Herrialde guztietan igo da, eta Gipuzkoan gehien, 523 langabe gehiago baitaude. Bizkaian203 pertsonek eman dute izena INEMen, eta Nafarroan, 149k. Araba izan da salbuespen bakarra, ekainean baino 120 langabe gutxiago izan baitira.
Hemerotekari begiratuta, uztailean langabezia handitzea ohikoa dela ikus daiteke, hala gertatu baita 2001etik. Batez ere, aurreko hilabeteetan udako kontratuak gehitu eta langabeziak behera egin ondoren, hurrengo hilabetean kontratuen sorrera moteldu egiten delako igotzen da.
Ohikoa ez dena da lanik gabe geratu den kopuruak gora egitea udan kontratu gehien sortzen den sektorean. Hain zuzen ere, zerbitzuetan 588 langabe gehiago izan dira Gipuzkoan, 579 Bizkaian, eta 200 Nafarroan. Araban, aldiz, 64 gutxiago.
Maiatza eta ekaineko salbuespenez aparte, iazko uztailetik hilero igo da langabezia, eta aurtengo eta iazko datuen arteko aldea handitu da. Hegoaldean, %50,24 igo da langabeen kopurua. Araban eta Nafarroan igo da gehien, %58,37 eta %57,29, hurrenez hurren. Gipuzkoan eta Bizkaian, berriz, gutxixeago igo da, baina nabarmena da aldea, %47,14koa lehenengoan, eta %45,9koa bigarrenean. Udazkenera begira, gainera, adituek langabezia igotzea espero dute.
CCOO, «kezkatuta»
Euskadiko CCOO «kezkatuta» azaldu da uztaileko datuekin. Langabezia handitzeak erakusten du «krisia oso presente» dagoela eta hobetzeko zantzurik ez duela. INEMen datuek «euskal ekonomiaren egoera zaila» erakusten dutela adierazi du: «Udako ordezkapeneko kontratuek ere ez dute lanpostuen galera moteltzea lortu». Kontratuak iazko uztailarekin alderatuta %98 jaitsi direla jakinarazi du.
Zerbitzuetan izandako langabezia aipatu du sindikatuak, eta turista gehien dagoen garaian eta beherapenetan ere kontsumoa «geratuta» dagoen seinale dela iritzi dio. Gainera, gogorarazi du, langabezia saria kobratzeko aukerarik ez dutenak edo dagoeneko amaitu zaienak asko direla eta horiek babesteko neurriak hartzea «lehentasunezkoa» dela.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du aurten baino handiagoa izan ohi dela langabe kopurua beste urteetan. Gazteen artean hilabete batetik bestera langabezia gutxitzea ere nabarmendu du.
Hegoaldeko datuak ez ezik, Espainiako datuak ere eman ditu INEMek. Herrialde horretan, berriz, behera egin du langabeziak uztailean. Bi hilabetez behera egin ostean, hirugarrenean berdin egin da, eta ekainean baino 20.794 langabe gutxiago izan dira (-%0,58). Oraindik, ordea, 3.544.095 pertsona daude langabezian.
Espainiako Gobernuak nabarmendu du lanpostuen galera berak finantzatutako E planak moteldu duela. Hain zuzen ere, atzo jakinarazi zuten 21.401 lanpostu sortu dituela plan horrek Hego Euskal Herrian.