa Bizkaian eta Araban.
Azken finean arropa eta oinetakoen sektorean gertatutakoa, oro har, prezioek izandako beherakadaren adibide bat besterik ez da. Krisia lehertu zenetik hasi ziren beheraka, eta uztailean hiru hilabete dira inflazioa negatiboa dela Hego Euskal Herrian.
Adituek ez dute uste deflazioan erortzeko arriskurik dagoenik. Alegia, ez dutela luzaroan iraungo duen prezioen beherakada orokortu bat ikusten. Arriskurik ez egon arren, Hegoaldean egoera guztiz ezberdina da herrialde batetik bestera. Guztien artean, Nafarroa egongo litzateke egoerarik okerrenean. Hegoaldeko gainontzeko lurraldeetan ez bezala, bost hilabete bete ditu inflazio negatiboarekin. Hain zuzen, prezioak %1,9 jaitsi dira iazko uztailetik.
Beste lurraldeetan beherakadak ez dira %1era iristen. Araban%0,8 jaitsi da inflazioa, Gipuzkoan bezalaxe; eta Bizkaian, berriz,%0,6.
Hain zuzen, petrolioaren prezioak baldintzatu du inflazioa negatiboa izatea. Iazko uztailean egon zen mailarik gorenean, eta orduantxe zegoen inflazioa ere mailarik gorenean: Brent petrolio upela 134 dolarretik gora geratu zen. Ordutik, baina, beheraka hasi zen, eta aurtengo uztailean batez beste 65,36 dolarretan zegoen upela.
Horregatik, oro har, sektore guztietan egin dute prezioek behera, baina batez ere, hari lotuta daudenetan: garraioan, esaterako, %9 jaitsi dira iazko uztailarekin alderatuta.
Goraka datozen hilabeteetan
Merkealdia izan da prezioen beherakada eragin duena uztailean, baina hura amaitu bezain pronto KPI berriz ere gora bidean hasiko dela uste dute adituek. Hala, inflazioa berriro ere positiboa izango dela espero dute udazken aldera.
Izan ere, edari alkoholdunaren eta tabakoaren eta arropa eta oinetakoen sektoreez aparte, gainontzekoetan prezioak ez dira aurreko hilabeteetan bezainbeste jaisten ari.
Euskadiko CCOOk aipatu duenez, oro har, prezioen beherakada nagusi izan den arren, sektore batzuetan prezioak igotzen ari dira. Hain zuzen, horiek jo ditu garrantzitsuenentzat: «Elikagfai landuetako elikagaietan urte arteko tasa %1,3 hazi da, ogiaren, haragiaren, arrautzen, fruituen eta lekaleen eraginez». Horrez gain, etxebizitzen alokairua, tresneria, garraio publikoa eta irakaskuntza garestitu direla azpimarratu du. «Prezioen igoeraren irudipena estatistiketan baino handiagoa da familien artean».
Gainontzeko sektoreetan izan den prezioen beherakada kontsumoaren jaitsierari egotzi dio sindikatuak: «Herritarrek erosahalmenari eusteko dituzten zailtasunak islatzen ditu».
Nafarroako UGT ere «kezkatuta» azaldu da INEk emandako datu horiekin, eta «kontsumoaren jaitsiera gogorraren zantzua» direla iritzi dio. Hori dela eta, CEOE Espainiako patronalak soldatak %1 jaisteko egindako eskaera gogor kritikatu du: «Ulertezina eta insolidarioa da patronalak negoziazio kolektiboa boikotatzen hastea horrelako ideiekin». Horregatik, «zuhurtziaz eta leialtasunez» jokatzea eskatu dio sindikatuak.
Espainian, berriz, prezioek inoizko beherakadarik handiena izan dute iazko uztailetik, eta %1,4 jaitsi dira. Horrez gain, bosgarren hilabetea da dagoeneko inflazioa zero azpitik dagoela. Espainiako Gobernuak, baina, deflazioaren arriskua urruntzeari ekin dio, eta Jose Manuel Campa Ekonomia idazkari nagusiak adierazi du, tasa hori ikusiko den «minimoa» izango dela, eta datozen hilabeteetan beherakada moteldu eta urtea positiboan amaituko duela.
Energiaren eta elikagaien prezioa kontuan hartu gabe, %0,6koa izan da inflazioaren tasa Espainian, eta, haren iritziz, horrek erakusten du «osagai egonkorrenak hazten ari dira oraindik tasa positiboetan».
Uztailean prezioak jaitsi egin dira, merkealdiaren eraginez batik bat
Hirugarren hilabetez jarraian inflazioa zero azpitik dago Hego Euskal Herrian, eta %0,9 jaitsi da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu