Bada denbora Uvesco taldea Hego Euskal Herritik Espainia inguruko lurraldeetara hedatzen hasi zela, Errioxara eta Kantabriara, batik bat. Baina beste jauzi bat egin, eta Madril dute jomugan duela pare bat urtetik. Emaitza onak ematen dizkiela dirudi, taldeko zuzendari nagusi Jose Ramon Fernandez Barrenak atzo aurreratu zuena ikusita: «Euskadin %20 inguruko merkatu kuota dugu. Madrilen, badugu tartea merkatu kuota irabazteko». Zehazki, BM eta Super Amara supermerkatuen jabeak 150 milioi euroko inbertsioa egin asmo du Madrilgo eskualdean, datozen hamar urteetan 50 lokal irekitzeko. Horietatik, bost bat martxan dituzte dagoeneko.
Duela bi urte iragarri zuen Uvescok Madrilen sartzeko asmoa, Gigante katearen hamasei denda erosiz. 10,5 milioi euro kosta zitzaion operazio hura, eta denda haiek berritu eta BM supermerkatuak jartzeaz gain, beste berri batzuk ere ireki dituzte bi urteotan. Etekina ematen dutela dirudi. Hala azaldu du, behintzat, Fernandez Barrenak, Aecoc sektoreko patronalaren Espainiako elkartearen urteroko kongresuan: 2019. urtea 770 milioi euroko fakturazioarekin ixtea aurreikusten dute. Datuak berretsiz gero, iazkoa baino %4 irabazi handiagoa litzateke hori. Badira urte batzuk Uvesco hazkunde betean dela: 2018an %5,2 hazi zen haren fakturazioa, eta %8 2017an.
Gaur egun,221 supermerkatu ditu denera Uvescok, BM markarekin —Gipuzkoan, Super Amara ere erabiltzen du—. Madrilgo autonomia erkidegoaren iparraldean jarri du begia, bereziki; han eta hiriaren erdialdean, hegoaldean baino handiagoa da per capita errenta. Hiriburuaren erdigunera ere sartu nahi dutela esan du Ferandez Barrenak, baina azaldu du ez dela erraza han lokalak lortzea.
DIA taldeak salgai jarritako supermerkatu batzuk erosiko ote zituzten, zalantza hori ere bazegoen, baina Uvescoko zuzendari nagusiak azaldu du baztertu egin dutela hori, iritzi ziotelako ez dela egokitzen taldearen estrategiara: «Badaude enpresa batzuk gaizki pasatzen ari direnak, eta inbertsioak murriztu behar dituzte. Ez dut uste luze gabe kontzentrazio operazio handirik egongo denik sektorean, baina kate erregionalek eta multinazionalek eros ditzakete salgai dauden dendak, pakete moduan». Uztailean, hori bai, Simply markako 11 supermerkatu erosi zizkioten Auchan taldeari, Bizkaian.
Badira urte batzuk, esaterako, Mercadona taldea supermerkatuak irekitzen ari dela Hego Euskal Herrian —Nafarroan lehenengo, gainerako herrialdeetan gero—. Sektoreko adituen arabera, presentzia hori indartu nahi du Herrialde Katalanetako taldeak, Uvescokoak Madrilera begira dauden honetan. «Berdin gertatu zitzaigun Nafarroan eta Kantabrian», esan zuen Fernandez Barrenak atzo: «Geure armekin lehiatu behar dugu. Adi gaude, baina ez kezkatuta».
Eroski ere, hazteko bidean
Bilbon egin zuten Espainiako Aecoc patronalaren kongresua, eta mila bat enpresaburuk hartu zuten parte. Haien artean zen Eroskiren presidente Agustin Markaide ere. Kooperatiba hori 50. urteurrena ospatzen ari da aurten, eta joan den astean supermerkatu bat ireki zuen Aretxabaletan (Gipuzkoa).
Jakinarazi dituzten azken datuen arabera, aurtengo lehen seihilekoan %1,9 igo ditu salmentak Euskal Herrian, Galizian eta Herrialde Katalanetan. 85 milioi euroko irabazia ekarri zion horrek, eta aurreko urteko emaitzak halako bost. 1.500 milioi euroko zorra zuen aurrez, baina berregituraketa akordioa egin zuen joan den martxoan, eta azkar iritsi zaizkio emaitza onak Elorrioko (Bizkaia) enpresari.
Uvescok Madrilen hazten jarraitu nahi du, merkatu kuota irabazteko
BM supermerkatuen jabeak 50 lokal ireki asmo ditu Madrilen. Badira urte batzuk hazten ari dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu