Uvesco taldeak hedatzen jarraituko du, Madrilen bereziki

Hiber katearen 31 saltokiak erosi ditu Espainiako hiriburuan. 1.072 milioi euroren salmentak egin zituen iaz, %8,8 gehiago.

UVESCO
Angel Jareño Uvescoren zuzendari nagusia eta Jose Ramon Fernandez de Barrena presidentea, Donostian eginiko agerraldian. ANDONI CANELLADA / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko otsailaren 26a
14:50
Entzun

Uvesco taldeak (BM eta Super Amara) begiz jota dauka Madril. Euskal Herritik kanpo hedatzeko estrategiaren barruan funtsezkoa bihurtu da. Horretarako, beste jauzi bat egin berri du, Hiber kateak han dituen 31 saltokiak erosita. Horiekin, 79 denda izango ditu Espainiako hiriburuan, taldearen establezimendu guztien %26. Gaur egun jada Bizkaiaren eta Gipuzkoaren ondoren denda gehien dituen lurraldea da eta, azken urteotan, han hazi da gehien. 2017an iritsi zen Madrilera, Gigante katea erosita. Hango dendetan eginiko salmentak taldearen guztizkoaren %30 inguru dira.

2022az geroztik, Uvesco Frantziako PAI Partnerts inbertsio funtsarena da, eta parte txiki bat du Euskal Herriko Artizarra funtsak. Kapital injekzio horrekin hedatze estrategia indartu egin du. Taldearen erabakiguneak Gipuzkoan jarraitzen du, Fernandez de Barrena familiaren eskuetan.

Donostian eginiko agerraldi batean, Angel Jareño zuzendari nagusiak eta Jose Ramon Fernandez de Barrena presidenteak iazko emaitzak eta taldeak aurrera begira dituen erronkak azaldu dituzte. 1.072 milioi eurotik gorako salmentak egin zituen iaz, 2022an baino %8,8 gehiago, «ezarritako helburuaren ildotik» eta «lehen aldiz 1.000 milioiren langa gaindituta». Errekorra ezarri arren, taldeko buruek aitortu dute irabazi marjinak murriztu egin direla, inflazioa eraginda eta bezeroak laguntzeko ezarri dituzte deskontu eta bestelako promozioengatik, besteak beste —irabazi garbiak zenbatekoak izan diren ez dute jakinarazi—.

Ezagutarazitako emaitzetan, halaber, ez da kontuan hartu taldearen beste erabaki garrantzitsuenetako bat: azkenengo urteetan Euskal Herrian eta kanpoan dituen plataforma logistikoak eta saltoki batzuk saldu ditu, gero horiek epe luzeko errentan hartzeko. Politika horrekin jarraitzeko asmoa du. Lopez de Barrenak azpimarratu duenez, sektorean ohikoa bihurtu da hori egitea, dirua eskuragarri edukitzeko, inbertsioak egin ahal izateko.

Hiber katearen erosketa «laster» gauzatuko da, eta taldearen barruan udaberrirako integratzea espero du Uvescok. Ez du erosketaren kostuari buruzko xehetasunik eman. Azaldu du taldeak bere gain hartuko duela egungo lantaldea, 800 langile inguru, eta 110 milioi euro ingururen salmentak espero dituela.

208

Saltokiak Hego Euskal Herrian Hego Euskal Herrian 208 denda ditu Uvesco taldeak, eta 4.257 langile. Establezimenduan %70 eta lantaldearen %69. Hamar langiletik sei emakumeak dira.

Hego Euskal Herrira begira, berriz, aurten beste lau supermerkatu irekitzea aurreikusten du. Horietako bat dagoeneko zabaldu du, Donostiako Gros auzoan. Beste bi Bizkaian irekiko ditu: Bilbon eta Mungian. Eta beste bat Nafarroan: Mutiloan. Iaz, hiru ireki zituen: Azkoitian (Gipuzkoa), Gasteizen eta Iruñean, eta frankizia bat Gipuzkoan eta beste bat Bizkaian. Horrez gain, beste lau establezimendu zabalduko ditu Madrilen, eta zortzi frankizia Madrilen, Kantabrian eta Aragoin. Horretarako, 36 milioi euroko inbertsioa egingo du guztira, iazkoaren oso antzeko kopurua.

Marka zuria eta bertakoa

Lopez de Barrenak azaldu duenez, hedatze prozesuarekin jarraitzearekin batera, Uvescok beste «erronka» batzuk jarri dizkio bere buruari. Azaldu du pandemiaz geroztik kontsumitzaileen ohiturak aldatu egin direla eta azken urtean horiek indartu egin direla, inflazio handia dela eta. Horietako bat da marka zuriko produktuak erosteko hautua. «Konturatu gara bezeroek beste leku batzuetara jotzen dutela aukera hori erosteko».

Uvescok marka zuri bat baino gehiuago erabiltzen du (Saski, Eliges, Unnia edo Sabe). Berriki BM marka jarri du martxan, horiek etiketa bakarrean biltzeko. Bere helburua da 1.200 bat produktutan erabiltzea —guztira 16.000 produktu saltzen ditu—. Horrekin batera, marka zurikoak bezeroentzako «eskuragarriago eta ikusgarriago» jarriko ditu apaletan.

Dena den, taldeak saltzen dituen guztizkoaren %17 baino ez da marka zuria, eta ez du asmorik %20tik gora izatea. Uvescoko buruek aitortu dutenez, beste kate batzuekin konparatuta, portzentaje txikia da hori, baina azaldu dute taldeak beti egin duela «marken alde» eta estrategia horrekin jarraituko duela. «Marken aldeko enpresa bat izango gara aurrerantzean ere. Markak dira sektorera berrikuntza ekartzen dutenak».

Beste helburuetako batek «bertako produktuarekin» dauka lotura, «freskoarekin bereziki». Azaldu dutenez, gaur egun Uvescok «bertako» 460 banatzailerekin egiten du lan, eta horiek 1.000tik gora ekoizle txiki ordezkatzen dituzte. Hego Euskal Herrian 130 milioitik gorako erosketak egin zizkien iaz.

Donostian eginiko agerraldian, Uvescoko presidenteak nekazarien protestak aipatu ditu, eta, «hari mutur asko dituen gaia» dela aitortu arren, funtsean «arrazoi handia» dutela esan du. Lopez de Barrenaren arabera, «oinarrizkoa da esplotazio horiek errentagarriak izatea». «Bertako ekoizleak desagertuko balira, arazo larri bat izango genuke». Gaineratu du Uvescok «beti» lagundu dituela gertuko ekoizelak, eta «ahal duen neurrian» aurrerantzean ere hala egingo duela. «Gakoa da produktuaren, prezioaren eta bezeroen nahien artean oreka bat bilatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.